INFO

Baikoko lau bikoteek material hautaketa egin dute larunbateko partidarako

Iruñean izan dira Laso-Imaz eta Jaka-Aranguren, eta Buñuelen Urrutikoetxea-Albisu eta Peña-Mariezkurrena. Berriozarreko atzelaria osatu da lesiotik, eta larunbatean jokatzeko moduan egongo da. Ostiralean emango diote hasiera Binakako Txapelketako bigarren itzuliari.

Mariezkurrenak Binakako Txapelketan jokatutako azken partida orain dela hiru aste, Tolosako Beotibar pilotalekuan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Baikoko lau bikoteek gaur egin dute larunbateko partidarako material hautaketa. Buñuelen egon dira Urrutikoetxea-Albisu eta Peña II-Mariezkurrena II, eta Iruñean Laso-Imaz eta Jaka-Aranguren. Pasa den astean amaitu zen Binakako Txapelketako lehen itzulia, eta aste honetan ekingo diote bigarrenari. Ostiralean ariko dira nor baino nor gehiago Getarian Ezkurdia eta Martija Peio Etxeberria eta Rezustaren aurka. Larunbatean Baikoko pilotarien txanda izango da Iruñean eta Buñuelen. Eta, azkenik, igandean, lehen itzuliko 8. jardunaldia itxiko dute Bilbon Altuna III.ak eta Tolosak Elordiren eta Zabaletaren kontra.

Goizean Buñuelen egin duten material aukeraketaren inguruan, Albisuk adierazi du sei pilotak «politak» direla, Peñak eta Mariezkurrenak hautatutako pilotak «biziagoak» izan arren. Hala ere, atzelariak nabarmendu du pilota egokiak direla Buñueleko frontoi berrirako, eta gaineratu jokoan dagoen puntua irabaztea garrantzitsua izango dela.

Peñak, bere aldetik, azpimarratu du lurra oso berezia duen frontoi batean lehiatuko direla. Tolosarraren ondoan, Mariezkurrena itzuliko da txapelketara. Izan ere, azken jardunaldian ezin izan zuen jokatu eskuineko eskuan min hartu zuelako. Herenegun Tolosako Beotibar pilotalekuan entrenamendu saio bat egin zuen Berriozarrekoak, eta dirudienez, atzelariak ez du arazorik izango larunbatean jokatzeko.

Buñuelen ez ezik, Iruñean ere egin dute material hautaketa, eta larunbateko demari begira, Arangurenek esan du harek eta Jakak ez dutela «maila txarra» eman aurreneko itzulian, baina azpimarratu du gora egiteko irabazten hasi behar dutela. Bide horri heltzeko, itxaropentsu dago larunbatera begira.

Jaka eta Arangurenekin alderatuta, oso bestelakoa da Laso-Imaz bikotearen aldartea, eta hala berretsi du aurrelariak: «Sentsazio onekin gaude, bereziki azken bi partiden ondotik. Gure maila eman dugu, eta konfiantza hartzeko balio izan digu. Larunbatean partida gogorra izango da, eta ea aurrera ateratzeko kapaz garen».

Elordi-Zabaleta ligaxkan nagusi

Iragan astean amaitu zen Binakako Txapelketako lehen itzulia, eta oraingoz, behintzat, argi geratu da Elordi eta Zabaleta gainerako bikoteak baino koska bat gorago daudela. Aspekoek dema guztiak irabazi dituzte, eta lehenak dira sailkapenean zazpi punturekin. Bikote hori kenduta, nahiko estua dago txapelketa: bigarren sailkatuaren eta azkenekoaren artean, hiru puntuko aldea baitago. Hiru bikote daude lau punturekin sailkapeneko bigarren postua nork eskuratuko lehian: Laso-Imaz, Peio Etxeberria-Rezusta, eta Altuna-Tolosa, hurrenez hurren.

Beherago Peña-Mariezkurrena eta Urrutikoetxea-Albisu daude, hiruna puntu dituztela. Sailkapeneko azken postuetan daude Ezkurdia-Martija bi punturekin eta Jaka-Aranguren batekin.