INFO

Azken topaketa bat egingo du martxoan Foro Sozial Iraunkorrak bere ibilbidea ixteko

Martxoan ospatuko den VI. Foro Sozialarekin emango dio amaiera Foro Sozial Iraunkorrak bere ibilbideari. Durangon jakinarazi du hitzordua, gizarte zibileko eragile eta norbanakoekin izandako topaketan balantzea egin ondoren itxi duen agerraldian.

Foro Sozial Iraunkorrak bere lan etapa bukatutzat ematen duela jakinarazi du Durangon izandako topaketaren bukaeran. (Raul BOBAJO | FOKU)

Gizarte zibileko hainbat eragile eta norbanakoekin izandako topaketan balantzea egin ostean, bere ibilbideari amaiera emango dion azken hitzordu baten berri eman du Foro Sozialak larunbat honetan Durangon. Martxoan izango da seigarren foro hori, herri ekimenaren sorreraren urteurrenarekin bat eginez.

Nekane Altzelaik eta Agus Hernanek irakurri duten adierazpenaren puntuetako bat izan da azken deialdi hori. Adierazi dutenez, «aho batez» hartu da lan etapa amaitzeko erabakia, «balantze zorrotz barrean oinarrituta, belaunaldi berriei gizarte hobea uzteko gure ekarpena egin izanaz harro».

Aurrez aurre eta streaming bidez jarraitu ahal izan den topaketen atal publiko horretan, Foro Sozial Iraunkorreko bozeramaile ezberdinek hartu dute hitza herri dinamika izan duen ibilbidean izandako lorpenak nabarmentzeko.

Adierazpenak itxi du ekitaldia. Bertan jaso du Foro Sozial Iraunkorrak asko izan direla azken urteotan egindako aurrerapausoak, eta «konfidantzazko espazioak sortzea» izan dela horren gako nagusietako bat.

Egindako bidearen izaera kolektiboa azpimarratu dute, «erosotasun eremutik» irtetzea erabaki eta «banatzen gaituenaren gainetik batzen gaituenari» lehentasuna eman dioten pertsona guzti horien ekarpenaren garrantzian fokua jarriz.

Bere sorreran zehaztutako hamabi gomendioetatik hamaika oso aurreratuta daudela edo konponbiderako markoak definituta daudela esanda, azpimarratu du konponbiderako prozesua ez dela burutu.

Adierazi duenez, «hilabete hauetan oztopo berriak agertu» dira, «fase berri baten erronkak identifikatzen dituztenak baina aurrekoak bezalakoak izango ez direnak».

«Indarkeria zikloaren ondorioen konponbiderako prozesuaren fase berriak» dituen erronkei aurre egiteko «tresna berriak sortu beharko dira», erantsi dutenez

Indarguneak, presioak eta ahultasunak

Bere ibilbidearen zeharreko balantzearen testuinguruan, gogoratu dute konponbide integralaren alde lan egiteko jaio ez bazen ere, indarkeria zikloaren ondorio guztiak konpontzeko gomendioak jarri dituela mahai gainean Foro Sozial Iraunkorrak.

Lan egiteko jarraitutako sistemaren ardatzak ere aipatu dituzte: «askatzeke dauden korapiloak identifikatzea, nazioarteko esperientziak aztertzea, nazio estandarretan oinarritutako gomendioak egitea eta horien inguruan ahalik eta adostasun handia lortzea».

Onartu dute Foro Sozial Iraunkorreko bozeramaileek urte hauetan «handiak» izan direla jasandako presioak, «entzuteak eta jarraipenak» egon direla, eta horren harira nazioarteko eragileak Auzitegi Nazionalera edo Baionako Polizi-etxera deituak izan zirela gogoratu dute.

Beharrezko «pazientzia eta entzute» handiak ekarri dituzte gogora, baita aliantza berriak egiteko eta elikatzeko erakutsitako gaitasuna edota denboran zehar mantendutako elkarrizketarako espazio diskretuak.

Balantzean, bidean identifikatutako hutsuneak ere aipatu ditu Foro Sozial Iraunkorrak. Memoriaren arloan jokatutako «zuhurtzia handiegia» aipatu dute kapitulu horretan, baita erakunde eta sentsibilitate politiko guztiak elkartzea lortu ez izana edo gazteekin egindako lanean asmatu ez izana.

Atzera begiratuta, agur esateko ekitaldian, hitzak izan dituzte azken hamar hauetan elkarbizitzaren eraikuntzan, ondoan izan diren eragile eta norbanakoak. Indarkeria ezberdinetako biktimen ahalegina azpimarratuta, azken hamar urte hauetan Paul Riosek edo Anaiz Funosasek egindako karpena azpimarratu dute.

«Bake Bidea gabe ezin izango genuen ziklo hau amaitu», adierazi du Agus Hernanek, Foro Sozialaren ekarpena «ez bakarrik begiekin belarriekin ere» entzuten jakin izan dutenen artean Rafaela Romero bezalakoen erantzunei balioa emanez.