INFO

Parisen epaituko duten Mikel Irastorzak 90 kazetariren sostengua jaso du

Ostegunean Parisen epaituko duten Mikel Irastorzak 90 kazetariren sostengua jaso du. Donostiarra jatorriz, Lapurdin bizi da Kazeta.eus eta Mediabask atariko kazetaria. Euskal Herriko bake prozesuaren inguruan kazetari lanarekin jarraitzeko aukera izatea eskatzen dute.

Mikel Irastorza, 2016ko abuztuaren 8an, lagunak agurtzen Baionako tren geltokian. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Ostegunean Pariseko Auzitegi Korrekzionalean epaituko dite Mikel Irastorzak 90 kazetarien sostengua jaso du adierazpen baten bitartez.

«Kazetaritza lanbideko profesional gisa, Parisen urtarrilaren 5ean epaitua izanen den Mikel Irastorza Artola Mediabaskeko kazetariari elkartasuna adierazten diot. Gisa berean, gizartea informatzen jarraitu dezan, eta Euskal Herriko bake prozesuaren testuinguruan, galdegiten dut gure artean izan dadila bere kazetaritza lana betetzen», nabarmentzen du kazetariek sinatu duten adierazpenak.

Mikel Irastorza heldu den urtarrilaren 5ean auzipetuko dute Parisen, «gaizkile taldeko kide» izatea leporatuta. Jatorriz donostiarra da baina Lapurdin bizi da. 2016ko azaroaren 5ean atxilotu zuen Polizia frantsesak Azkainen, Xabier Arin eta Denise Elizagoyenekin batera. Fleury-Merogis espetxean preso izan zuten ere Irastorza, Arin eta Elizagoyen kontrol judizialpean aske utzi zituztelarik. Kontrol judizialpean eman ditu azken bost urteak, besteak beste, Estatu frantseseko lurraldetik atera ezinik. Eskumutur elektronikoa ere jarri zioten kontrol neurrien artean. Lau urte baino gehiago daramatza Mediabask taldean lanean, zehazki Kazeta.eus atariko kazetari gisa.