INFO

Mugimendu abertzaleak Itsasuko Agiriaz geroztik eginiko ibilbidea jorratuko du Bagirak

Mugimendu abertzalea eguneratzeko xede duen Bagira prozesua iragan abenduan aurkeztu zen Bidarrain. Larunbat honetan, Itsasuko Sanoki gelan, 24 herritarrek haien lekukotasunak eskainiko dituzte hasierako transmisio ariketa pertsonal zein kolektibo baten baitan.

Hainbat sektoretako abertzaleak azaldu ziren Bagira prozesuaren berri emateko aurkezpen ekitaldian, Bidarrain. (Bob EDME)

Iragan abenduaren 14an bi Aberri Egunen artean garatuko den Bagira prozesua aurkeztu zuten ibilbilde eta belaunaldi ezberdinetako herritarrek Bidarrain.

Heldu den apirilean Itsasuko Agiriaren 60. urtemuga beteko da. Erreferentzia hori aintzat hartuta aurtengo eta heldu den urteko Aberri Egunen artean egungo eta etorkizuneko erronkei hobeki erantzuteko mugimendu abertzalea berritzeko prozesua nahi du garatu Bagirak.

Lan molde eta egutegi zehatza eskutan, iraganean egindakoa aztertu eta baliabide egokiak sortzea dute helburu, azken hamarkadan, berdin erakundetze prozesuari dagokionez zein gizarte alorreko dinamikei beha Ipar Euskal Herrian irudikatu diren aukera berriak onera eramateko.

Transmisioari duen garrantzia aitortzeko, azken 60 urteetan abertzalegoak egin duen ibilbide horretan erreferente izan diren 24 pertsonak haien kontakizuna eskainiko dute otsailaren 4an, larunbatarekin, Itsasuko Sanoki gelan antolaturiko ekimenean.

Hamarkadaka banatu da saioa

Goizeko 09.00etatik goiti, Kanaldudeko Pantxika Maitia kazetariak gidaturik, hamabi emazte eta beste hainbeste gizonek sei hamarkadako data esanguratsuak izanen dituzte hizpide.

Hamarkadaka banatu dituzte panelak.

Hala, 60. hamarkadaren atzerabegirakoa egiteko bertan izanen dira Christiane Etxaluz, Marikita Tambourin, Jean Louis Davant eta Gexan Alfaro.

Ondoko hamarkadako pasarte nagusietaz mintzatzeko Lilian Hirigoyen, Grazi Etxebehere, Patxi Noblia eta Gabi Oiharzabal izanen dira solaskide.

80ko hamarkadako hurbilpena eginen dute ondoren erreferente izan ziren militante hauek: Dominika Daguerre, Jeanne Kreckelberg, Xabier Manterola eta Peio Iralour.

Pantxika Ibarboure, Mirentxu Lako, Txomin Hegi eta Jakes Bortayrouk hartuko dute lekukoa 90eko hamarkadaren gako nagusiak aipatzeko.

Mende berriaren lehenengo hamarkadan mugimendu abertzalean beren ibilbideari ekin zioten Juliette Bergouignan, Anita Lopepe, Francis Poineau eta Txetx Etcheverry arituko dira.

Finean, mugimendu abertzalearen presentzia oso bestelako eremuetan azaleratu den 2010etik aurreko etapa jorratzeko Anaiz Funosas, Martine Bouchet, Nikolas Blain eta Xebax Christy izanen dira Itsasun.

Apirilaren 8 eta 9ko hitzordua

Aurtengo Aberri Eguna bi egunetan ospatzeko gonbidapena luzatu zuten Bagira prozesuaren sustatzaileek Bidarrain eginiko aurpezpenean.

Kontakizun historikoa osatzeko parada izanen da Itsasuko Agiriaren 60. urtemuga kari.

Hala eta guztiz ere, larunbat honetako ekimenak zabalduko du, tradizio politikoak aintzat hartuta, ondoko hilabeteetan garatuko den transmisio ariketa zabala.

Hala, Txomin Poveda soziologoa, Iratzar fundazioko kidea eta Bagira prozesuko koordinatzailea Amikuzeko Zabalik elkarteak antolatzen dituen ‘Otsail ostegunak’ mintzaldi zikloan izanen da otsailaren 9an. ‘Praktika eraldatzaileak gure lurraldea: zer eta nolaz?’ galderari erantzungo dio urruñarrak; 20.30etik goiti Donapaleuko Bideak gunean antolatu da hitzaldia.

Otsailaren 24an Baionan mahai-ingurua antolatu du Iratzar fundazioak. Maite Ubiria NAIZeko kazetariak gidaturik, Arnaldo Otegi, Jon Irazola, Haizpea Abrisketa eta Xabi Larraldek ezker abertzaleak Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalean egin ekarpena izanen dute hizpide, 19.00etan Arte Hiriko Henri Grenet auditoriumean.