INFO

Iruñeko Alde Zaharreko osasun etxeko oztopo arkitektonikoak kentzea eskatu du AZ taldeak

Iruñeko Alde Zaharreko osasun etxera sartzeko dauden oztopo arkitektonikoak kentzea eskatu du AZ taldeak. Kaldereria kaleko ataria zabaltzea egun dagoen arazoa konpontzeko modua izango litzatekeela azaldu dute eta administrazioek «kexak batetik bestera pasatzen ibili direla» salatu dute.

Iruñeko Udaletxearen aurrean agerraldia egin du AZ-k Alde Zaharreko osasun etxeko oztopo arkitektonikoak salatzeko. (AZ EKIMENA)

Alde Zaharreko osasun etxean dauden oztopo arkitektonikoak kentzeko eskatu dio Iruñeko Udalari AZ Sare Komunitarioko osasun taldeak, gaur udaletxearen aurrean egin duten agerraldian.

Talde honek salatu duenez, 2020ko urtarriletik kexak «administrazio batetik bestera pasatzen ibili dira». Honekin batera, egoera konpontzeko Kaldereria kaleko ataria irekitzea eta bertan bideo-deia duen atezain automatiko bat jartzea proposatzen dute.

2020ko urtarrilean AZko Osasun Taldeak bizilagunen 476 instantzia aurkeztu zizkion Osasunbideari, Alde Zaharreko osasun etxean dauden oztopo arkitektonikoak kentzeko eskatuz. Udalean ere arazoaren berri eman zutela gogoratu dute. «Ordudanik, ez da ezer aldatu», salatu dute.

Alde Zaharrean osasun etxera sartzeko arazoak dituzten pertsona asko daudela azaldu dute. Kaldereria kaletik osasun etxera doazen eskailerak edo Curia kaletik gora igo behar dute. «Oztopo horiek gutxieneko gastu batekin eta erakundeen borondate politikoarekin gainditu litezke», nabarmendu dute.

Osasun etxeko sarrera Konpainia plazan kokatzen da, baina eraikina Kaldereria kalera jaisten da. Kale honetan atari bat dago baina burdinezko hesi batez itxita dago. AZren arabera, konponbiderik errazena atari hori irekitzea da. «Sarbide horretan alboetako barra batzuk jartzea malda txiki bat duelako eta bideo-deia duen atezain automatiko bat izatea. Horrela, mugikortasun arazoak dituzten pertsona guztiak, aulkiak dituztenak eta abar, oinez Osasun etxerako sarbidea izan dezaten kaletik zuzenean. Handik harrerara doan igogailura joateko aukera izango dute», azaldu dute.

2020an egin zuten erreklamazioaren ondoren, Udalak atariaren jabea Nafarroako Gobernua dela erantzun zuen. Ondorioz, Parlamentura jo zuten 2022ko maiatzean Udalari atariaren ardura pasatzeko eskatzeko.

2022ko azaroan Juan Jose Echeverria Hirigintza zinegotziarekin elkartu ziren AZko kideak eta honek Osasunbideara bideratu zituen. Osasunbidean, berriz, oztopoak kentzeko ardura Udalarena zela erantzun zieten. «Hiru urte hauetan administrazio batetik bestera saltoka egon ondoren, AZko Osasun taldeak oraindik ere, Alde Zaharrean, pertsona zaharrenek, mugikortasun mugak dituztenek eta aulkiak daramatzatenek oztopo arkitektonikoak gainditzen jarraitu behar dutela salatzen du, aspaldian desagertuak egon behar liratekeen oztopoak. Horregatik, Iruneko Udalari eskatzen diogu berehalako konponbidea eman diezaiola arazo honi», aldarrikatu dute.