INFO

Lezoko gaztea harrapatuta hil zen eremuan «neurriak hartzeko» eskatu dio Udalak Aldundiari

Urtarrilaren 5ean 18 urteko gazte bat harrapatu zuen kotxe batek Gaintxurizketako gainean, eta bi egunen buruan hil zen. Eremu horretan, GI-636 errepideak, «neurriak har ditzala» eskatu dio Lezoko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari, «horrelako istripuak berriro gerta ez daitezen».

Errepidean segurtasuna bermatzeko neurriak eskatu dizkio Lezoko Udalak Aldundiari. (Gari GARAIALDE | FOKU)

Lezoko 18 urteko gazte bat kotxe batek harrapatuta hil ostean, udalerri honetako Udalak «konponbideak» eskatu dizkio Gipuzkoako Foru Aldundiari ohar baten bitartez. Astelehenetik aurrera udaletxeko banderak haga erdian egongo direla eman du jakitera Udalak.

Pasa den urtarrilaren 5ean, goizeko 08.00ak aldera, 18 urteko emakume bat harrapatu zuen kotxe batek GI-636 errepidean, Lezoko Gaintxurizketako gainean, eta bi egunen buruan hil zen Donostiako Ospitalean. Istripua igotze-erreian gertatu zen; Irunerantz zihoan ibilgailu batek harrapatu zuen 18 urteko emakumea.

Prentsari igorritako ohar baten bitartez, heriotza deitoratu du Gipuzkoako udalerriko Udalak, eta jakinarazi astelehenetik aurrera udaletxeko banderak haga erdian egongo direla gazte lezoarraren omenez. «Gertatutakoak min eta frustrazio handia eragiten digu eta gure doluminak helarazi nahi dizkiegu neskaren familiari eta gertukoei», adierazi du Jesus Mari Martiarena alkateak.

Gipuzkoako Foru Aldundiari ere zuzendu zatzaio Lezoko alkatea eta galdegin dio istripua gertatu zen eremuan, GI-636 errepidean, «neurriak har ditzala horrelako istripuak berriro gerta ez daitezen».