Bortziritarrak, osasuna zaindu eta duintzeko borrokan
Bortziriek 8.500 biztanle dituzte, tartean 1.300 haur, eta hiru eta egun batzuetan lau mediku bertzerik ez denak artatzeko. Zegoen pediatra bakarrak erretiroa hartu zuen abenduan eta, momentuz, ez dago berririk. Haserre eta kezkaren isla, protestak eginen dituzte. Pilota Nafarroako Gobernuan dago.
Bortzirietako Osasun Plataformak elkarretaratzeak antolatu ditu bortz herrietan. Ostegun honetan eginen dituzte, denak 18.30ean: Beran, Mukixu zubian; Lesakan, osasun zentroaren atarian; Etxalarren eta Arantzan, herriko plazan; eta Igantzin, kontsultategiaren aitzinean. Izan ere, sei familia mediku eta bi pediatra behar lituzkeen eskualdean, hiru eta zenbait egunetan lau mediku bertzerik ez baitaude, haurrak zein helduak zaintzeko. Urte hasieratik Lesakako osasun zentroan bilduak daude hirurak; herrietako kontsultategietan erizainak gelditu dira soilik.
Profesional, erakunde nahiz herritarrekin egon gara, eta guztiak bat datoz: faktore anitzen ondorioz ailegatu da egoera hau, ez du soluzio erraza, baina Nafarroako Gobernuari dagokio. Etortzen diren medikuak konpentsatzea eta araudia berrikustea izan daiteke bide bat. Kontua da, sendagile baino plaza gehiago dagoenez, profesionalek non lan egin aukera dezaketela eta ez dituztela Bortziriak hautatzen, soldata eta lan baldintza hobeak eskaintzen dizkien eta bertan duten Gipuzkoa edo bizileku duten Iruñerria baizik.
Adabakiak
Arantzako eta Igantziko medikua gipuzkoarra da. Urtarrilean hasi da lanean. Aitzinekoak erretiroa hartu zuenetik hutsik egon da plaza. Lesakako bi sendagile bajan daude, ez dakite noiz arte. Eskualdean ia 30 urtez lanean aritu den pediatrak, geroago ezagutuko dugun Belen Compainsek, erretiroa hartu zuen abenduan. Duela bi urtetik egun hori iritsiko zela jakina zen arren, ez da oraindik berririk etorri; eta okerrena da inork ez dakiela etorriko den. Lanaldi erdiko pediatraren plaza hutsik dago aspalditik.
Astean bi egunetan 16.00etatik 20.00etara mediku bat etortzen hasi da Elizondotik, jarraipena behar duten haurrak ikustera. «Adabaki bat da», Ruth Gonzalezek salatu duenez. Zazpi urtez Bortzirietako Lehen Mailako Arretako zuzendaria izan ondotik dimititu egin zuen Gonzalezek, Compains erretiratu zen data bertsuan, egoerarekin etsita. Duela 11 urte Gipuzkoatik etorri zen sendagile izateko, eta horretan segitzen du. Berarekin eta Elixabet Elizalde erizain buru etxalartarrarekin elkartu gara eta, kontatu digutenez, EAEn lanean ari den pediatra batekin «negoziatzen» ari da Nafarroako Osasun Saila, ea etortzen ahal den.
Ladis Satrustegi Lesakako alkateak gauza bera azaldu digu: «Oraintxe solastatu naiz Carlos Artuondo osasun zuzendariarekin, eta erran dit ari direla mediku batzuen eta batez ere pediatra baten gibeletik, baina pertsona horien borondatearen esku gelditzen da, ez dago egituratua hezkuntzan bezala. Eskaintza hobeak edo eurentzat egokiagoak badituzte, plaza hauek beti hutsik segituko dute. Beraz, legez ere hartu behar dira erabakiak, herriak babesgabe gelditzen garelako. Ahoa betetzen zaigu despopulazioarekin eta landa garapenarekin, baina gero ez dira hil ala biziko zerbitzu hauek zaintzen. Ez gara berriak sortzeko eskatzen ari, izan badirelako; horiek zaindu eta duindu behar dira».
Egunaren arabera, hiru edo lau sendagile izaten dira Bortziri osorako. Elkarrizketaren egunean hiru ziren: bi Lesakako zentroan, eta bat etxeetan eta Bera eta Lesakako adinekoen egoitzetan. Iritsi ezinik dabiltza.
«Ez gara bigarren mailakoak»
Bortzirietako Osasun Plataformako kide da Satrustegi, Izaskun Rodriguez, Begoña Ordoki eta Iñaki Olaizola herritarrak bezala. «Ez gara bigarren mailakoak», nabarmendu dute. «Dena Iruñerrian zentralizatzen ari dira. Herrietan gero eta zerbitzu gutiago daude, eta, zaintzen ez badira, jendez hustuko dira».
Garai batean asteazkenero egin zituzten elkarretaratzeak Lesakako osasun zentroaren atarian, eta partaideetako batek hala bota zuen deus mugitzen ez zela ikusita: «Honek ez du ezertarako balio!». Baina ez dute uste hori hala denik. «Deserosotasun bat sortzeko modu bat da. Zerbait bada», adierazi du Izaskunek. Eta Iñakik: «Gure herria defendatu behar dugu. Guk lortzen ditugun eskubideak dira. Ezin dugu indibidualki planteatu; denon arazo bat da».
Pazienteen bizipenak
Rodriguez hiru seme-alabaren ama da. Gazteenak, 7 urteko Leak, besoa puskatu zuen berriki eta Irunera joan behar izan zuten larrialdietara. Lesakako medikua etxe batean zegoen eta ezin zuten gehiago itxaron. Ordoki eta Olaizola jubilatuta daude, eta Irungo Bidasoa Ospitaleko zerbitzua hobetzeko mobilizazioetan parte hartu izan dute, bortziritarrak ere artatzen baititu zentro horrek. Zorionez, aspaldi ez dute medikuaren beharrik izan, baina ingurukoen bizipenak kontatu dizkigute.
«Ez zait ongi iruditzen osasun etxera deitu eta administrariari zergatia azaldu behar izatea eta berak erabakitzea zeinek ikusiko zaituen»
«Ez zait ongi iruditzen osasun etxera deitu eta administrariari zergatia azaldu behar izatea eta berak erabakitzea zeinek ikusiko zaituen. Osasun kontuak norberarenak dira», gaitzetsi du Begoñak. «Ume bati kontsulta emateko hamar egun egon ziren zain. Tarte horretan, edo sendatzen zara edo larrialdietan bukatzen duzu», kexatu da.
Iñakik aipatu du koinatua psikologoarenera joaten zela Lesakako zentroan, baina orain ez duela jarraitzen zerbitzu horrek. Emagina ere egon zen sasoi batean, baina ginekologiarekin lotutako zerbitzua Elizondon jasotzen dute bortziritarrek, eta bertako emagin bat borondatez etortzen zen Lesakara. Horregatik, bere lana bukatu zenean galdu zen arreta hori ere.
Pribatuaren tentazioa
Bortziritarrak –ospitalean jaiotzen direnak behintzat– Donostian eta, kasu batzuetan, Iruñean sortzen dira, eta geroztik, behar duten zerbitzuaren arabera, Gipuzkoa eta Nafarroa artean dantzan ibiltzen dira. Horrek ere arazoak eragiten ditu, fitxa bateratuak ez erabiltzeagatik, bertzeak bertze. Lesakako alkateak adierazi duenez, «hobeki egin behar da lankidetza, baina, berriz ere, interes politikoak daude».
«Goitik ere hondatzen ari dira osasun sistema publikoa, nahita, pribatizatzeko», gehitu du Ordokik. «Tentazioa hor dago. Profesional batzuk publikoan aritzen dira goizetan eta pribatuan arratsaldetan; eta pribatura bazoaz, lehenago lortzen dizute publikoan erresonantzia bat», kritikatu du.
«Etorri beldurrik gabe»
Elixabet Elizalde eta Ruth Gonzalezek agertu dutenez, herritarrak hagitz ongi portatzen ari dira, sobera batzuetan. «Gaur bertan bi paziente nagusi ikusi ditut ez luketenak itxaron duten adina itxaron behar», kontatu du sendagileak. «Ez molestatzeagatik esperatzen dute. Batez ere adin batean osasun egoera bat luzatzea, pneumonia bat kasu, arriskutsua izan daiteke. Behar delarik behar da, eta zabaldu nahi dugun mezua horixe da: gaizki gaude baina arreta bermatua dago, eta etorri beldurrik gabe».
«Zentralizatze horrek erantzukizun handiagoa jarri du erizainongan, baina etengabe gaude komunikatuak medikuekin»
«Mediku eta erizainak egunero hemen gara –adierazi du erizain buruak–. Herrietan beti bada erizain bat pazienteak ikusi eta galderak erantzuteko, eta badaki gauzak nola egin. Hobe da begiratu eta ezer ez izatea, eta ez berandu iristea. Zentralizatze horrek erantzukizun handiagoa jarri du erizainongan, baina etengabe gaude komunikatuak medikuekin».
«Dena komentatzen dugu gure artean. Erizainak hagitz ongi prestatuak daude eta, gainera, badakite noraino iristen den euren papera. Norbait mediku batek ikusi behar duela erraten badute, hala egiten dugu. Alde horretatik lasai gaude. Zortea dugu lantaldeek ongi lan egiten dutelako», erantsi du Gonzalezek.
Mugikortasuna
Urte hasierarekin batera medikuen zerbitzua Lesakan zentralizatu zutenetik bortz herrietako biztanleak hartzen ari dira, gehienak 20 eta 70 urte bitartekoak; helduagoak ez datoz. Haiek dira zaurgarrienak eta, era berean, gehien jasaten dutenak, baita mugikortasuna mugatuen dutenak ere. «Eritasunen bat kontrolatzeko hitzordua eman eta ‘semeari edo alabari galdetu behar diot ea ekartzen ahal nauen’ erraten digute. Sarri norbaiten beharrean daude etortzeko, eta ez dute molestatu nahi izaten».
«Eritasunen bat kontrolatzeko hitzordua eman eta ‘semeari edo alabari galdetu behar diot ea ekartzen ahal nauen’ erraten digute. Sarri norbaiten beharrean daude etortzeko, eta ez dute molestatu nahi izaten».
Mugikortasunaz ari garela, «garraio publikoa murriztua da joan den mendearekiko», kritika egin du Elizaldek. Iruñera joateko egunean autobus bat bertzerik ez dago eta ez dago bortz herriak komunikatzen dituen garraio publikorik. Hori sortzeko unea izan daitekeela eta udalek zerbait egin dezaketela planteatu du eskualdeko bizilagun ere baden sendagileak, taxiak eta minibusak jarriz. «Horrek komunitate gisa lagun diezaguke».
Hala erantzun dio Lesakako alkateak: «Nafarroako Gobernuaren konpetentzia da garraio publikoa. Mikrobusa edo taxia jar dezakegu Beratik edo Arantzatik Lesakara etortzeko, egia da, baina zalantza dugu albo kalte hori guk asumitu behar dugun edo Gobernuak. Eta Iruñera joan behar badugu profesional faltagatik, nola joango gara? Ez dugu ulertzen zergatik ez dagoen garraio publiko duinik».
«Erreferente izan da Nafarroa mailan Lesaka; ongi lan egin daiteke hemen. Gure alde dugu hori eta ez dugu galdu behar»
Baloratu eta erakarri
Aipatu dugu medikuen lantaldean gipuzkoarrak direla nagusi. Lesakan zentralizatu aitzinetik Gonzalezekin batera Berako kontsultategian aritzen ziren bertze bi medikuak ere halaxe dira. «Kontua da nola zaindu hauek. Badute konpromisoa pazienteenganako. Lan giroak ere laguntzen du», adierazi du Etxalarko erizainak. «Erreferente izan da Nafarroa mailan Lesaka; ongi lan egin daiteke hemen. Gure alde dugu hori eta ez dugu galdu behar», gaineratu du medikuak.
«Ekografiak egiteko, kirurgia txikia... garatzeko aukera badago, baina horretarako gutienekoak beteta egon behar du. Hori baloratu behar dute kontratatzeko eta jendea erakartzeko ahalmena dutenek. Nafarroako Osasun Zerbitzuak ongi egindako lana aitortu behar du; ez du balio denei berdina emateak, saritu egin behar du, kontuan izan jendea gustura badago zerbaitengatik dela. Balio positibo bat da hori, eta baloratu gaitzaten eskatzen dugu».
Denak emakumeak
Nekea ere sumatzen dutela onartu dute, «ezin baita makina egunero bortxatu». Lantaldean, haurrak ikustera etortzen den medikua izan ezik, gainerako guztiak emakumeak dira, eta horrek ere badu bere irakurketa. Alde batetik, kontziliazioak hartzen du pisua. Pentsa daiteke gizonak izanez gero prest egonen liratekela lanaldia gehiago luzatzera, baina Ruthek eta Elixabetek, adibidez, hiruna ume dituzte eta etxe baten gobernua beren gain.
Bertzetik, lan feminizatuek hori dute, oinarrian prekarioagoak dira eta prestigioa galtzen dute. Elizaldek aldarrikatu duenez, covidaren pandemian pazienteen %80tik goiti Lehen Arretak artatu zituen eta, horri esker, gutiago ailegatu ziren ospitalera. «Prestigio hori eman behar zaio prebentzioari. Nola? Ez dakit, baina funtsezkoak gara sisteman».
«Bai, baina loria ospitalearentzat da», erran du Gonzalezek.
30 urteren ondotik, poz eta saminekin, badoa Belen Compains pediatra
Kasik 30 urtez aritu den kontsultan hartu gaitu Belen Compains pediatrak, Lesakan. Bertan sortua du familia, baina iruindarra da. Mezu zenbait zabaldu dira berari buruz, eta batzuek zioten itzuliko zela. Berak ere ez zekien; hala erran zien artatu zituen azken pazienteei. «Ez naiz bueltatuko, ez nautelako kontratatuko», adierazi digu.
Eta azalpena eman du: abenduaren 21ean jubilatu zen, 63 urte bete zituen egunean. Ordezkorik ez zela ikusita, proposamen formal bat egin zuen astean bi aldiz etortzeko, azterketak egiteko eta gaixo kronikoak ikusteko. Ez zuen erantzunik jaso, eta azkenean jakin du legez ezin duela halakorik egin.
Ibilbidean ezadostasunak izan ditu funtzionamenduagatik eta «gaizki tratatua eta umiliatua» sentitu izan da. Adibidez, haur osasuntsuen azterketen defendatzailea da Compains; prebentzioan eta formazioan zentratu izan da. Baina azterketa horiek denbora galtze bezala ikusi dituztela salatu du. Kritikoa da erizainei ematen ari zaien paper handiagoarekin ere.
Bortzirietara arreta goiztiarreko zerbitzua eta behar bereziak dituzten haurrentzako baliabideak ekartzeko lan egin du, eta harro dago horretaz. «Pediatra lana bokaziozkoa da, ederra, eta ongi egin daiteke. Jende anitzekin egin dut laguntasun harremana. Onerako eta txarrerako deitzen didate», agertu du.