Araskik Zaragoza eta Gernikak Girona izango dituzte aurkari Emakumeen Kopako final-laurdenetan
Lau onenen artetik kanpo sailkatu zirelako euskal taldeak, oso aurkari zailak izango dituzte aurrean; gasteiztarrek Kopako antolatzailea eta Emakumeen Endesa Ligako liderra bizkaitarrek. Balizko euskal derbirik izateko modu bakarra talde biak finalerako sailkatzea litzateke.
2023ko urtarrilaren 23 honetan,jakina zen ezingo zela euskal derbirik jokatu Emakumeen Saskibaloi Kopako final-laurdenetan, bai Kutxabank Araskik zein Lointek Gernika Bizkaiak ezin izan baitute Emakumeen Endesa Ligako aurreneko itzulia aurreneko lauren artean amaitu; nahikoa lan eta nahikoa meritu ere izan du talde hauek biak zortzi onenen artean sartzeko eta martxoaren 30etik apirilaren 2ra artean Zaragozan jokatuko den Emakumeen Saskibaloi Kopan sartzeak.
Kosta behar zaie, zozketak erakutsi duena eta gero, aurrera jarraitzea. Final-laurdenetako ordutegirik oraindik ez da ezarri, Espainiako Telebista publikoak agintzen duelako zein partida eskaini eta horren arabera ezartzen baita ordutegia. Nolanahi, Kutxabank Araskik ostegunean, martxoaren 30ean jokatuko du, hasiera baten 20.30etan. Basket Zaragoza, etxeko taldea eta Emakumeen Ligako sorpresa handienetakoa izango du aurkari.
Martxoaren 31an, berriz, Lointek Gernika Bizkaiak Irati Etxarriren Spar Girona izango du aurrez aurre. Talde katalana, Valentzxia Basketekin batera, Emakumeen Endesa Ligako liderra da 13-3ko balantzea duela. Teorian bederen, 18.00etan hasiko da bizkaitarren final-laurdena.
Gainontzeko bi kanporaketak hionako hauek dira: ostegunean Valentzia Basketek Itsaso Conde eta maria Eraunzetamurgilen Estudiantesen aurka jokatuko du. Ostiralean, berriz, Roberto Iñiguez de Heredia gasteiztarrak zuzentzen duen Perfumerias Avenidak Bartzelona izango du aurrez aurre.
Finalerdi biak apirilaren 1ean jokatuko dira. Osteguneko irabazleek 16.30etan izango dute hitzordua eta ostiralekoek, aldiz, 19.00etan. Bada, euskal derbirik izatekotan, finalean baino ez litzateke posible izango. Badaezpada, apirilaren 2an 17.30etan jokatuko dela Emakumeen Saskibaloi Kopako finala. Partida guztiak Zaragozako Felipe Printzea kirol jauregian jokatuko dira.
Gasteiztarrak bueltan dira
Kopako azken bi ekitaldietatik at geratu ostean, Kutxabank Araski bueltan da «KOaren txapelketan». 2020ko martxoaren hasieran, covid-19aren pandemia mundua aldatzear zela, Salamancako Kopa hartan bat egin zuten Lointek Gernika Bizkaiak eta artean RPK etxeak babesten zuen Araskik. Bizkaitarrek lau onenen artean burua sartu zutenez, aurkaririk gaiztoenak saihestu zituzten final-laurdenetan, eta hara non eta Araski izan zuten aurkari.
Alabaina, luzapena behar izan zuen derbi dramatiko baten ostean 80-83 nagusitu ziren gasteiztarrak, Izaskun Garcia Urlezaga antolatzaile bizkaitarra galdu arren, aurrez gaizki zuen orkatila okertu ondoren. Biharamonean Perfumerias Avenida etxeko taldeak arabarrak etxerako bidean jarri zituen, baina orduan ere lanak emanda bota zituzten Kopatik Madelen Urietarenak. Huraxe izan zen Araskik Kopa jokatu zuen azken aldia.
Orduan bezala aurten ere, 200 bat zale inguru izatea espero dute gasteiztarrek. Abonua erretiratzea nahi duten horiek Kutxabank Araskiren webguneak ahalik eta arinen eman behar dute izena, domekara arte baino ez dutelako epea zabalik.
Bestalde, jakina da joan zen asteburuan sekulako muturrekoa jaso zutela Madelen Urietarenek Valentzia Basketen aurka Mendizorrotzan, 43-96 galdu baitzuten. Arabarrei ez zitzaien ezertxo ere ganoraz irten eta valentziarrek, aldiz, dena bikain egin zuten. Dena den, ez da ahaztu behar Kutxabank Araskik aurtengo denboraldian talderik onenen aurka buruko min handiak eman dituela. Jakina da aurreneko itzulian Valentzia Basketi berari 49-67 irabazi ziola, edota Spar Gironari ere etxetik kanpo irabazteko kapaz izan zela: 62-64 abenduaren 1ean, Tanaya Atkinson eta Flor Chagasen lan bikainari esker.
Basket Zaragozari ere irabazi zion talde arabarrak: 63-58 Mendizorrotzan abenduaren 4an. Gasteiztarrak erabat aldrebes hasi ziren, 7-21 galduz aurreneko laurdena, baina zonakako defentsa bikain bat egin zuten Madelen Urietarenek eta hurrengo hiru laurdenetan nagusi izan ziren. Atkinson, Van den Adel, Asurmendi eta Chagas 10 puntu edo gehiago saskiratzeko kapaz izan ziren eta horrela lortu zuten markagailuari buelta ematea.
Aurkaririk fisikoena
Ez dago olgetarako, bere aldetik, Lointek Gernika Bizkaia. Martxoaren 31ko partida urrutik dago oraindik baina Polonian Emakumeen Eurocupetik kanpo geratzearen pena oraindik pasa egin behar du talde bizkaitarrak. Gainera, zapatuan Perfumerias Avenidari bisita egin behar dio Anna Montañanaren taldeak.
Hargatik, Spar Gironaren aurka jokatu behar dutela jakinda, ez daude oso pozik Gernika aldean. «Egokitu zekigukeen aurkaririk fisikoena tokatu zaigu», adierazi du Iñigo Nuñez bigarren entrenatzaileak.
«Rebeka Gardner eta Marianne Tolo dira bere jokalari arrizkutsuenak, baina puntuak nonahitik sar ditzakete. Binta Drammeh hegalekoa, Laia Flores eta –Lointek Gernika Bizkaiako jokalari ohi– Laura Cornelius antolatzaile postuan; Maria Araujo edo Irati Etxarri hegal-pibot gisa... Horrez gain, defentsarik onena duen taldea ere bada», iritzi dio Nuñezek klubari eskaini dion balorazio laburrean.
Urriaren 29an ikusi zuten elkar Gironako Fontajaun talde katalanak eta bizkaitarrak. Egia da Loiontek Gernika Bizkaia Europako txangoa hasi berritan nekatu xamar iritsi zela, baina nolanahi, 65-49 nagusitu ziren katalanak, aurreneko laurdena gernikarren mendean izan bazuten ere.
Rebeka Gardner eta Binta Drammeh ezin izan zituzten geratu Anna Montañanarenek eta Sandra Ygueravidek 13 puntu sartuagatik, oso jaurtiketa portzentaia txarrak izan zituzten azken minutuetara aukerekin iristeko. Bada, Kopako final-laurdenetakoa beste kontu bat izan dadin, badute zer hobetua.
Eta baita jen dea berreskuratzen joateko beharra ere. Oraindik zehatz ikusteko dago Gabija Meskonyteren lesioa zein neurritan den arina edo larria, baina badirudi giharretako arazoren bat duela hegaleko lituaniarrak. Bestalde, Julie Wojtak ere berandu baino lehen jokora itzultzeko moduan beharko luke.