INFO

Etxetik aterarazi zituzten Pasaiako bizilagunak ezin izango dira itzuli datorren astera arte

Pasaiako 42 bizilagun haien etxeetatik atera behar izan zituzten, eraikinak arazo estrukturalak zituela eta. Litekeena da datorren astera arte ezin izatea haien etxebizitzetara bueltatu.

Bizilagunak etxetik atera behar izan zituzten. (@BomberosEuskadi)

Urtarrilaren 6an Pasaiako Blas de Lezo kaleko eraikin batetik atera behar izan zituzten 42 bizilagunak ezin izango dira etxera itzuli datorren astera arte, eraikinaren egitura indartzeko beharrezkoa den metalezko pieza oraindik prestatu gabe baitago.

Izaskun Gomez Pasaiako alkateak, azaldu du Udalean zuten aurreikuspena zela ostegun honetarako dena jarrita egotea, baina «prest egon behar zuen pieza ez zela prest egongo» jakinarazi die. Gomezek adierazi du Udalean badakitela «bizilagunek euren etxeetara itzultzeko gogo handia» dutela, eta uste du, «dena ondo badoa, datorren astean izango dela». Era berean, nabarmendu du ikusi beharko dela «aipatutako pieza horrek nola erantzuten duen eta teknikarien txostenek zer dioten».

Hogei bat familiak etxetik kanpo igaro behar izan zuten gaua, urtarrilaren 6ko arratsaldean eraikinaren zutabeetako batean akats bat antzeman ondoren. Gertakaria 19.30ean jazo zen, Pasaiako Blas de Lezo kaleko eraikin batean. Ertzaintza, udaltzaingoa eta suhiltzaileak bertaratu ziren.

Segurtasun-arrazoiengatik, eta txosten teknikoaren zain, azkenean eraikina hustea erabaki zen, eta bertan bizi diren 42 bizilagunek beren eraikinetatik kanpo igaro behar izan zuten gaua. Hogei bat herritarrek Oarsoaldeko hotel batean jarraitzen dute.