INFO

Indarkeria matxistari aurre egiteko instituzioen arteko lankidetza eskatu du Bilboko EH Bilduk

Bilboko EH Bilduk Justizia, Segurtasun eta Udalaren arteko lankidetzarako mekanismoak aktibatzeko eskatu du, indarkeria matxistaren biktimen arreta hobetzeko. Bilboko Udalak indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei laguntzeko dituen bitartekoak iragartzea ere eskatu du koalizio subiranistak.

Jone Goirizelaia eta Alba Fatuarte EH Bilduko zinegotziak Bilbon. (EH BILDU)

Osoko Bilkuran eztabaidatuko den mozio baten bitartez, emakumeen aurkako indarkeriaren Bilboko epaitegien, Fiskaltzaren, Ertzaintzaren eta Bilboko Udalaren artean informazioa eskualdatzeko mekanismoak ezartzea eskatu du EH Bilduko udal taldeak, «betiere indarkeria matxistaren biktimen pribatutasuna erabat errespetatuz eta beraien baimenarekin».

Koalizio subiranistak azaldu duenez, proposamenaren helburua hurrengoa da: «Salaketaren berri izaten den unetik, eta bide penalean salaketaren emaitza alde batera utzita, Bilboko Udalak jardun ahal izatea eta eskura dituen baliabideak emakumearen eskura jartzea, laguntza- eta jarraipen-lana egin ahal izateko».

Jone Goirizelaia eta Alba Fatuarte EH Bilduko zinegotziek azken hamarkadan bikotekideek edo bikotekide ohiek Bizkaian hil dituzten 16 emakumeak gogoratu dituzte, eta, bereziki, abenduaren 28an San Frantzisko auzoan bikotekideak hil zuen Rebeca Huayta.

«Zerbaitek huts egiten du»

Ildo horretan, gogorarazi dute Bilboko Udaleko Berdintasun Arloak indarkeria matxistaren prebentziorako eta arretarako programa bat duela, indarkeria matxistaren biktima diren emakume bilbotarrei arreta integrala, espezializatua eta koordinatua eskaintzeko. Azaldu dutenez, Bilbon, 2021ean, 788 eraso matxista salatu ziren, baina programa horren bidez, gizarte-arreta espezializatua 487 emakumeri bakarrik eskaini zaie, eta horietatik 262 bakarrik joan dira lehen aldiz. «Horrek agerian uzten du zerbaitek huts egiten duela eta ahaleginak areagotu behar direla indarkeria matxistari aurre egiteko eta emakumeei laguntza eskaintzeko», azpimarratu dute.

Helburu hori betetzeko, aipatutako mozioa aurkeztu dute. «Izan ere, ezinbestekoa da erakunde arteko lankidetza eraginkorra lortzea, administrazioek esku hartu ahal izan dezaten eta eskura dituzten baliabide guztiak jar ditzaten, indarkeria matxistako egoerei aurre egin behar dieten emakumeei laguntza eskaintzeko», azaldu du Goirizelaiak.

Horri dagokionez, adierazi duenez, 2010ean Bilboko ertzain-etxearen eta Udalaren artean indarkeria matxistako kasuetarako lankidetza-protokolo bat onartuta dagoen arren, «hobetzeko tarte handia dago, eta, beraz, guztiz beharrezkoa da eguneratzea eta lankidetza hori justiziaren esparruetara zabaltzea, gure ekimenean proposatzen dugun bezala».

Azkenik, mozioaren bidez, Bilboko Udalak indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei laguntzeko dituen bitartekoak iragartzea ere eskatzen dutela azaldu dute; izan ere, egiaztatu dutenez, bilbotar askok ez dakite Udalak zerbitzu hori ematen duela.