Aiaraldean arriskuan dauden 300 lanpostutik gora defendatzeko manifestazioa egin dute Laudion
Aiaraldeko Greba Batzordeak deituta, manifestazioa egin dute Laudion. ‘Aiaraldea berriz ere borrokara’ lelopean, Glavista, Madres Mercedarias eta Talleres Abasoloko langileen egoera salatu dute.
Protestan ari dira Madres Mercedarias egoitzako langileak, zentroa itxi behar dutela eta. Glavistako langileek antzeko egoera bizi dute, hartzekodunen aurrelehiaketan sartu baita enpresa. Talleres Abasolo tailerreko langileak, aldiz, greban daude 4 hilabeteko soldata zor dietelako. Denek batera egin dute manifestazioa Laudion, Aiaraldeko Greba Batzordeak deituta, ‘Aiaraldea berriz ere borrokara’ lelopean.
Herriko plazan hasi da manifestazioa 19.00etan, eta toki berean bukatu. «Aiaraldea defenda dezagun» oihukatuz ekin diote mobilizazioari, eta bukaerako ekitaldian jendez lepo zegoen plaza. Izan ere, Aiaraldeko hiru lantoki desberdinetan bizi duten egoera salatzeko batu dira mobilizazio bakarrean, 300 lanpostutik gora baitaude jokoan, Aiaraldeko Greba Batzordeak azaldu duenez.
🔴 AIARALDEA BERRIZ ERE BORROKAN. Manifestazioa plazatik atera berri da.
— Aiaraldeko Greba Batzordea (@AiaraldeaGreba) February 10, 2023
Eskualdearen defentsan Laudioko kaleak berriro ere bete ditugu.#SOSAiaraldea pic.twitter.com/31gpPUoIza
Madres Mercedarias Orozkoko Ibarra auzoan dagoen desgaitasunen bat duten pertsonentzako zentroa da. Egoitza itxi behar dute, eta Aiaraldeko Greba Batzordetik adierazi dute «116 langile eta erabiltzaile» kalean geratuko direla. Aurreko urteko maiatzean greba egin zuten zentroko langileek, zuzendaritzak inposatutako murrizketen aurka protesta egiteko.
Antzera dabiltza Glavisa enpresako langileak ere. Glavisa hartzedunen aurrelehiaketan sartu da, «240 langileren etorkizuna kolokan jarriz», salatu dutenez.
Halaber, Talleres Abasolo tailerreko langileek ere protesta egin dute, 4 hilabete daramatelako soldata kobratu gabe lanean. Hori gutxi ez eta lantegia «itxiera arriskuan» dagoela gogora ekarri nahi izan dute. Joan den urtarrilaren 16an greba hasi zuten langileek, atzeratutako soldaten ordainketa eskatzeko.
Los distintos conflictos y luchas de estos años nos han dejado claro cual es el camino a seguir: la lucha. Ante los ataques a nuestra comarca nos defenderemos como comarca.
— Aiaraldeko Greba Batzordea (@AiaraldeaGreba) February 10, 2023
AIARALDEA BERRIZ ERE BORROKARA! GORA LANGILEON BORROKA! ✊ pic.twitter.com/ZLiycQD1YN