Euskal futbol taldeetako jokalarien artean irakurle oso zaletuak daude, ikerketa baten arabera
Unibertsitatean jakin bazekiten bazirela irakurleak futbol jokalarien artean, baina haien ohiturak lehen aldiz aztertzerakoan aurreiritziak hautsi zaizkie. Athletic, Erreala, Eibar eta Amorebietako 11 futbolariei egindako galdeketaren arabera, gizartearen mailaren batezbestekoaren gainetik daude.
«Futbolarien artean badira irakurleak, eta irakurle oso zaletuak ere bai. Horrenbestez, kirolarien, edo zehatzago, futbolarien irakurketa mailaz dugun iritzi ezkorra aurreritzi okerra besterik ez dela esan dezakegu». Irakurketaren sustapenean aditua den Miren Billelabeitiaren ‘Futbolari eta irakurle’ artikuluan irakur daitekeen esaldi honek laburbildu dezake Lehen eta Bigarren mailako euskal taldeetako hamaika futbolariei egindako ikerketaren emaitzak.
UPV/EHUko 2020an Laida Ikerketa Taldeko partaideek kaleratutako ‘Egungo Euskal Literatura eta Futbola II’ (UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak) liburuak dakar ikerketa hau. 2020an argitaratutako lehenengoaren jarraipena da eta, lehen begiradan, dirudiena baino estuagoa den bi unibertsoen arteko loturak azaletzen ditu.
Futbolarien irakurzaletasuna aztertzeko, Lehen eta Bigarren Mailako euskal taldeetako zazpi gizon eta bost emakumeei galdetegia luzatu zitzaien eta erantzunak aztertu. Belaunaldi desberdinetako jokalariak dira, gainera; genero desberdientakoak. Miren Billelabeitiak futbol jokalariek zer, zergatik eta nola irakurtzen duten galdetu zien.
2022ko denboraldian Athletic, Erreala, Eibar eta Amorebieta taldeetako hamaika futbolarik hartu dute parte. Zehazki, Xabi Etxeita, Iñigo Orozco, Miguel Angel Atienza, Ane Campos, Malena Mieres, Ander Cantero, Manu Garcia, Ander Guevara, Mariasun Quiñones, Malena Mieres, Sara Navarro, Irati Uriarte eta Eneko Bovedak. Batzuk egun beste talde batzuetan ari dira; beste batek, Eneko Bovedak kasu, utzi egin dio jokalaria izateari. Deportivo Alaves taldearekin saiatu ziren baina ezinezkoa izan zitzaien galdetegia egitea. Dena den, parte hartu dutenen artean Manu Garcia dago, urteetan talde arabarreko jokalari beteranoa izandakoa.
Aurreiritziak hausten
Eskarmentu handia du honetan Maite Billelabeitiak. Azken urteotan Literatura Unibertsala eta Euskara eta Literatura irakasle izan da Mungiako institutuan eta irakurketa bultzatzeko praktikari buruzko gogoetan aritu da lanean. ‘Norberak maite duena’ (Pamiela, 2022) izeneko gogoeta-bilduman, esaterako, urteetan ikasle eta gazteekin liburuen inguruko solasaldietan esandakoa hartu du aintzat.
«Disfrutatu dut asko ikerketa hau egiten eta idazten», aitortu du ostiral honetan. Aurreiritzi asko, horien artean bereak propioak, hautsi ditu galdetegi hauetan. «Prestatuta nengoen –aurreratu du, halere–. Irakasle moduan, askotan izan dut horrelako apaltasun ariketa egin beharra, bat batean konturatzen zarelako zuzenean ez duzula iraindu pertsona hori, baina neukan aurreiritzian atzera egin behar nuela. Nik imajinatzen nuen futbolariek irakurtzen dutela, beste batzuek moduan. Askotan esaten da gazteei buruz, gazteak ez dutela irakurtzen, eta hori ez da egia. Hori aplikatzen baduzu beste arlo bati, berdin; batzuk ez dute irakurriko, beste batzuk zerbait eta beste batzuk asko, asko gainera».
Futbolariak aisialdiari lotutako generoak gustukoagoak izango zituztelakoan zegoen.... baina hor ere, aurreiritziak, berriz, oker. «Nobela beltza asko espero nuen, eta badago nobela beltza, baita nobela historikoa –eta badago ere, errazago irakurtzen delako eta modan dagoelako–, baina harritu nintzen poesia ere agertzen delako, euskaraz ere irakurtzen dutelako batzuk, ez gaztelaniaz soilik, eta literatur klasikoak irakurtzen dituztelako. Biografiak ere, baina, hemen beste aurreiritzi bat izan zitekeena, eliteko kirolarien biografiak edo esperientziak edukiko omen dituztelako gertuago uste nuelako, ba hori badago, baina ez horrenbeste. Badago beste generoak dauden moduan. Saiakera ere irakurtzen da, eta beste gai bitxi batuk: ekonomia, biologia, soziologia... Gogoan dut nola bati, harrituta, galdetu niola: ‘Eta zer dela eta irakurtzen duzu hori?’. Eta esan zidan: ‘Hori ikasi dudalako eta arlo horretan egin ditu nire ikasketak eta interesatzen zait gai hori’».
Hemen datu xume batzuk: bakoitzari hiru izenburu eskatu zitzaien, eta guztira 40 aipatu dituzte denen artean. Gehienak, %70a, narratiba lanak dira, horietatik %15 euskaraz. Etxekoen eta lagunen gomendioak dira batez ere aukeratzeko arrazoiak (%50), irakurzaletasuna haurtzaroan edo nerabezaroan biztu zitzaien gehienetan eta gero eutsi egin diote, eta, hau da garrantzitsuena, irakurletzat jo dute bere burua gehienek. Beraz, ikerketan esaten den legez «badira irakurleak, eta irakurle oso zaletuak ere bai. Horrenbestez, kirolarien, edo zehatzago, futbolarien irakurketa mailaz dugun iritzi ezkorra aurreiritzi okerra besterik ez dela esan dezakegu».
Zenbat irakurtzen duten egiaztatzeak harritzen du: gehienak, lauzpabost liburu urtean eta «gehiago irakurri beharko luketela onartzen dute». Gizartean dagoen irakurzaletasunaren ohiko mailatik gora al dago hori? Miren Billelabeitiaren erantzuna: «Media baino gehiago da, zeren batzuk irakurtzen dute liburu bat hilean. Eta hori edonorentzat asko da. ‘Horiek ez dute irakurtzen’ esaten dutenei galdetuko bagenie ‘zuk zer irakurtzen duzu?’, seguruenik jende asko ez luke esango liburu bat irakurtzen duela hilean. Hor ere, dena bezala, garaiak daude, zeren batzuetan gehiago irakurtzen da eta beste batzuk gutxiago, baina hauek batzuk badaukate errutina bat».
Eneko Boveda: «Futbolari ‘idioten’ irudi hori zabaldu da, zoritxarrez»
Bovedak galdetegian parte hartu du eta «jokalariekin morbo antzekoa dagoela» aitortu du. Athleticeko ‘begiztatzailea’ egun, 2022ko udan jokalaria izatea utzi zuenetik Txipren, eta gertutik ezagutzen du zer den mundu hau, baita elitean edo lehen mailan aritzea. «Futbolari buruz aritzen garenean guztioi etortzen zaigu burura futbolarien piramidearen gailurra da –aipatu du–. Baina futbolari mota asko daude: batzuk aberatsak beste batzuk erdi aberatsak eta beste batzuk soldata xume bat jasotzen dutenak, jakinik zein den iraungitze epea lan horretan. Jokalari mota prototipo konkretu bat dago eta hori desmuntatu behar dugu, zeren logikoa da pentsatzea futbolarien artean, tabernari edo irakasleen artean bezala, denetarik dagoela. Azken batean futbolariak bakarrik direlako, jende multzo baten artean besteak baino futbolean hobeto jokatzen duen jendea».
Egonezin bat eta aitorpen bat egin du Bovedak. Lehena: «Futbolari ‘idioten’ irudi hori zabalduta dago, zoritxarrez». Bigarrena: «Beti esan dut futbolariak denbora izan dugula irakurtzeko, baina ni, une honetan, jokalaria izateari utzi diodanetik, sekula baino gutxiago irakurtzen ari naiz. Eta zalantzarik gabe, futbolean asko irakurtzen da. Egia da hoteletan denbora asko egiten dela, bidaiak askotan luzeak izaten direla eta hegazkinean wifirik ez dagoela. Ni ez naiz futbolaria sentitzen, baina ez dira martzianoak». Hor, irakurtzeko tarteak.
Bovedak ‘sakralizazioaren’ aurka azaldu da, bai futbolariena baita liburu berarena ere. Agian hain ‘sakratutzat’ joko ez balitz, aipatu zuen, agian denbora pasa edo zerbait xumeago bezala ikusiko balitz gizartean sustraituago egongo litzateke.
Lan baten bigarren emaitza
2020. urtean Laida Ikerketa Taldeko partaideek aurkeztu zuten ‘Euskal Literatura eta Futbola’ lehen liburuaren jarraipena da hau. Orain, lan horretan aipatu ez ziren gaiak eta ikuspegi berriak eskaini nahi ditu ‘Euskal Literatura eta Futbola II’ haren bizkia den lanean. Haren moduan hiru atal nagusitan banandua dator: Ikerketa, Irakurketa eta Sorkuntza atalek osatu dute lana.
Liburu berri honetan, futbolari buruzko ipuingintza, saiakera, haur eta gazte literatura eta komikia hartu dira hizpide: ipuingintza aztertu du Jon Kortazarrrek, eta bertan Koldo Izagirre zein Katixa Agirreren ipuinak aztertu dira; David Garcia Camesek Iribarren mitologizazio prozesua aztertu du saiakera bi ikertuz; haur eta gazte literaturan futbolak duen presentzia aipatu dute gaian adituak diren Karla Fernandez de Gamboak eta Xabier Etxanizek eta, genero kritikaren bideak erabiliz, maskulinitate berriak aztertu ditu Unai Iturriaga eta Alfonso Zaìcoren ‘Diamanteak, urrea eta ikatza’ futbolari buruzko komikian Jose Antonio Morlesin Melladok.
Orain gutxi joan zitzaigun Almudena Grandes idazle handiaren futbolari buruzko ipuin bat itzuli da euskarara. Idazle madrildarren lehen itzulpena da euskaraz. Eta Harkaitz Canok ipuin bihurtu du bere ‘Twist’ nobelako pasarte bat, futbolagatik duen zaletasunaren testigu.