Gregorio Eskudero 70 urteko presoa Euskal Herriratu dezatela eskatu dute Orion
Gregorio Eskudero 70 urteko presoaren urruntze egoera salatu eta Euskal Herrira ekar dezatela aldarrikatzeko manifestazioa egin dute bere herrian, Orion. 21 urte daramatza preso eta Dueñasen dago.
Gregorio Eskudero preso oriotarrak 21 urte beteko ditu espetxean hilabete honetan eta zigorra betetzeko beste bederatzi urte falta zaizkio. 2002an atxilotu zutenetik lehen graduan izan dute 70 urteko presoa.
Egun Dueñaseko kartzelan (Palentzia) dago eta Urola Kosta eskualdeko presoen artean Euskal Herriratzeko geratzen den bakarra da. Bere urruntze egoera salatu, babesa adierazi eta hona ekar dezatela aldarrikatzeko manifestazio jendetsua egin dute larunbat eguerdian Orion, Sarek deituta.
Abiatzera doa Gregorio Eskudero preso politikoari babesa emateko manifestazioa Orioko Plazan. Bera da Euskal Herritik kanpora mantentzen dituzten 7 presoetako bat. Dueñasko espetxean dago. pic.twitter.com/jTtHsm8jRY
— Iker Gurrutxaga Zubimendi (@ikerrtxo) February 4, 2023
Inaxio Oiartzabal Sareko bozeramaileak hartu du hitza mobilizazio bukaeran plazan egin duten ekitaldian. Bertan adierazi duenez, 34 urteren ondoren oraindik indarrean dago urruntze politika. Azken urteotan norabide honetan «pauso handiak» egin direla nabarmendu eta «zorionez ia euskal preso guztiak» Euskal Herrian daudela txalotu du.
Urruntze politikak eragin dituen 16 hildakoak eta ekarri duen «izugarrizko sufrikarioa, koste psikologiko, fisiko eta emozional handia» aipatu ditu, eta ostiralean jakin ziren azken mugimenduen ostean oraindik gerturatzeko zazpi preso geratzen direla gogora ekarri du, horien artean Gregorio Eskudero.
«Aurten 70 urte beteko ditu, 21 daramatza kartzelan eta zigorraren ia hiru laurdenak beteak ditu. Euskal Herriko kartzela batean egoteaz gain hirugarren graduan izateko eskubidea dauka eta beraz bere etxeratze prozesua oztopatua dauka hasieratik. Noiz arte luzatu behar dute hau? Noiz arte jarraituko beharko dugu errepidean 40 minutuko bisitak izateko?», galdegin du.
Oiartzabalek ziurtatu du Sarek lanean jarraituko duela presoen etxerako bidea «oztoporik gabe egiten uzteko» aldarrikapenaren bueltan.
«Bada garaia iraganeko politika hau eta urrunketaren mamua atzean uzteko, bada garaia salbuespenezko legedia atzean utzi eta lege arrunta aplikatzen hasteko, bada garaia mendeku eta gorrotoan oinarritutako neurriak desagertzeko, bada garaia elkarbizitza guztion artean eraikitzen hasteko. Horrela izan arte guk lanean jarraituko dugu, Gregorio eta geratzen direnak Euskal Herrira ekarri arte eta denak etxean izan arte», amaitu du.