INFO

Navarra Sumak eta PSNk Mañeru eremu mistoan sartzea galaraziko dute

Navarra Sumak eta PSNk Mañeru eremu mistoan sartzeko Euskararen Legea aldatzearen aurka bozkatuko dute ostegun honetan, Udalak, aho batez, eta Nafarroako Parlamentuko lau taldek eskatu zutenaren aurka. Hala ere, Chivite eta Esparzaren alderdiek legea aldatzeko unea ez dela azaldu dute.

Korrika, Mañeru zeharkatzen. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Navarra Sumak eta PSNk Mañeru eremu mistoan sar dadin Euskararen Legea aldatzea eragotziko dute, nahiz eta herriko Udalak, aho batez, eta EH Bilduk, Geroa Baik, Podemos Ahal Dugu-k eta Izquierda-Ezkerrak eskaera hori egin zuten.

Bi alderdiek ostegun honetan bozkatuko dute aldaketaren aurka, Nafarroako Parlamentuko Mahaiaren eta Bozeramaileen Batzordearen ostean iragarri dutenez. Navarra Sumak eta PSNk esan dute ez dela legea aldatzeko unea.

Carlos Perez-Nievas Navarra Sumako bozeramaileak defendatu du ez dela unea, baina adierazi du datorren legegintzaldiaren hasieran, Mañeruk berriro eskatuko balu, hori ere ez litzatekeela «argudio nahikoa» izango.

«Hizkuntza baten sustapena ez da diskriminazio positiboaren bidez egiten. Mañerun euskaraz hitz egiten duten pertsonak portzentualki oso gutxi dira», gaineratu du.

Ildo beretik, Ramon Alzorriz PSNko bozeramaileak azaldu duenez, «laster alda daiteke udal egoera», eta ez da unea, baina ez du esan nahi izan hurrengo legegintzaldian, eskaera errepikatuko balitz, botoa aldatuko luketen ala ez.

«Gainera, etorkizunari begiratu behar zaio, ez duelako itzulgarritasuna onartzen. Hau da, sartu ondoren ezin zara atera», nabarmendu du. «Euskara borondatez zabaltzen laguntzen dugu, Mañerun %10ek hitz egiten dute euskaraz», gaineratu du.

Geroa Baiko Uxue Barkosek esan du gustatuko litzaiokeela Parlamentuaren baiezkoa ikustea, udalbatzak aho batez onartu ondoren.

Podemosen aldetik, Mikel Buil bozeramaileak esan du ez litzatekeela ulergarria izango «udal baten osoko bilkuran aho batez aurkitutako neurri batek Legebiltzarrean babesik ez aurkitzea».