INFO

Gabonen harriak jartzen ari dira txirrindularitzako eredua aldatzeko

Gaboneko selekzioak Tropicale Amissa Bongo lasterketa korrituko du urtarrilaren 23tik 29ra, eta Abraham Olano izango da taldeko zuzendari teknikoa. Anoetakoak adierazi du Gaboneko txirrindularitzako eredua «aldatu behar» dela, herrialdean ez baitute aukerarik kiroletik bizitzeko.

Abraham Olano Gaboneko selekzioarekin Calpen (Alacanten) entrenamendu saio bat egin aurretik. (Abram OLANO)

Kiroletik bizitzeko oro har, eta txirrindularitzatik bereziki, oraindik bide luzea dago egiteko Gabonen. Afrikako herrialde horretan ez dago eredurik txirrindularitzan, eta horrek ez du jendea «bizikletan aritzera erakartzen». Hala uste du Abraham Olano (Anoeta, Gipuzkoa, 1970) txirrindulari ohiak. Olano Gaboneko selekzioko hautatzailea izan zen 2016an eta 2018an, eta aurten talde horretako zuzendari teknikoa izango da Tropicale Amissa Bongo lasterketan (Gabon), urtarrilaren 23tik 29ra. Duela hiru astetik Gaboneko txirrindulariak Calpen (Alacant) ari dira entrenatzen, eta Anoetakoa haiekin dago laguntza bat emateko. «2016an eta 2018an haiekin egon nintzen hautatzaile moduan lasterketa berdina prestatzen, eta orain kirol zuzendaria izango naiz. Alacanten haiekin batera entrenatzen ari naiz, hemengo errepideak ezagutzen ditudalako».


Lasterketa horretarako taldeak duen helburuaz galdetuta, Olanok argi du proba amaitzea dela: «Maila oso baxua dute. Ni haiekin egon nintzen lehen urtean, 2016an, denek bukatzea lortu zuten. Baina egia da aurten baino prestakuntza luzeagoa egin genuela. Helburua ez da etapa bat irabaztea, ahalik eta itxura onenean bukatzea baizik».

Selekzioko txirrindularien mailaz Olanok adierazi du taldeko guztiak «antzeko» ibiltzen direla. «Beti egoten da baten bat besteak baino gehiago ibiltzen dena, edo gehiago sufritzen dakiena, eta bihotza erretzen trebeagoa dena. Gero, beste batzuk daude talentu gehiago dutenak, baina ez dutenak ikusten bizikleta bizimodu gisara».

Horren harira, txirrindulari ohiak azaldu du bakarrik Tropicale Amissa Bongo proba prestatzeko aritzen direla bizikletan, bestela, urtean zehar ez dutela «askorik» egiten: «Herrialdean ez dituzte ia lasterketak antolatzen. Probaren bat edo beste egiten dute baten batek zerbait antolatzen badu, baina oso-oso gutxi, urtean bat edo bi, gehienez. Selekzioarekin ere antzekoa gertatzen da. Ez dira beste herrialdeetara joaten lehiatzera, mugitzeko hegazkin bat behar dutelako. Kamerunera joan izan dira gertu dutelako, baina bestela ez dira mugitzen, ez baitute baliabiderik».

Oztopoak oztopo, gonbidapena jasotzen badute, aukerak izaten dituzte herrialdetik kanpo korritzeko. Esaterako, 2016an, Marokora joan zen Gaboneko selekzioa, Afrikako Txapelketan lehiatzera. «Esan ohi diet gure herrialdeko zikloturista bat baino gutxiago ibiltzen direla: asteburuetan mugitzen dira bizikletan, baina gehiago da beraiek duten ilusioa, beraiek duten lana baino», nabarmendu du Olanok. Horiek horrela, Gaboneko txirrindularientzat bizikleta zaletasun bat da ofizio bat baino gehiago. Izan ere, Anoetakoak azaldu du hango txirrindulariek astean zehar lan egin behar izaten dutela, haien familia aurrera ateratzeko: «Asteburuetan ibiltzen dira bizikletan. Hori da haiek egunero egin nahi luketena, baina gehiago da daukaten ilusio bat, benetan egiten dutena baino».

Gabonen, gaur-gaurkoz, ez dago aukerarik txirrindularientzat profesionala izateko, eta Olanoren iritziz, herrialdeko gobernuak kirola eramateko duen modua ez da zuzenena: «Ez daude aurreratuta, Europan bezala, eta asko kostatzen ari zaigu beraien –gobernuaren– ideiak aldatzea; ez txirrindularitzan bakarrik, kirolean guztietan baizik. Europan eta beste lekuetan egiten den bezala, normalki kirolariak bakarka egiten dute lan, eta bakoitza bere enpresa edo babesle pribatuekin ibiltzen da. Gabonen, ordea, ez dute halakorik egiterik. Kiroleko Ministerioaren kargu daude txirrindulariak, eta hor gabiltza borrokan ikus dezaten beste herrialdetan nola egiten den».

Hango gobernuak trabak jartzen baditu ere, Anoetakoak uste du «hemendik gutxira» Afrikako beste herrialdetan kirola beste modu batera ikusten hasi diren moduan, Gabonen ere hala gertatuko dela. Hori noiz izango den, baina, ez daki. «Aurten hauteskundeak dituzte presidentea hautatzeko, hortaz, aldaketak egongo dira, baina ez dakit kirolean aldaketarik egongo den». Horren inguruan, Olanok azpimarratu du hango txirrindulariak horretaz bizi nahi dutela, eta orain, haiek egiten ari diren lana eredu izango dela atzetik datozenentzat: «Txirrindulariak harri txikiak jartzen ari dira, haiek ikusiko ez duten eredu baten alde borrokatzeko».

Afrikan badaude ereduak
Kontinentean eredu diren lau herrialde dira Eritrea, Maroko, Ruanda eta Etiopia, eta haietan, Olanoren ustetan, «mutikoak ikusten ari dira irteera bat badutela». Txirrindulari ohiak, baina, arazo argi bat ikusten du kontinentean: erreferentzien falta. «Ez dute inor eredu gisa, eta ez dut esaten soilik txirrindularitzan. Afrikan gertatzen da bertako kirolari bat eredugarria denean, kirolari horrek herrialdetik alde egin behar izan duela kiroletik bizitzeko».

Horren harira, adibide bat jarri du Olanok. Aubameyang Bartzelonako futbol jokalari ohiak herrialdetik atera behar izan zuen gustuko zuena lanbide bihurtzeko. Eta, hain justu, txirrindulari ohiarentzat hori «balazta bat da» mutil gazteentzat. «Ez dute ikusten kirola bizimodu bat izateko aukera moduan, eta hori haustea kosta egiten da».

UCI Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak 2025eko Munduko Txapelketa Ruandan egingo du, eta hori Afrikako txirrindularitzarentzat keinu bat ote den galdetuta, Anoetakoak adierazi du keinu bat baino gehiago, harriak jartzen ari direla: «Txirrindulariak ateratzen ari dira Afrikatik, eta errepideen aldetik ere aukerak badaude Munduko Txapelketa bat egiteko. UCIk egin duen urratsa bitxia izan daiteke, baina uste dut erakutsi nahi dutela txirrindularitza edozein tokitan egin daitekeela, eta ez Europan bakarrik».