INFO

‘Game of Thrones’-en zortzi denboraldiak, euskarazko azpitituluekin eskuragarri

‘Game of Thrones’ telesail ikonikoaren bilduma osoa euskarazko azpitituluekin eskura daiteke Azpitituluak Euskaraz webgunean. Igande honetan iragarri dutenez, 2011tik pilatzen hasitako azpitituluak orain osorik plazaratu dituzte. 73 atal dira, guztira zortzi denboraldi.

‘Game of Thrones’ telesaileko protagonistak, Zumaiako flysch-ean. (HBO)

‘Game of Thrones’ (euskaraz ‘Tronuen Jokoa’ edo ‘Tronuen Dema’) David Benioff eta D. B. Weiss-ek sortutako Erdi Aroko fantasiazko telesaila azken garaietako ospetsuenetarikoa izan da. George R. R. Martinen ‘A Song of Ice and Fire’ eleberrietan oinarrituta, munduan zehar milaka jarraitzaile ditu.

Gainera Belfast hiriburuko estudioetan grabatu zen, baita Ipar Irlanda, Kanada, Kroazia, Islandia, Malta, Maroko, Eskozia, Estatu espainiarra eta Euskal Herrian ere. Telesaila HBOk ekoitzi eta ematen du AEBetan. 2011n kaleratu zen lehen denboraldia, eta urtero izan zuen jarraipena, 2019an amaitu zen arte.

Orain ‘Game of Thrones’-en zortzi denboraldiak euskarazko azpitituluekin eskura daitezke Azpitituluak Euskaraz webgunean, komunitate honek iragarri berri duenez. Webgunean bertan aipatzen dute materialaren sinkronizazioa nola antolatu duten. Euskararen erabilera sustatzeko helburua duen irabazi asmorik gabeko Euskal-Encodings komunitate irekiaren laguntza jaso dutela aipatu dute.

2008. urtean jaio zen Azpitituluak Euskaraz proiektua Luistxo Fernandezen eskutik. Komunitateko lanak koordinatuz, hainbat lagunen bidez azpitituluak kargatuz, eta Open Data Euskadiren eta Filmazpit-en ahalegin publikoak elkartuz, 10 urtean mila inguru azpidatzi bildu ziren.

Fernandezek alto egitea erabaki eta, euskararen sustapenerako diru-laguntzen zikloan sartu ondoren, bere enpresak, CodeSyntax-ek, hartu zuen lekukoa.

Hala ere, ahalegin komunitario gisa funtzionatzeko xedea dute: erabiltzaile batekin erregistratuz gero, azpidatziak eta filmak kargatu ditzakete boluntarioek. Webgunean bertan ikusi daiteke nola ikusi filmak euskarazko azpidatziekin, baita ere nola euskaratu azpidatziak eta, adibidez, nola ikusi filmak azpidatziekin telebistan, chromecast-en bidez.

Horrela asteburu honetan ere Colm Bairead-en ‘An Cailin Ciuin’ (2022) film irlandarra jarri dute eskuragarri euskarazko azpitituluekin. Gaelikoz mintzatutakoa da eta hizkuntza honetan egindako film batek Oscar nominazioa lortu duen lehen aldia izan da 2023an, ingelesez ez-besteko filmen kategorian. Melodrama sentikorra da.