INFO

Indarkeria matxistaren biktimen beharrak «erdigunean» jartzen dituen akordioa sinatu dute

Biktimen beharrak «erdigunean» jarriko dituen Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen arreta hobetzeko III. Akordioa sinatu dute ostegun honetan Gasteizen, udalerriek, foru aldundiek, Lakuak, botere judizialak, mediku eta Arartekoak sinatuta.

Indarkeria matxistaren biktimak «erdigunean» jarriko dituen akordioa sinatu dute. (Raul BOGAJO | FOKU)

Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen arreta hobetzeko III. Akordioa sinatu dute hainbat erakundek ostegun honetan Lehendakaritzan. Lakuatik esan dutenez, indarkeria mota honekiko «gero eta kontzientziazio handiagoa» duen gizartearekin batera, biktimen beharrak «erdigunean» jarriko dira hitzarmen honen bitartez.

Sinaduran parte hartu dute, Iñigo Urkullu lehendakariaz gain, Ramiro Gonzalez, Unai Rementeria eta Markel Olano Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusiek, hurrenez hurren; Gorka Urtaran Eudeleko presidenteak; Manuel Lezertua Arartekoak; Iñaki Subijana EAEko Auzitegi Nagusiko presidenteak; Carmen Adan Del Rio EAEko fiskal nagusiak; Gerardo Lopez Sanchez-Saratxaga Abokatuen Euskal Kontseiluko presidenteak; eta Cosme Naveda Euskal Medikuen Kontseiluko presidenteak.

Ekitaldian izan dira, halaber, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua eta Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria. Azken honek sinatzea «berri pozgarri» gisa baloratu du.

Lehendabiziko akordioa 2001ean sinatu zela gogorarazi du Urkulluk, indarkeria matxistaren aurkako erakundeen arteko 20 urte baino gehiagoko esperientzia azpimarratuz. Hala ere, «etengabeko hobekuntza prozesu bat» dela zehaztu du, «berdintasunean aurrera egitea erasoei leku gutxiago uztea» dela uste baitu.

Medikuen izenean, Euskal Medikuen Kontseiluko presidenteak biktimei laguntzeko «ezinbesteko faktorea» direla nabarmendu du. Izan ere, diagnostiko baten bitartez pertsona batek indarkeria matxista jasaten duen jakin dezakete eta, ondoren, honen aurkako «protokoloa jarraitzera animatu». «Biktimentzat hemen gaude eta egoten jarraituko dugu», adierazi du Cosme Navedak.

Laguntza juridikoa

Justiziaren arlotik ere bultzatu dute akordioa. Abokatuen Euskal Kontseiluko presidenteak legelarien lana eta hauek duten prestakuntza nabarmendu ditu, baita «lehenengo momentutik» biktimek jaso dezaketen laguntza juridikoa. Iñaki Subijana EAEko Auzitegi Nagusiko presidenteak ere laguntza hori bereizi du eta akordioak «biktima birbiktimizatzea saihesteko tresnak bilatzeko balio duela».

Bestalde, EAEko fiskal nagusiak, Carmen Adanek, indarkeria mota hau salatzearen beharra azaldu du. Bide batez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako fiskal guztiek kasu hauekiko duten konpromisoaz aritu da, gaur sinatutakoa akordio instituzionala baino, «kolektiboa» dela azpimarratuz.

Manuel Lezertuak, Arartekoak, aldiz, hitzarmenak Herriaren Defendatzailearen eta biktimaren arteko lankidetza hobetuko duela ziurtatu du, «salaketa aurkezteko ibilgua» hobetzeko.