Ama batek Barakaldon erasotu zituen haurrek hobera egiten jarraitzen dute
Josu Erkorekak esan du ez dagoela «berritasun aipagarririk» Barakaldon seme-alabak hiltzen saiatu eta ondoren bere buruaz beste egiten saiatu zen emakumearen kasuan. Zehaztu du haurrak hobera egiten ari direla.
Josu Erkoreka lehen lehendakariorde eta Lakuako Segurtasun sailburuak baieztatu duenez, joan den igandean Barakaldon ama batek erasotu zituen haurrek hobera egiten jarraitzen dute. Hala ere, ez du zehaztu nahi izan amak haurrak sedatu ote zituen eta lepoan ebakirik duten, hedabide batek zabaldu duen bezala. Ikerketa judizialak aurrera jarraitzen du atzo emakumea kartzelan sartu ostean, hilketa saiakera leporatuta.
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Erkorekak esan du ez dagoela «berritasun aipagarririk» seme-alabak hiltzeneta ondoren bere buruaz beste egiten saiatu zen emakumearen kasuan. Astelehen gauean sartu zuten Basauriko kartzelan, epailearen aginduz.
Haren ustez, gertakari «dramatikoa eta deigarria» da, eta «zuhurra eta errespetuzkoa» izan nahi du, ordenamendu juridikoak babesten dituen adingabeei zuzenean eragiten dielako.
Gizarte zerbitzuen ikerketa abian zegoen
Ikerketa judizialak aurrera jarraitzen du emakumea kartzelan sartu ondoren. «Hemen, zorionez, gizarte zerbitzuen aurreko ikerketa bat zegoen, arreta eskatzen zuen ezohiko egoeraren bat antzeman baitzuten, baina Poliziak ez zuen esku hartu gertakaria gertatu arte», gaineratu du.
Haurrek lepoan ebakiak zituzten edo pozoituak izan ote ziren galdetuta, «espekulazioak eta iruzkin morbosoak elikatzea» saihestu du. «Ikerketa zer gertatu den argitzen joango da, eta justiziak bere lana egingo du, bere ezaugarri diren haztapenekin eta orekarekin», adierazi du, eta zehaztu du haurrak hobera egiten ari direla.