INFO

Osakidetzako informatika zerbitzuetan pribatizazioak «geldiarazi» dituela dio LABek

Osakidetzak informatika zerbitzuetan eta elektromedikuntzako mantentze lanetan egin nahi zituen «pribatizazioak» salatu eta «geldiarazi» dituela jakinarazi du LABek. Zuzendaritzak osasun sistema publikoan zerbitzuak ematen dituzten profesionalak «gutxiesten» dituela nabarmendu du sindikatuak.

Galdakao-Usansoloko ospitalea, artxiboko irudian. (Aritz LOIOLA | FOKU)

«Osakidetzako zuzendaritzak osasun sistema publikoan zerbitzuak ematen dituzten profesionalak gutxiesten eta osasun publikoa ahultzen jarraitzen du zereginak kanpora ateratzearen bitartez, Osakidetzako profesionalak eginbehar horiek gauzatzeko erabat gaituta egon arren», adierazi du LABek ohar batean.

Sindikatuak abiatutako pribatizazioaren aurkako estrategiak, informatika arloko bi kanporatze, hurrenez hurren 11 milioi eta 600.000 euroko prezioa zutenak «behin betiko geldiarazi» dituela ziurtatu du. Gainera, beste bat kautelaz geldiarazi du, Bizkaian, «elektromedikuntzako mantentze lanak arriskuan jartzen zituena eta 120.000.000 euroko kostua zuena».

«Sagarduik eta bere kudeaketa taldeak batzorde militarra dirudite negoziatzeko orduan, eta enpresa pribatuen agente infiltratuak, berriz, zuzentzen duten erakundearen beharrei aurre egiteko orduan. Oraingoan diruzko zenbateko ezberdinak dituzten hiru plegu ditugu aurrean, baina horiek argi eta garbi islatzen dute Osakidetzako zuzendaritzak egiten duen kudeaketa», esan du sindikatuak.

Azaldu duenez, Osakidetzako zuzendaritzak 11 milioi euro baino gehiago gastatu nahi zituen IKT bulego bat azpikontratatzeko, eta beste 600.000 euro ibilbide profesionalaren eredu berria kudeatzeko aplikazio informatiko bat egiteko. «Osakidetzak baditu lan horiek egiteko gaituta dauden profesionalak, eta, beraz, onartezina da zuzendaritzaren jarrera eta gure lankideekiko mespretxua», aldarrikatu du.

«Programatutako kolapso baten aurrean gaude eta Osakidetzako zuzendaritzaren eraispen agendaren lehentasuna Osakidetzan kategoria jakin batzuk desagerrarazi eta, aldi berean, enpresa pribatuak indartzea da. Zerbitzuetako langileak, mantentze lanetakoak, elektromedikuntzakoak, informatika zerbitzuetakoak… etengabeko erasoa jasaten ari dira aspalditik, baina eraso hori globala da. Ikusten denez, lehen mailako arreta ere agenda horren biktima da», gehitu du LABek.