INFO
Elkarrizketa
Oihan Vega
‘Bretxa’ musikalaren zuzendaria

«Donostiako 1813ko sarraskia aparte bezala dago eta Historian bere tokia eman behar zaio»

Lehen aldiz eszenan ikusiko ditugu 1813. urtean Donostian gertatutako gertakari lazgarriak. ‘Bretxa’ musikalean 150 pertsona igoko dira Victoria Eugeniako agertokira Bergara Antzerki Musikala Elkartearen eskutik eta Oihan Vegaren zuzendaritzapean.

‘Bretxa’ musikalaren eszena bat. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Lehen aldiz eszenan ikusiko ditugu 1813. urtean Donostian gertatutako gertakari lazgarriak. ‘Bretxa’ musikalean 150 pertsona –Gipuzkoako hainbat herritakoak– igoko dira Victoria Eugeniako agertokira Bergara Antzerki Musikala Elkartearen eskutik.

1813. Josef Bonapartek gerra galdu du, eta frantses gudarostea Penintsulatik erretiratzen ari da, Wellington jenerala buru duten indar aliatuek jazarrita. Hiritar askok euren etxetik ihes egin dute, baina Maritxu Altuna txokolategilea bere negozioa zaintzen geratu da Marina alabarekin batera. Erabaki hori larrutik ordainduko du ejerzitu aliatua hirian sartzean.

Hauxe ‘Bretxa’ ikuskizunaren abiapuntua. Donostiarrek 1813an sufritu zuten sarraskia eramango du agertoki gainera Bergara Antzerki Musikalak. ‘Bretxa’ musikalaz gozatzeko hitzordua urtarrilaren 13, 14 eta 15ean da, Victoria Eugenia Antzokian.

Toti Martinez de Lezeak 2006an argitara emandako ‘La brecha’ (Erein) liburua du oinarri ikuskizunak. «Burutik jota zaudete eta nire etxean eroak ongi etorriak dira», bota zien bergararren asmoen berri izan zuenean. Bidea luzea izan da eta behin baino gehiagotan gogoratu dira ekoizpenaren arduradunak esaldi hartaz.

Idazleak ez du sortze prozesuan parte hartu –«ez diogu utzi, gutaz fidatzeko esan genion», dio irribarrez Oihan Vega zuzendariak– eta gidoia da irakurri duen bakarra. «Zoriondu egin gintuen, beraz lasai geratu ginen. Liburuaren muina ez aldatzeko eskatu zigun eta bete dugu», gaineratu du.

«Liburua irakurri duenak topatuko du hura ikuskizunean. Bi obsesio izan ditut, ez aldatzea liburuaren muina eta historikoki errealak diren gertaerak zuzen kontatzea», zehaztu du.

Emakumeen ahotsean

Eleberrian bezala, hiru emakumeren ahotsean ezagutuko ditugu bizipenak musikalean. «Horixe da nobelatik gehien gustatu zaiguna. Historia kontatu izan da gizonek gizonentzako idatzitak liburuetan eta gehienetan ikuspegi politikoa edo militarra kontuan izanda. Gutxietan idatzi da Historia herritarren ikuspuntutik eta are gutxiago emakumearen ikuspuntutik. Eta kasu honetan, beste guztietan bezala, emakumeak dira gerra gehien pairatzen dutenak. Gaur egun Siria, Palestina, Ukraina edo Sierra Leonan bezala. Duela 200 urte gauza bera gertatzen zen, are okerrago, emakumea bigarren mailan zegoelako», esan du Vegak.

«Nire familiaren erdia Donostiakoa da eta gutxi gora behera badakizu zer gertatu zen baina nobela irakurri arte ez dakizu ze dimentsio hartu zuen. Durangoko edo Gernikako bonbaketak oso barneratuak ditugu euskaldunok, Donostiako sarraskia aparte bezala dago eta Historian bere tokia eman behar zaio; astakeria izugarria izan zen», azpimarratu du.

Antzoki betea

Antzoki betean egingo dituzte emanaldiak eta hori bera nabarmentzekoa da Vegaren esanetan. «Ez da egunero Victoria Eugenian antzezten, eta are gutxiago antzoki betean, profesionalek ere gutxitan esan dezakete antzokia goraino betea ikusi dutenik ere. Beraz, Victoria Eugenia bezalako antzoki ’selektoan’ egitea berezia da. Bizitzan agian behin lortuko dugu antzokia betetzea, beraz horixe da partehartzaileak gehien motibatu dituena. Egindako ahaleginak merezi du hor sortzen den giroa eta adrenalina bizitzen duzunean», esan du.

Lehen aldia da gertakizun historiko lazgarria lengoia eszenikoan ondu dena. Oihan Vega eta Valen Moñux arduratu dira egokitzapenaz, baita libretoa idatzi eta zuzendaritza artistikoaz ere. Horrekin batera musika eta abestien letrak sortu ditu lehenak eta eszenografia eta dekoratuak sortu ditu bigarrenak. Txemi Etxebarrietak zuzenduko du orkestra eta Marije Ugaldek hartu du abeslari eta abesbatzen zuzendaritza.

Ez da nolanahiko muntaia. Denera 150 pertsona igoko da agertoki gainera: 30 musikariz osatutako orkestra, helduen eta haurren abesbatzak, aktoreak, dantzariak, abeslariak... Amateurrak izanik bidean erakutsi duten konpromisoa nabarmendu du. «Inplikazioa sekulakoa da eta agerian uzten du proiektuak daukan dimentsioa. Tartean bada musikari profesionalik ere, Euskadiko Orkestrako musikariak ditugu, baita aktore profesionalen bat ere. Oraingoan musutruk arituko dira», dio.

Ez da erraza izan dena koordinatzea. «Batetik, alderdi artistikoari eta kudeaketari lotua –aseguruak, autobusak, janaria, jantziteria...– eta bestetik alderdi humanoari dagokiona –ez du inork kobratzen eta asko zaindu behar da jendearen animoa», zehaztu du.

Bergarako Musika Eskolako kideekin batera herriko kantariak eta musikariak arituko dira. Baita Donostiako Union Artesana, Tempo 22 Dantza Akademia, Donostia 31 Rekreazionista Elkartea, Donostia 31 Kultura Taldea, Lasarte-Oriako LOZET Rekreazionista eta Kultur Elkartea, Irungo Anaka Kofradia, eta Zarauzko Monte Albertia Ileapaindegi eta Estetika Goi Mailako Zentroa ere.

Lau urteko lana dago proiektuaren atzean. «Lan asko dago libretoa sortu eta musikatzen», esan du. Nola bihurtu narrazio luze bat antzerki lan musikatu batean? «Nekezena liburuan kontatu zuena gertakizunak kondentsatzea izan da. Liburua bere horretan eginez gero 27 orriko musika aterako litzateke baina ikuskizun batek ezin du bi ordutik gora iraun. Fikziotik ere badu baina historikoki errealak diren egitateak kontatzen ditu Totik. Liburuan ñabardura eta adjektibo guztiak ditu idazleak baina nik hori dena segundu batean kontatu behar dizut. Gidoian etengabe mozten aritu naiz», azaldu du.

Urtebete entseguetan

Urtebete eman dute entseguetan. Hasieran taldeka joan ziren egiten, eta entseguak ere arinagoak eta laburragoak ziren baina azken hilabete eta erdian igande osoak eskaini dizkiote ikuskizunari. «Saiatu gara giro onean egiten, ordu asko izan dira-eta».

Ikus-entzunezkotik ere badu ikuskizunak. Dokumental formatuko ‘pilulak’ txertatu dituzte ikuskizunean zehar testuinguru politiko-sozialaren berri emanez. Aipatzekoa da Jose Javier Pi Chevrot arkitektuaren parte hartzea. «Egundoko zortea izan dugu, 1813ko Donostia irudikatu du 3Dko erreplika batean grafismo batzurekin lagunduta. Izugarria da lana eta doan utzi digu. Orain arte kaxoietan gordeta egon diren planoetan oinarritu da. Gaur egun ere Parisen daude eta Frantziako Armadak du jabetza. Lehenengo aldiz publikoak ikus ahal izango du XIX. mendeko Donostia hura! Bisualki inpaktoa eragingo du, faszinantea da alderdi dokumentala ere», esan du Vegak.

Dokumentazioari dagokionean, Donostia Kultura, Victoria Eugenia Antzokia, Koldo Mitxelena Kulturgunea, San Telmo Museoa eta Koruko Ama Birjinaren Basilika ere lagun izan dituzte.

Argiztapen diseinuari dagokionez «derrotxe izugarria dugu», dio zuzendariak. «Ikuskizun oso potentea egin nahi izan dugu, argiztapen enpresa batekin kontatu dugu, bat egiten du eskuartean darabilgun proiektuarekin».

Bide oparoa

Bergara Antzerki Musikala Elkarteak 30 urte baino gehiago daramatza formatu handiko musikalak taularatzen. 12. obra da honakoa. «Gure elkartea izan zen euskarazko lehen musikal handia taularatu zuena 1991ean ‘Miserableak’ lanarekin. 2010ean historiako lehen euskal musikal originala aurkeztu genuen ‘Olentzero & Col.’ 2015ean ‘Mozkorra parregarri’  historiako lehen opera berreskuratu genuen bere 250. urteurrenean», nabarmendu dute.