INFO

Bernard Elhorga Senpereko bozen lehen itzulian aurkeztuko da otsailaren 19an

2020ko hauteskundeen ondotik oposizioan izan den ‘Agir pour Saint-Pee’ taldearen babesarekin aurkeztuko da, heldu den otsailaren 19an iraganen den herriko bozen lehen itzulian, Bernard Elhorga.

Bernard Elhorga ‘Agir pour Saint-Pee’ izeneko hautagaitzaren burua taldeko hainbat kiderekin batera. (@MediabaskInfo)

«Herriko Etxea gripe egoera honetatik atera nahi dut, federatzailea izan nahi dut». Aldarrikapen horrekin aurkeztu da heldu den otsailaren 19an iraganen den herri bozetako lehen itzulian hautagai izanen den Bernard Elhorga.

Elhorgak 62 urte ditu eta 2014ko bozetatik eta 2020ra arte auzapez izan zen Pierre-Marie Nousbaumenen ‘Agir pour Saint-Pee’ izeneko taldearen zerrendaburua izanen da.

Orotara 31 pertsonek osatzen dute taldea. Hautagaitzaren erdia 2020ko ‘Agir pour Saint-Pee’ zerrendatik heldutako hautetsi edo laguntzaileak dira. Gainerako guztiak aurpegi berriak dira.

Lauzpabost bilera publikoa egitea aurreikusten duen hautagaia bere burua ezagutarazteko baliatu zuen Elhorgak iragan ostiralean antolaturiko prentsaurrekoa. Programari dagokionez, hautagaiak ez zuen berririk eman. Ondoko asteotan prest izanen dela iragarri zuen.

Bere bizitza profesionalak Pariseko eskualdera eraman zuen urte luzetan. Izan ere, 2000. urtean, erretreta hartu ondoren, sorterrira itzultzea erabaki zuen La Poste taldeko zuzendari ohiak.

«Senpere nire familiaren sorlekua izan da belaunaldiz belaunaldi, eta nire ama beti han bizi izan da», adierazi zuen euskaraz ere ongi mintzatzen den Bernard Elhorgak.

Herriko bozetarako oraingoz bi zerrenda aurkeztu dira, Bernard Elhorgak ostiralean jendaurrera aurkezturikoa eta urtarrilaren 4an aurkezpena egi zuen ‘Hats Berri’ izeneko hautagaitza,  Christophe Jaureguy buru izanen duena.

Dominique Idiart buru duen udal gobernuaren krisia

Joan zen udazkenean Senpereko herri kontseiluan azaleratu zen krisia atzera egiteko ezinezko egoeran sartu zen abenduaren hasieran.

‘Agir pour Saint-Pee’ oposizio taldeko zazpi zinegotzik dimisioa aurkeztu ondoren, 2023ko martxora bitartean udal bozak berriro egiteko atzerako kontua martxan jarri zen.

Dimisioen katea lehenago hasi zen, ordea. Zehazki iragan urriaren 8an udal gehiengoaren partaide ziren Senpere Bai talde abertzaleko bost hautetsik aliantza bertan behera uztea deliberatu zuten.

Ordurako, udal gobernuan jarduten zuten bertze bost kontseilarik tantaka beren ardurak utzita zituzten Dominique Idiart auzapezaren lan moldeekin ados ez zirelako.

Gauzak horrela, hauteskunde legealdia eskutan heldu den otsailean Senperen «boza partzial integralak» egiteko asmoa iragarri zuen, joan den urtearen hondarrean, Pirinio Atlantikoen Prefeturak.