INFO

Alejandro Cesarco, Carolina Caycedo, Rafael Lafuente eta Julia Spinola, Artium Museoan

Gasteizko Artium Museoak bakarkako erakusketak eskainiko dizkie Alejandro Cesarco, Carolina Caycedo, Rafael Lafuente eta Julia Spinola artistei, 2023ko programazioaren barruan.

Rafael Lafuente gasteiztarraren ‘Konposaketak’ erakusketako lanetako bat. (NAIZ)

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak, 2023ko programazioa aurkeztu du eta, horren barruan, besteak beste, Alejandro Cesarco (Montevideo, 1975), Julia Spinola (Madril, 1979), Carolina Caycedo (Londres, 1978) eta Rafael Lafuente (Gasteiz, 1936-2005) artistei eskainitako bakarkako erakusketak hartuko dituela iragarri du.

Z aretoari lotutako erakusketa-programari eutsiko zaiola ere jakinarazi dute. Areto horretan hainbat artista eta zinemagileren proiektuak egongo dira Mirari Echavarri (Iruñea, 1988) eta Irati Gorostidi (Eguesibar, 1988), Laida Lertxundi (Bilbo, 1981) eta Naomi Rincón Gallardo (Raleigh, 1979) artistenak hain zuzen ere.

Udan, aldiz, JAI ikasketa-programaren laugarren edizioak eta performance-praktika esploratzeko programek leku nabarmena izango dute. Eta, ondareari lotuta, museoak bere bildumaren irakurketa berria aurkeztuko du eta bere funtsetan berriki sartu diren bi artistaren erakusketak aurkeztuko dira: Sahatsa Jauregi (Salvador de Bahia, 1984) eta Nerea Lekuona (Gasteiz, 1976).

Azkenik, Jutta Koether artista alemaniarrari (Kolonia, 1958) eta Ivan Zulueta zinemagile donostiarrari (Donostia, 1943-2009) eskainitako erakusketak udaberrira arte egongo dira zabalik.

Erakusketa nagusiak

Artium Museoak urtarrilean irekiko du 2023ko lehen erakusketa, Rafael Lafuente artistari eskainitakoa. Enrique Martinez Goikoetxea da ‘Konposaketak/Composiciones’ erakusketaren komisarioa, eta Lafuentek margolari eta diseinatzaile gisa egindako ekoizpen polifazetikoa errepasatuko du.

Martxoan Alejandro Cesarcoren (Montevideo, 1975) ‘Beste adibide berri batzuk’ erakusketa inauguratuko da. Erakusketak pedagogiaren rol, ohitura eta forma desberdinak ditu ardatz, eta artistak aldi berean garatzen duen argitalpen-praktikarekin batera aurkeztuko da. Erakusketa Beatriz Herraezek komisariatu du, eta Lisboako Lumiar Cité/Maumaus-ekin elkarlanean ekoitziko da.

Ekainean, museoak Julia Spinola (Madril, 1979) artistaren bakarkako erakusketa bat inauguratuko du. Bertan, plazeraren nozio konplexua aztertzen duten obra berriak bilduko dira, batez ere artistaren eskulturen bidez. Erakusketa CRAC Alsace-rekin elkarlanean ekoitzi da, eta 2024an aurkeztuko da han; Catalina Lozano eta Elfi Turpin (CRAC Alsace-ko zuzendaria) izan dira komisarioak.

Udarekin batera, Artium Museoak espazio publikoaren erabilerak zabaltzea izango du xede, ‘Plazaratu’ proiektuaren bidez. Itziar Okariz (Donostia, 1965) artistarekin elkarlanean komisariatutako programazioari esker, praktika performatzaileek garrantzi handia izango dute museoaren udako programazioan eta, hala, Esther Ferrerren (‘Zenbaki Lehenak’, 2003, Gasteizko Udalak gordailuan utzia), Alberto Peralen (‘Time’, 2006), Jose Ramon Aisen (‘Arbolado para calles, imperios y Paraísos’, 2022) eta June Cresporen (‘Core’, 2020) lanak barruko plazako gune publikoan jarriko dira ikusgai.

‘Land of Friends’, Carolina Caycedo artista kolonbiarraren erakusketa, 2023ko urrian inauguratuko da eta ur-gorputzei, horiekin lotutako gizarte-mugimenduei eta borroka feministei buruzko haren ikerketa luzea aurkezten duten lanak bilduko ditu. Erakusketa Catalina Lozanok komisariatu du, eta BALTIC Centre for Contemporary Art-ekin (Erresuma Batua) eta Institut Valencià d'Art Modern-ekin (IVAM) elkarlanean antolatu da.