INFO

Unai Iturriaga ‘Zugazart’-ek jaso du Prentsako Argia Saria, GARAn argitaratutako tirengatik

Zugazart izenarekin «inoiz egin dudan lanik gogorrenari» errekonozimendua jaso du Unai Iturriaga Zugaza-Artaza GARAko tiragileak, bera izan baita Prentsako Argia Sariaren irabazlea. Beste sari batzuk Azterketak Euskaraz, Inurri Elkartea eta Oihana Goirienarentzat izan dira, besteak beste.

Aurtengo Argia Sarien saridunak, tartean, eskuinean, Unai Iturriaga. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Unai Iturriaga Zugaza-Artazak GARAn Zugazart izenpean argitaratzen dituen iritzi tirek jaso dute 2023ko Argiaren Prentsa Saria. Sariak emateko ekitaldian azaldu dutenez, «aktualitateko gaiei eta auziei umorez eta zorrotz heltzen dielako» eman diote. Iturriagak, bestalde, momentuan «eroa» iruditu zitzaion lana «inoiz egin dudan gogorrena» izan dela adierazi du. Hala ere, bere ametsetako bat zela azpimarratu du.

Bi urte dira ez zutela aurrez aurreko sari-emate ekitaldia egiten, pandemia hasi zenetik online eman baitituzte sariak eta oraingoan Usurbilgo Atxega Jauregiak hartu du Argia sarien 34. edizioa. Aurkezle aritu diren BTN podkasteko Aner eta Haizeak esan dutenez, «pozgarria» izan da berriz ere aurrez aurre egotea.

Podkast batentzat, hain zuzen, izan da Entzunezko Argia Saria, Inurri elkarteak minbiziari buruz gidatzen duen (Min)bizi izenekoarentzat, «feminismotik eta elkartasunetik, deserosoak diren tabuei naturaltasunez heltzen dietelako». Sortzaileek «taldelan kolektiboa» dela argitu dute, «denona, guztiona, zuena» eta minbizia duten pertsonak «epairik gabe lagundu, babestu eta entzutea» dutela helburu esan dute.

‘Karpeta Urdinak’ torturatuei buruzko dokumentalak jaso du Ikus-entzunezko saria. Ander Iriarte zuzendariak jaso du Antton Mendizabal eskultoreak egindako saria, torturatuen familientzako «memoria eta laguntza integrala» aldarrikatuz, «aitortza ez delako bakarrik dokumentu bat sinatzea». «Torturatuen errealitate gordina argitara eta pantailetara kalitate handiz ekartzeagatik izan da irabazle.

Internet bidezko komunikazioak ere badauka bere tokia Argia sarietan. Atal honetako sariduna Mastodon sare sozial librearen euskal komunitatea izan da, mastodon.jalgi.eus eta mastodon.eus, «urte osoan euskaraz eta aske jarduteko aukera ematen dutelako». Saria jasotzeaz gain, euskaltzaleen artean «software librearen bidezko burujabetza teknologikoan» aurrera egin behar dela defendatu dute.

Urteko kanpaina onena, aldiz, Azterketak Euskaraz kolektiboarena izan dela erabaki du Argiak, hots, brebeta eta baxoa euskaraz egiteko borrokatzen duten Ipar Euskal Herriko ikasle eta irakasleak, «herrigintzak eta euskalgintzak beharko duen belaunaldi berriarentzako sekulako eskola delako». Jasotzerako orduan, frogak frantsesez egin behar izatea «ikasleen eta euskaldun guztion eskubide linguistikoak urratzen» dituela nabarmendu dute.

Azkenik, Oihana Goirienak jaso du Merezimenduzko saria, Pablo Gonzalez kazetariaren kartzelaratzea salatzeko egin duen lanagatik eta, bide batez, kazetaritza askea aldarrikatzeagatik. Beretzat «ohore izugarria» izan da Argia sari bat jasotzea eta «prentsa askatasuna eta kazetaritza independentea eta konprometitua beti aldarrikatuko» duela argi utzi du.