INFO

Aurten hasiko dira Zarauzko saihesbidea eraikitzen

Zarauztarrek luzaroan espero izan duten N-634 errepidearen saihesbidea aurten hasiko dira eraikitzen, ostegun honetan Aintzane Oiarbidek Bide Azpiegituretako diputatuak jakinarazi duenez. Erdigunea eta Abendaño eta Errotaberri industriaguneak lotuko ditu eta kilometro eta erdiko luzera izango du.

Aintzane Oiarbide diputatuak Zarauzko saihesbidea aurkeztu du. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Zarauzko saihesbide berriaren lanak aurten hasiko direla iragarri du Aintzane Oiarbidek, Bide Azpiegituretako diputatuak, ostegun honetan. N-634 errepidearen saihesbidea da eta herriaren erdialdetik trafikoa aterako duenez, Abendaño eta Errotaberri industrialdeen jardueran eragin handia izango du.

Diputatuen Kontseiluak baiezkoa emanda, martxan jarri da proiektua. Orain, erakusketa publikoan jarri eta lizitatu ondoren lanei ekingo zaie. Aurrekontua 9.767.654,32 eurokoa da eta exekuzio epea, guztira, 18 hilabetekoa.

Lan hau, Oiarbidek azpimarratu duenez, «mugarri eraldatzailea izango da Zarauzko etorkizunerako», saihesbide berriak «industriaguneetara joateko herria alderik alde zeharkatzen duen trafiko astuna erdigunetik aterako baitu eta autobideaz bestalde dauden industria jarduerei bultzada emango zaie, sarbideak erraztuko baitira».

Bi errei eta 1.560 metro

Aldundiak ohar batean zehaztu duenez, bi errei izango ditu, bana norabide bakoitzean, 1.560 metro guztira. Kilometro eta erdiko luzeran, hiru biribilgune izango ditu saihesbideak, Astiko biribilgunean (AP-8 irteeran) hasi eta Frantsesbide kalearekin bat egin arte. Azken zati hau ‘T’ itxurako elkargune batean amaituko da.

Halaber, Astiko egungo biribilgunea moldatu egingo da eta elipsi forma izango du, adar berriari leku egin ahal izateko. Hortik adar berri hori Bidegiko instalazioen atzetik igaroko da, bi noranzkorekin, eta autobidea azpitik pasatuko du, Sarobeaundira arte. Biribilgune berri bat egingo da han, hiru adarduna, Buztinzuriko biribilgunera arte. Adarretako batek saihesbidea Zarauzko herrigunearekin lotuko du Buztinzurin, gaur egun existitzen den autobide azpiko pasoaren bitartez.