Euskaraz sekula argitaratu ez diren Jon Miranderen testuak eman dira ezagutzera
Deabruaren Eskola kolektiboak bi urte eman ditu lanean Jon Mirandek jatorriz bretoieraz idatzi zituen testuak errekuperatzen, horiek gero aurrenekoz euskarara ekartzeko. Hamabi testu bildu dira; gutunak, artikuluak eta poemak, eta figura ezezagunari, maiz ez ulertuari, argitasuna ematera datoz.
Bazeuden erreferentziak Jon Mirandek (1925-1972) bretoieraz idatzi zuela, aipamenak existitzen baitira hainbat testu eta artikuluetan; ordea, halako batean Mikel Soto ohartu zen sekula ez zuela halakorik irakurri. Mirandezale amorratua, arrak barrenak janda ekin zion ikerketa prozesuari. Bi urte luze igaro dira, eta lanak eman ditu fruituak.
Deabruaren Eskola kolektiboak Miranderen hamabi testu ekarri ditu euskarara, aurrenekoz, lehenago inoiz gure hizkuntzan argitaratu ez direnak, zehazki. Artikuluak, poemak eta gutunak dira eta, denak, idazlearen figura osatzera datoz, figura ilunari edo ezezagunari argia ematera, haren izena eta izana osatzera.
Mende erdia bete da Miranderen gorpua aurkitu zutela, eta urteurrenean eman nahi izan dituzte proiektuaren xehetasunak, asteazken honetan, Donostian.
Irati Jimenez idazleak abiapuntuan Gabriel Aresti aipatu nahi izan du, Mirande bezala gazte hildakoa, orain gutxi hark idatzitako lehen bi sonetoak agertu direla-eta egin nahi izan baitio erreferentzia. Ez da kasualitatea, guztiz kontrakoa: «Euskal literaturan, beharbada denon lotsarako, akaso denon zorionerako, dena daukagu egiteko, ikertzeko, eta ezagutzeko, seinaleak baino ez dira aurkikuntza hauek», adierazi du.
Deabruaren Eskola-ren gunean sartuz gero, irakurleak bertan topatuko du dagoeneko ‘Mirande inedito’ atala. Bertan jaso dute guztia, modu publikoan, dohakoan. Hamabi testu dira, eta horrez gain, zehaztu dutenez, aurretik itzulia zen ‘Nere siniste’ artikulua berriz ere euskaratua izan da «bi akats nabarmen zeudelako, hasteko izenburutik». Hala, ‘Gure sinestea’ izena du orain.
Itzultzaileen talde oso inportantea izan da lan hau aurrera ateratzeko, eta horretan aritu dira Padrig an Habask, bretoierazko itzultzailea eta proiektuaren laguntzailea, hala nola Joxe Austin Arrieta, Edorta Jimenez, Jon Alonso eta Bego Montorio.
Horietaz gain, parte hartu dute dagoeneko aipatu ditugun Irati Jimenez eta Mikel Soto, Esteban Montorio eta Urko Aiartza Olaso Dorrea fundazioaren zuzendaria. Berari esker lortu dira gutunak, adibidez.
Telesforo Monzon katebegia
Kontatu dutenez, lehendabiziko gutuna 1948koa da, «ezagutzen genuen lehen testua baino aurreragokoa da, bi urte lehenagokoa», zehaztu du Jimenezek. «Momentuz dugun gutunik zaharrena da, eta Miranderen euskalduntzea datatzen laguntzen digute», gehitu du. Izan ere, gutun hori idatzi baino bi urte lehenago baino ez zen hasi euskaraz ikasten. «Guraso zuberotarrak zituen, baina ez zioten euskara irakatsi». Bada bi urte horietan «aurrerapen miresgarriak» egin zituen.
Eskutitza hartan Telesforo Monzoni idatzi zion, hark idatzi zuen poema liburu baten gainean hausnarketak eta iritziak helerazteko.
Irati Jimenez hitzetan, «aurkitu dugunarekin Miranderen kronologia politikoaren lehen urteak ikusten ditugu. Abertzale bat, kristau bat, demokrata bat, bere burua horrela definitzen du. Eta iluminatzen dizkigu urte haiek, Mirande polit bat, oso sentikorra, eta urragarria». Bere aburuz, gutun hauek «frogatzen digute» hainbestetan ahaztu egin zaiguna: «Lauaxeta-Lizardi belaunaldia amatatzen denean, ez dela gero berez agertzen Mirande-Aresti belaunaldia, hor badagoela katebegi humano bat, eta hura Telesforo Monzon izan zen. Berak eraman zuen bizirik suziri poetiko hau gerra aurretik gerra ostera». Zubigilea, beraz.
Bretoieretik euskarara, frantsesa zeharkatuz
Mirande are eta gehiago ezagutu are eta miresgarriagoa zitzaion Sotori, baina pieza haren faltan, alegia, bretoierazko sorkuntza guztia falta zuela jakitun, haritik tiraka jarri zen. Eta hari hartan, muturrean, ezinbestean zegoen hil berri den Txomin Peillen euskaltzaina eta idazlea. Baina batez ere Miranderen laguna, hurbilekoa.
Bilatzen jarrita aurkitzen dira gauzak. Eta hala gertatu zen kasu honetan ere. Asko ez daude digitalizatuak ere, besteak prozesu horretan dira, gogoratu du Sotok. Bretoierazko ezaguerarik gabe zailtasunak handiak ziren, eta lagun bat medio egin zuen kontaktua Xabi Larralderekin. Eta honek, azken buruan, eraman zuen Padrig an Habask bretoierazko itzultzailearengana. Bere figura klabea izan da honetan guztian.
Batzuk itzuli ahala, testu gehiago agertzen joan ziren, eta osatu zen sorta bat. Kontatu duenez, frantsesa izan da «liingua franca».
Testu guztiak aurrenekoz euskaraz jasotzeaz gain, jatorrizko bretoierazko edo frantsesezko testuarekin datoz lagunduta, eta dagokienetan, zubi-gisa erabili den frantsesezko itzulpenarekin batera. Gainera, bakoitzari Sotok Deabruaren Eskolarentzako propio idatzitako analisi bana dauka. «Inmersio batetik ateratzen hasi berri naiz», aitortu du.
Hainbat irudi eta argazki berri ere jasotzen dira, ez ordea Miranderen argazki berririk. Baina kontuz, Sotok dio «momentuz». Tematu da, eta denbora asko inbertitu ei du idazlearen irudi berri bat, ezezaguna zena, aurkitzen. Arrakastarik gabe. «Ziur naiz egon badaudela. Denbora kontua izango horiek ere lortzea», esan du.
Libertatean sinesten zuena
Miranderen inguruan asko esan da; batzuetan «ongi», besteetan «gaizki», uste du Mikel Sotok. Eta anabasa honetan hutsune bat antzematen du: ez dagoela bere obra osoa jasoa. «[Etxekolanak] egin gabe ditugu oraindik, dena dugu egiteko». Prozesuan topatu dituen zailtasunez aipatzen jarrita, egin diren lorpen guztiak «inportanteak» direla iritzi du, denek argi handia ematen baitiote «bere literaturari, bere lirikotasunari», eta asko kontatzen dute «pertsonari buruz eta politikaz».
«Hainbeste esaten dugula faxista zela edo ez zela, argia ematen dute ere zentzu horretan. Faxista bazen, berak esaten zuen eta nik ez diot ukatuko, zer faxista mota zen? Zergatik?», galdegin du, hausnarketara gonbidatuz.
Joxe Azurmendiri behin Sotok esan omen zion, honek barrez erantzunez, zera: «Mirande faxista zen, baina jeltzaleak kristauak diren bezala, era nahiko inofensibo batean, alegia. Berak eraman du euskal literaturan faxista izaetaren fama guztia, baina ni Arestirekin nago dioenean: ‘Faxista bat euskal literaturan? Esango nuke bat baino gehiago badagoela’. Eta bai, Jon Miranderen testuak zentsuratu ziren, tranpak egin ziren bera Euskaltzaindian ez sartzeko, kanporatua izan zen leku askotatik…», gogora ekarri du.
Bere aburuz, «zailtasun handi bat» dugu Mirande ulertzeko. «Esango nuke Mirandek libertatean sinesten zuela oroz gain, eta kostatzen zaigu sinestea libertatean sinesten zuen faxista bat, baina auskalo zergatik ez gaituen hainbeste harritzen zentsuran sinesten duten demokratak egon badaudela». Pertsonalitate konplexua zuen, eta horren gaineko argi bat ematen du Deabruaren Eskolak eskainitakoak.