INFO
Elkarrizketa
Anaitze Agirre
Kazetari eta ekintzailea

«Hemen hamar lagun hil dira. Asko da? Gutxi da? Gehiegi da»

Pasabidea batzuentzat, murrua besteentzat. Irun eta Hendaia arteko muga enegarren arriskua da migrante batzuentzat. Bi pertsona hil dira aurten.

Anaitze Agirre. (Jon URBE | FOKU)

Baliteke migrazio batzuek mugak eta indarkeria berezko dituztela iruditzea. Anaitze Agirre EHUko Kazetaritza saileko irakasleak, aldiz, ezaugarri horiek ez direla naturalak defendatzen du, arduradunak dituztela.

2022ko martxoaren 30ean aurkitu zuten Ibrahim Diailloren gorpua. Bere izena dakigu, 24 urte zituela eta itota hil zela. Pertsona baten inguruan hain gutxi dakigunean, nolakoa da horrelako heriotza batek Euskal Herrian sor dezakeen zauria?

Jendeak migrazioaren inguruan eta mugen inguruan daukan esperientzia oso txikia da eta ezagutza hori askotan diskurtso politiko eta mediatikoetatik iristen zaio. Komunikabide batzuk eskubideen alde argi lerrokatzen dira, baina beste batzuek ardura migranteengan kokatzen dute: erabaki okerrak hartu eta hil egiten dira. Diskurtso hori badago eta askotan hori bereganatuko dugu. Bizi dugun gizartea estrukturalki matxista eta arrazista da eta guk, hemen hezi garenok, begirada hori izango dugu deseraikitzen ez badugu. Beraz, zer gertatzen da pertsona bat hemen hiltzen denean? Biktimatzat joko da, ‘gaixoa’, ibaian hil da. Baina zeinen ardura da hori? Berea, erabaki txarrak hartu zituelako? Kontua da, zergatik hartu zuen erabaki hori? Zergatik etorri da etorri behar izan duen moduan? Zergatik ez ditu nik ditudan eskubideak Parisen hegazkina hartu eta bost orduan Dakarrera iristeko? Horren inguruan gehiago jakingo bagenu, ikusiko litzateke normalizatuta daukagun mugetan hiltzearen fenomeno hau ez dela batere naturala. Hori gertatzen dela norbaitek erabaki duelako beste modu batean ezin dutela migratu.

Ekainaren 18an hil zen urteko «bigarrena», Abderrman Bas. Zenbakiek balio dute errealitatea neurtu eta haren tamainaz kontzientzia hartzeko ala lausotu egiten dute migrazioaren atzean dagoena?

Bi alde dituztela uste dut. Batetik, fenomenoari neurria hartzeko datuak behar ditugu. Bestetik, datuak askotan testuinguru gabe ematen dizkigute eta ez dute ezer esaten. Adibidez, esaten digute: Kanarietara 2020an 23.000 pertsona iritsi ziren. Bai, baina ez digute esaten milioika turista joan zirela. Behin eta berriro esaten badigute 23.000 iritsi zirela, pentsatuko dugu, ‘zer jende pila!’ Horrek ez digu laguntzen neurtzen, ez baitugu zerekin konparatu.

2022ko esperientziak iradokitzen du ez dela berdin migrante afrikarra edo ukrainarra izatea. Afrikarrei harrera duina edo bide seguruak galaraztearen arrazoia zein da? Arrazakeria? Borondate falta?

Asko pozten naiz Ukrainatik alde egin behar izan duten errefuxiatuei harrera ona egin zaielako. Alde egiten duen edozeinek izan beharko lukeen sostengua izan da. Harrera egin zaie, paperak eman zaizkie, galdetu zaie non duten familia, non sareak. Eusko Jaurlaritzak partida bat atera du nonbaitetik jende hori sostengatzeko. Txalotzekoa. Baina Afrikatik datorren jende asko egoera berdintsuetatik alde eginda dator. Eta hauei aplikatzen zaizkien neurriak, ematen zaien tratua... arrazista da.

Beraien inguruan zabaltzen den diskurtsoa ere bai?

Pasa den ekainaren 24an Melillan gertatu zenari begiratzea besterik ez dago. Oraindik diskutitzen ari dira metro batzuk aurrerago edo atzerago gertatu zen. Surrealista da. Ezarrita dauden marko ustez logikoetatik atera behar dugu. Badaukagu legezko markoa, esaten diguna Atzerritartasun Legea dagoela, badugu asilo lege bat eta marko horretara egokitu behar dira datozenak. Marko horretatik atera behar dugu, bizitzez ari baikara hitz egiten. Orain Estatu frantsesean esaten ari dira jendea erregularizatzeko erraztasunak bultzatu behar direla jendea behar dutelako. Estatu espainolean ere Atzerritartasun Legea pixka bat moldatu eta hobetu zen erregularizazioa errazteko, langileak behar direlako. Baina egin dezagun pauso bat atzera eta pentsatu nondik ari garen begira migrazioari, eta bizitzei, eta pertsonei. Begirada utilitarista bat aplikatzen da alde batetik, baina bestetik, etortzea galarazten zaie. Marko arrazistara egokitu beharrean, zergatik ez dugu markoa aldatzen eta esan: pertsona hauek bizitza proiektu bat daukate, goazen gauzak erraztera.

Desertuaren eta Mediterraneoaren aldean, erraza dirudi Santiago zubia pasatzeak.

Jendeak arazoak izaten ditu bere herrialdetik atera orduko. Kanarietara iristen bazara, ondo. Hemen, muga pasatzen saiatzen dira, birritan, hirutan. Mediterraneoa pasatu baduzu, edo Sahara, edo Kanariak, hona etorri eta Irun-Hendaia ikusten duzunean erraza ematen du. Ekaitz perfektua gertatzen ari da. Irungo Harrera Sareak (IHS) dioena da hildako horiek ekiditeko bide bat izango litzatekeela igarobidean diren migranteei harrera egitea.

Mugako kontrolak gogortu egin dira 2018tik.

Hendaia eta Irun arteko muga erabat militarizatuta dago. Itxita dago, batzuentzako bakarrik. Eskubide murrizketa batzuk gertatzen ari dira eta pentsatu behar dugu eskubide batzuk ukatzen badira atzetik murrizketa gehiago etor daitezkeela. Hau horretarako laborategi bat izan daiteke. Hemen hamar lagun hil dira dagoeneko. Asko da? Gutxi da? Gehiegi da. Ekidin daitezkeen hildakoak dira eta norbaitzuek hartutako erabakien ondorioz hil dira.

IHS bezalako gizarte mugimenduak lanean ari dira. Zer da, instituzioek gutxiegi egiten duten seinale?

Harrera instituzionala egiten da, baina ez dago borondate politikorik harrera integral bat egiteko. Zeren Hilanderas [Gurutze Gorriaren aterpea dagoen auzoa] kanpoaldean dago, nola iritsiko da migrante bat hara? Geltokian badago kartel handi bat, IHSk jarri zuena, jendeak ikus dezan non dagoen Gurutze Gorria, non udaletxea... pausoak margotu ziren lurrean jendeak jarraitu zitzan. Beraz, baduzu zentro bat 100 plazarekin, baina jendeari ez diozu esaten nola iritsi, beste batzuk kanpoan uzten dituzte. Eta betikoa: muga honetan, Irunen, harrera instituzionala egiten da IHS sortu zelako, presioa egin zuelako. Hasi ziren erantzun hori ematen, baina erantzun hori oso aldrebesa da. Eskerrak gizarte zibiletik gauzak mugitzen direla, horiek egiten dute diferentzia. Txikian, bai, baina txikitik egin behar dugu. Instituzioek jendea kalean uzten dutenean IHSk hartzen ditu askotan, norbaiten etxean hartuta edo pentsio bat ordaintzen zaie. Beste kontu bat da: instituzioek dena kubritu behar dute? Ez, egin daiteke elkarlana.

Migrazioa genero ikuspegitik ikertu duzu. Zergatik Afrikatik datozen migranteen artean gizonak dira nagusi?

Dolores Juliano antropologoak esaten zuen bezala, gailentzen den ustea da emakumeak etxearen, familiaren eta ohituren zaintzan geratzen direla eta migratzen dutenak gizonezkoak direla, badutelako horretarako borondate eta indarra. Genero estereotipo horiek hor daude. Afrikatik gehiago etortzen dira gizonezkoak, baina horrek esan nahi du emakumeek ez dutela migratzen? Ez, migrazioa diferentea dela baizik. Emakumeek gehiago migratzen dute kontinente barruan; landatik hirietara eta Afrikako estatuen artean. Iparraldera doazenek muga topatzen dute, Maroko, Libia eta Turkian. Migrante askok ez dute Maroko aipatu ere egin nahi han izan duten esperientziarengatik. Emakumeen kasuan, gutxiago ailegatzen dira, kasu askotan bidaia okerragoa delako beraientzat, indarkeria arrazistarekin batera sexismoa pairatzen dutelako.

Ultraeskuinaren gorakada arriskutsua da Europaz kanpoko migranteentzako?

Ematen du momentu distopiko batean bizi garela: Italian Salvini dago, Frantzian Le Pen, hemen Vox. Arrazakeriaren kontrako borrokatik beti esan izan da: alderdi hauek lortzen dutena da alderdi demokratikoak kutsatzea eta beraien diskurtsoaren zati handi bat erostea, adibidez, migrazioaren inguruan. Alderantziz ere gertatzen direla iruditzen zait: hartzen diren neurriek naturalizatzen dute ultraeskuinaren diskurtsoa. Arriskua badago, eta txikitik egin behar diogu aurre.