INFO

«Sorpassoa» gauzatu dute Peio Etxeberria eta Rezustak Tolosan 22-12 gailenduta

Euren enpresako bikoteen arteko partidak amaituta lider ziren Peña eta Mariezkurrenak zalantza handiak utzi dituzte euren jokoan eta okerragoa izan daitekeena, atzelariari pilota bat sartu zaio eskuin eskuan eta ostiralean

Peio Etxeberria eta Rezusta garaipena ospatzen, Peña Mariezkurrena burumakur direla. (Gorka RUBIO/FOKU)

Nola aldatzen diren gauzak kamarada, kantatzen zuen bere garaian Hertzainak taldeak eta gasteiztarrak bogan dauden honetan, haren kantuak bikain ematen du gaur Tolosan aritu diren bi taldeen ibilia azaltzeko. Duela hiru aste, enpresa bereko bikoteen arteko partidak amaitu zirenean, Peña-Mariezkurrena Peio Etxeberria-Rezustaren antipodetan ziren, jokoz eta puntuz, Baikokoak jokatutako hiru partidak irabazita eta Aspekoak denak galduta zirelako. Hilabete ere ez da pasa ordutik eta sorpassoa erabat gauzatu da gaur Beotibarren, Zenotzekoa eta Bergarakoa 22-12 gailendu ostean.

Oraintxe, sailkapenez eta kantxan ematen duten itxuragatik, Aspekoak gainetik daude eta gaurko partidan oso nagusi izan dira ia hasieratik. Beotibarren bertan Laso-Imazi irabazi zietenetik, Etxeberriak eta Rezustak gora egin dute nabarmen eta gaur oso kontuan hartzeko bikote direla erakutsi dute, batez ere Bergarako atzelariak gaur izandako freskotasuna mantentzen badu eta aurrelaria, gaur bezala, gauzak buruz eta eraginkortasunez egiteko gai bada.

Gaur ideiak oso argi zituztela irten dira urdinak kantxara, aurrelariak aurrean erritmoa sartu, arerioei aurpegiz jokatzen ez utzi eta ahal zela Peña alderik alde mugitzen saiatzea, zabaletik kosta egiten baitzaio pilotak altxatzea. Boleaz sartuta, pilota ezker paretara arrimatuta ere, min handia egin die Zenotzekoak. 

10-0eko partziala

Partida orekatu xamar hasi bada ere, 4-5kotik aurrera, Aspekoek lehia erabat euren aldera irauli dute 10-0eko partzial batekin, gauzak askoz hobeto egin dituzte eta. Izan ere, Baikokoen artean ez da txapelketa hasi zeneko bikote sendo eta jotzailearen arrastorik antzeman. Partida amaieran eurek izan dira bikote bezala batere batu ez dutela onartzen lehenak eta kantxan ere, zenbait unetan elkar ondo ez ulertzearen itxura eman dute, nahiz eta arrazoi askorik gabe epaileek buelta emanda, akats horietako bat zuzendu.

Ideiak argiegi izan gabe, aurrean Peñak behar baino pilota gehiago galdu ditu eta atzean ere, Jon Mariezkurrenak ez du lehen jardunalditan ohi zuen sendotasunik agertu. Apenas dominatu ahal izan du nabarmen gora egin duen Beñat Rezusta bat eta okerragoa izan daitekeena, partidan zehar pilota bat sartu zaio eskuan eta gogoan izan behar dira iaz eskuekin izandako arazoak. Momentuz, ostiralean jokatzeko zalantza izango da Elordi-Zabaleta liderren aurka aritzeko Zornotzan.

FITXA TEKNIKOA:

Peña II.a-Mariezkurrena: 12

Peio Etxeberria-Rezusta: 22

Pilotakadak: 423. Iraupena: 50,30 minutu. Markagailua: 0-3, 2-3, 2-5, 4-5, 4-15, 8-15, 8-19, 9-19, 9-20, 10-20, 10-21, 12-21, 12-22. Sakeak: 1 Peña II.ak eta 2 Peio Etxeberriak. Egindakoak: 6 Peña II.ak, 0 Mariezkurrenak, 8 Peio Etxeberriak eta 2 Rezustak. Galdutakoak: 6 Peña II.ak, 4 Mariezkurrenak, 4 Peio Etxeberriak eta 1 Rezustak. Gorabeherak: Sarrera polita, 580 ikusle Tolosako Beotibar pilotalekuan. Lehen sakea gorri.