Estibaliz Urresola laudioarra Urrezko Hartza eskuratzeko lehian sartu da
Estibaliz Urresola zinemagile laudioarrak Berlinale jaialdiko sail nagusian hartuko du parte, ‘20.000 especies de abejas’ lanarekin. Goya sarietarako ere izendatuta dago, ‘Cuerdas’ film laburragatik.
Estibaliz Urresolaren ‘20.000 especies de abejas’ filma Berlinaleko sail nagusian lehiatuko da, jaialdiko zuzendari artistiko den Carlo Chatrian-ek astelehen honetan iragarri duenez. Jaialdiak bere 73. edizioa abiatuko du heldu den otsailaren 16an, eta Urresolak Urrezko Hartza eskuratzeko aukera izango du bere lehen film luzea izango denarekin.
Filmaren bidez Luciaren istorioa kontatzen digu zinemagile laudioarrak. Neska transexuala da Lucia, baina bere ikaskideek oraindik ere bere aurreko izenaz deitzen diote, Aitor. Giro horretatik ihes egiteko beharra sentituko du neskatoak eta uda iristearekin egingo du amets, eskolako egunerokotasun itogarria atzean uzteko unearekin.
Opor-lekura iristean, ordea, Luciaren amak ezusteko jarrera hartuko du: herriko jendeak bakean utz ditzan, neskatoaren errealitatea ezkutatzen ahaleginduko da. Bien desirak norabide ezberdinetik joango dira eta egoera katramilatu egingo zaie, euren bizitzak goitik behera aldatzeraino.
‘20.000 especies de abejas’ Urresolaren lehen lan luzea da eta BTeam Picture ekoiztetxetik iragarri dutenez, apirilaren 21ean estreinatuko da zinema komertzialetan.
‘Cuerdas’, Goya sarietan
‘20.000 especies de abejas’ film luzearekin Berlinera bidaiatu baino egun batzuk lehenago, otsailaren 11n, Goya sarietan izango da Urresola. ‘Cuerdas’ lanarekin, fikziozko film labur onenaren kategorian lehiatuko da laudioarra.
Film labur honetan, adineko emakumez osatutako abesbatza baten bizipenetara eramango gaitu Urresolak: udalaren diru-laguntza galduta, entsegu lokala ere galtzekotan egongo dira eta, horrekin batera, eurentzat abesbatzak bizipenak trukatzeko topagune gisa duen garrantzia geratuko da agerian.
‘Cuerdas’ lanak Canneseko Rails d'Or saria eta film labur onenaren Forqué saria jaso ditu.