INFO

Trebiñun hasi da Arabako txotx denboraldia, lehortea gorabehera, produktu «on» batekin

Trebiñu sagardotegian, Askartzan, eman diote ongietorria aurtengo Arabako sagardoari. Arabako Frutazain eta Sagardogileen Elkarteak antolatuta, Paul Urkijo zinemagilea izan da, klima lehorra gorabehera, «zapore onekin» atera den emaitza dastatu duena.

Paul Urkijo zinemagileak ireki ditu Trebiñu sagardotegiko kupelak, Askartzan. (Raul BOGAJO | FOKU)

Askartzako Trebiñu sagardotegian hasi da Arabako txotx denboraldia ostegun honetan. Joan diren hilabeteetako klima eguzkitsua eta lehorra izan den arren, produkzio «ona» izan dela esan dute sagardogileek. Paul Urkijo zinemagileak hartu ditu lehen tragoak, sagardotegiek euskal kulturarekin duten lotura azpimarratuz.

Arabako Frutazain eta Sagardogileen Elkarteak antolatutako ekitaldia izan denez, trebiñarraz gain, Kuartangoko eta Aramaioko sagardotegiek ere bere denboraldia hasi dute. Dozenaka pertsona bildu dira eguerdian Askartzan kupelen edukia dastatzeko eta bazkaltzeko. Eguraldia eta txalapartaren eta albokaren doinuak lagun, jai giroa sortu da segituan.

‘Irati’ lan berria estreinatzear dagoen Paul Urkijorentzat «ohore handia» izan da txotx garaiari hasiera ematea. Arabako lehen sagardoa dastatu ondoren, sagardotegiek Euskal Herriko kulturarekin duen harreman estua nabarmendu du, esan duenez, berak bere obran «jaso dudan euskal tradizioa» partekatzen duelako eta ostegun honetakoa horren parte badelako ere.

Sagarrondoek ohi baino tenperatura altuagoak eta hezetasun oso gutxi jasan duten arren, produkzioa «ona» izan dela onartu du Joseba Markinez ekoizleak. Eguzkiak gehiago jo duenez, sagardoaren graduazioa altuagoa dela azaldu du, baina «zapore onak» atzeman daitezkeela ziurtatu du. Labur esanda, sagardo «aparta».

Horrekin batera, sagardotegitik euskararen erabilerari egiten zaion «laguntza» nabarmendu dute sagardogileek.