Euren buruak aurkitzen hastea ez dute nahikoa izan Ezkurdia eta Martijak Bilbon
Azkenerako susto handi xamar bat eraman badute ere, Elordi-Zabaletak oso bideratuta dute finalerdietarako txartela Peio Etxeberria-Rezustari 22-18 gailenduta.
Oraindik ere Binakako lehen fase luze hau amaitzeko lau jardunaldi eta igandeko partida geratzen badira ere, gauzak argitzen hasi dira, bai behintzat goiko eta azpiko bi postuetan. Alde batetik, Peio Etxeberria eta Rezustari 22-18 irabazita, Elordik eta Zabaletak oso bideratuta daukate finalerdietara zuzenean sailkatzea, izan ere, oraintxe 3 puntutako aldea ateratzen diete Hendaian galtzaile izan ziren Laso-Imazi eta lehen itzuliko elkarren arteko partidan Aspekoek 22-8 irabazi zutenez, ezinezkoa dirudi iazko azpi txapeldunak egungo liderrak harrapatu ahal izatea.
Azpitik, euren jokoan hobekuntza nabarmena izan duten arren, Ezkurdia eta Martija ia aukerarik gabe geratu dira Altuna eta Tolosaren aurka 16-22 galduta. Nafarrek lehiakortasuna berreskuratu duten arren, sailkapenak ere bere pisua izaten du horrelakoetan eta 14-11 aurreratik joatera iritsi diren arren, gauzak okertzen hasi zaizkienean behera egin dute nabarmen eta txanpon beraren beste aldean dauden Altuna-Tolosak ez dute barkatu bigarren postuan sendotzeko.
Pilotan eskuekin eta oinekin, baina buruarekin ere jokatzen dela argi ikusi da Bilboko jaialdian eta boladek momentu batean izan dezaketen pisua agerian utzi dute batzuek eta besteek. Izan ere, Ezkurdia eta Martijak egoerari buelta emateko zirrikiturik ikusten ez duten bitartean, Altuna eta Tolosak ez dute partida borobilik jokatu behar garaipenak eskuratzen jarraitzeko. Amezketarrak eta anoetarrak, biek pasa dituzte estuasuak gaurko partidan, atzelariak hasieran pilotek grazia zuten bitartean eta erdi aldera aurrelariak, ohikoak ez dituen hutsen batzuk pilatuta, baina konfiantzaz lepo daude, elkar babesten jakin izan dute eta amaieran Altunak, ia beti bezala, partida amaitu ahal izan du.
Sakandarren artean, ordea, ez da halakorik ikusi. Lana, borondatea eta nahia inork ezin die ukatu, baina partidaren zatirik handienean sendotasuna berreskuratu izanaren printzak ikusi badizkiegu ere, partida gogortzen joan den eran amildu egin dira, noiz eta Altunaren hiru kaleren ostean, 14-11 aurreratu direnean. Martijari pilota bat erori zaio, ordea, orduan eta erabakigarria izan den 7-0eko partzial bat jaso dute segidan.
FITXA TEKNIKOA:
Ezkurdia-Martija: 16
Altuna-Tolosa: 22
Pilotakadak: 752. Iraupena: 76,47 minutu. Markagailua: 0-3, 6-3, 6-4, 8-4, 8-8, 9-8, 9-9, 10-9, 10-10, 13-10, 13-11, 14-11, 14-18, 15-18, 15-21, 16-21, 16-22. Sakeak: 0 Ezkurdiak eta 1 Altuna III.ak. Egindakoak: 6 Ezkurdiak, 0 Martijak, 12 Altuna III.ak eta 0 Tolosak. Galdutakoak: 6 Ezkurdiak, 3 Martijak, 6 Altuna III.ak eta 4 Tolosak. Gorabeherak: Sarrera polita baina betekadatik urrun Bilboko Bizkaia pilotalekuan, lehen sakea urdin.
Elordi-Zabaleta, garaile Labriten
Labritekoa ere ez da batere partida lineala izan, nahiz eta kasu honetan Elordi-Zabaleta beti joan diren markagailuan aurretik. Are gehiago, hasieran liderrek hartu duten alde nabarmena izan da bederatzigarren puntua eman diena. Mallabitarrak astebeteko atsedena hartuta, txapelketa hasierako bikotea itzuli da Labritera, aurkariei inolako aukerarik eman gabe, 18-8 aurreratzeraino.
Formula ezagunarekin ireki dute bizkaitarrak eta nafarrak alde handi hori. Atzean Zabaletak epelak eman dizkio pilotari eta erabat erakutsi dio bizkarra Rezustari eta, txispa berreskuratuta, Aitor Elordik bikain atera die etekina bere atzelariak irekitako zuloei. Pentsa, lehen atsedenaldi luzean (12-3), bederatzi tanto zituen amaituta mallabitarrak.
Ondo nola jakin gabe, ordea, gauzak zaildu egin zaizkie liderrei eta azkenerako berotu handi xamar bat ere eraman dute berea zela uste zuten puntuari eusteko. Jokoan ahal zuen lekutik sartuta, Peio Etxeberriak jokoa nahastea lortu du, Elordi ere nahasmen horretan sartu eta gauzak errotik aldatu dira. Etsirik hartu gabe eta lanerako borondate ikaragarriarekin, Zenotzekoa eta Bergarakoa partidan sartzen joan dira eta azkenerako 21-18 ere gerturatu zaizkie Elordi-Zabaletari, baina beranduegi izan da.
FITXA TEKNIKOA:
Elordi-Zabaleta: 22
Peio Etxeberria-Rezusta: 18
Pilotakadak: 470. Iraupena: 65 minutu. Markagailua: 2-0, 2-1, 5-1, 5-2, 9-2, 9-3, 13-3, 13-4, 16-4, 17-6, 17-8, 18-8, 18-10, 19-10, 19-13, 20-13, 20-14, 21-14, 21-18, 22-18. Sakeak: 1 (falta 1) Elordik eta 2 (falta 1) Peio Etxeberriak. Egindakoak: 13 Elordik, 1 Zabaletak, 3 Peio Etxeberriak eta 1 Rezustak. Galdutakoak: 6 Elordik, 5 Zabaletak, 4 Peio Etxeberriak eta 3 Rezustak. Gorabeherak: Labrit goraino bete da eta giro bikaina egon da bertan.