INFO

Hezkuntza premia bereziko ikasleentzako egitasmo aitzindaria aurkeztu dute Errenterian

Ikaste prozesuan zailtasunak dituzten ikasleak ongi prestatu eta ongi lanean hastea bermatu nahi dute. Proiektua Lanbide Heziketan hasi da, baina hezkuntza osoan eragitea dute helburu, Don Bosco, Tolosaldea LHII eta Dislegi bultzatzaileek azaldu dutenez.

Ezker-eskuin, Sandra Vazquez, Arritxu Gonzalez, Amaia Osambela, Miren Urquijo eta Nerea Sanchiz, IDU Gelak egitasmoaren sustatzaileak. (Maialen ANDRES | FOKU)

Errenteriako CIFP Don Bosco LHII, Tolosako CIFP Tolosaldea LHII eta Dislegi Gipuzkoako Dislexia Elkarteak egitasmo aitzindari bat aurkeztu dute asteazken honetan Errenterian: ‘IDU gelak, erronketan oinarritutako ikaskuntza kolaboratiboan’ izenekoa. Sustatzaileak pozik daude izan duten harrerarekin.

Asmo handiko proiektua da, eta ekintza oso desberdinak biltzen ditu. Lehenengoa, Lanbide Heziketako irakasleen artean Ikaskuntzaren Diseinu Unibertsalaren (IDU) esparrua ezagutaraztea da. Lanbide Heziketaren esparruan hasi dira, baina hezkuntzaren testuinguru osoan eragin nahi dute.

Egitasmoaren bigarren zatian, IDUaren esparrua Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Lanbide Heziketan (ETHAZIn) nola sar daitekeen aztertuko dute, irakasleei trantsizioan lagundu ahal izateko.

Jose Luis Perez , Arritxu Gonzalez,Amaia Osambela, Sandra Vazquez, Nerea Sanchiz, Andoni Arraras eta Miren Urquijo, Errenteriako Don Boscon egindako aurkezpenean. (IDU GELAK)


Ondorioak dokumentatuko dituzte eta sortutako materialarekin informazio komunitarioko material banku bat sortuko dute.

Guztiengana iristeko baliabideak

«Proiektu aitzindaria da estatu mailan, erronketan oinarritutako metodologiari (ETHAZI), Euskadiko Lanbide Heziketan arrakastaz diharduenari, Ikaskuntzaren Diseinu Unibertsalaren (IDU) esparrua gehituko zaiolako», nabarmendu dute prentsaurrekoan.

Amaia Osambela proiektuko komunikazio arduraduna, Arritxu Gonzalez Balioak 4.0ko arduraduna, Don Boscoko Sandra Vazquez, Nerea Sanchiz Tolosaldeko Balioak 4.0ko arduraduna eta Miren Urquijo Dislegiko lehendakaria izan ziren bertan.

ETHAZI eta IDU dinamikak uztartuta, ikaskuntza prozesuan zailtasunak dituzten ikasleak ongi prestatu eta ongi lanean hastea bermatu nahi dute. Lanbide Heziketako ikasleak parean egongo dira eta irakasleek ikasle guztiengana iristeko baliabideak izango dituzte.

Hiru proiektu pilotu

Proiektua aurrera eramateko, irakasleak espezializazio-ikastaroak egiten ari dira. Prestakuntza horren laguntzaz, hiru proiektu pilotu egingo dituzte, erdi mailako bi ziklotan: Telekomunikazio Instalazioetako Teknikaria (Don Bosco LHII), eta Mikroinformatika Sistemak eta Sareak (Tolosaldea LHII). Goi mailako ziklo batean ere bai: Mekatronika Industrialeko goi mailako teknikaria (Don Bosco LHII).

Proba pilotu horiei esker, ikasgelan funtzionatzen duten jardueren eta irakasleek izango dituzten beharrei buruzko adierazleak lortuko dituzte. 

Don Bosco, Tolosaldea eta Dislegi

Don Boscoko langile guztien artean datozen urteetarako diseinatu duten plan estrategikoaren adarrak dira inklusioa eta parekidetasuna.

Tolosaldeak dagoeneko lan egin du ‘Dislexia On’ proiektuan behar berezien inguruan, irakasleak dislexiaren inguruan sentsibilizatuz eta ikasgelan dislexiarekin lan egiteko moduaz hausnartuz.

Dislegi Gipuzkoako Dislexia Elkarteak, berriz, Hezkuntza Premia Bereziekin (HPB) eta IDUaren esparruan dituen adituekin duen esperientzia eskaintzen du. Proiektuaren hiru hanak dira. Elkarren osagarriak eta kontu handiz aukeratuak.

IDU markoa eta erronketan oinarritutako ikaskuntza

Agertu dutenez, Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsala (IDU) ikaskuntza zientzietako ikerkuntzan oinarritutako hezkuntza esparrua da. Banakako ikaskuntza desberdintasunak egokitu ditzaketen ingurune malguen eta espazioen garapena gidatzen du.

Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsala printzipio multzo bat da. Horri esker, diseinu hori ezagutzen duten irakasleek ikasle guztien beharrak asetzeko jarraibideak gara ditzakete. «Horregatik, oso garrantzitsua da LHko ikasgeletan sartzea», defendatu dute.

Erantsi dutenez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako LHn erronketan oinarritutako ikaskuntza kolaboratiboa, ETHAZI, duela urte batzuetatik ezarrita dago, eta emaitza onak lortu direnez, Europan jarraitu beharreko ikaskuntza eredu bezala aukeratu dute.

Edukia nola iristen zaion da arazoa

«Lan egiteko metodo honek, ikasleen indarguneak zeintzuk diren eta laguntza gehien behar duten esparrua zein den ezagutzeko aukera ematen du. Ohikoa da irakaslea konturatzea ez dela ikasleengana iristen, baina askotan ez du jakiten nola aurre egin. Ikasleak ez du arazoa edukiekin, eduki hori nola iristen zaion da arazoa eragiten diona, eta ondorioz, ez dago parekidetasunik, ezta inklusiorik ere gelan», esplikatu dute.

Irakasleek ez dute prestakuntzarik Hezkuntza Premia Berezietan, ezta oztopo horiek murrizteko lan egiteko moduan ere. IDUaren esparruan prestakuntza izango balute, horietako askok aldaketak egingo lituzkete beren eskoletan, eta horrek eragin handia izango luke ikasle guztiengan.

Baina, zeintzuk dira Hezkuntza Premia Berezia duten ikasleak? Ezgaitasun edo komunikazioaren eta hizkuntzaren jokabide-nahaste larrien ondorioz, HPBak dituzten ikasleek oztopoak dituzte ikaskuntzan eskolatze aldi batean edo eskolatze osoan, eta  laguntza eta arreta espezifiko jakin batzuk behar dituzte beren garapenari egokitutako ikaskuntza helburuak lortzeko.