INFO

Ordiziako kiroldegiko kloro isuriaren ondorioz zazpi pertsona ospitaleratu dituzte

Zazpi pertsona ospitaleratu dituzte eta beste hainbat artatu dituzte astelehen arratsaldean Ordiziako kiroldegian izandako kloro isuriaren ondorioz. 200 pertsona aterarazi behar izan dituzte kiroldegitik, eta hodiren bat apurtu denaren susmoa dute. Guztiei eman diete alta astearte goizean.

Ordiziako kiroldegian kloro isuria egon da eta herritarrak kanporatu behar izan dituzte (Ordiziako Udala)

Ordiziako Majori-Altamira igerilekuan kloro isuria egon da astelehen arratsaldean. Osasun zerbitzuek zazpi lagun ospitaleratu eta hainbat herritar artatu behar izan dituzte begietan narritadura eta arnasa hartzeko zituzten arazoak direla eta. Hala ere, antza denez ez da inor larri zauritu baina, badaezpada, Zumarragako ospitalera eraman dituzte eta obserbazioan daude. Astearte goizean jakin denez, guztiei alta eman diete, gaua behaketan igaro ondoren. 

Larrialdi zerbitzuek arratsaldeko 18.20 aldera jaso dute deia, igerilekuko kloro isuri toxiko bat egon dela esanez, eta 200 lagun aterarazi behar izan dituzte eraikinetik. Suhiltzaileak, Ertzaintza eta Udaltzainak bertaratu dira kiroldegia hustera.

Ordiziako Udaleko iturriek aipatu dutenez, uretan baino airean izan da isuria; eta hodiren bat apurtu denaren susmoa dute. Adur Ezenarro alkateak adierazi du igerilekuan zegoen entrenatzaile bat ohartu dela ohi baino kloro usain gehiago zegoela, sorosleari jakinarazi diola, eta egoera ohikoa ez zela ikusirik ebakuazioarekin hasi eta larrialdi zerbitzura deitu dutela.

Ordiziako Udalak jakinarazi du itxita dagoela kiroldegia eta arazoa zein den argitzen ari direla. Konpondutakoan irekiko dituztela berriro ateak eta jakinarazio dietela herritarrei.

Astearte goizeko lehen orduan kiroldegiak itxita jarraitzen zuen, baina Udalak jakinarazi duenez 9.30etik aurrera zabalduko da, sauna, igerilekua eta igerilekuen aldagelak izan ezik.

Suhiltzaileek eginiko lehen neurketek adierazten dutenez, kloro maila desagertu egin da kiroldegi osoan igerilekuaren eremuan izan ezik, Efe agentziak Udaleko iturriak aipatuta zabaldu duenez.

Suhiltzaileek eguerdian egingo dute berriro kloro mailaren neurketa.