INFO

Sei gudari eta miliziano eta fusilatu baten gorpuzkiak itzuli dizkiete beren familiei

Begoñako hilerrian eta Gamiz-Fikan aurkitu zituzten sei gudari eta milizianoren eta Paternaingo hobian topatu zuten errepresaliatu baten gorpuzkiak itzuli dizkiete beren familiei larunbat honetan, Bilbon eta Castejonen egindako ekitaldi banatan.

Francisco Velazaren senideak, haren gorpuzkiekin, Castejonen. (NAFARROAKO GOBERNUA)

Patxi Jaka Bikandi (Amorebieta-Etxano), Jose Martin Arrieta Ikaran (Markina-Xemein), Martin Fabo Colera (Martzilla), Ramon Crespo Ortiz (Lanestosa), Fernando Lahera Urrutia (Sopuerta), Inazio Lopetegi (Zumaia) eta Francisco Velaza Fernandezen gorpuzkiak beren familiei itzuli dizkiete larunbat honetan Lakuako eta Nafarroako Gobernuetako ordezkariek Bilbon eta Castejonen antolatu diren bi ekitalditan, hurrenez hurren.

Lehen seiak, gudari eta milizianoak, 1937 maiatza eta ekainaren lehen asteen artean hil ziren, Bilbo erori aurreko borroken testuinguruanHiriaren inguruan zabaldutako defentsa lerro hark faxisten tropak sartu aurretik biztanleria zibila ebakuatzeko eta denbora irabazteko balio izan zuen. Patxi Jakaren gorpuzkiak Gamiz-Fikan aurkitu zituzten 219an, eta beste bostenak Begoñako hilerrian desobiratu zituzten, iaz.

Begoñan eta Gamiz-Fikan desobiratu zituzten gudari eta milizianoen senideak, gorpuzkiak dituzten kutxekin. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Velazaren gorpuzkiak, berriz, Paternaingo hobian topatu zituzten, iazko uztailean. Faxisten altxamenduaren ondoren Iruñeko espetxean fusilatu zutenetako bat izan zen eta Nafarroako Gobernuaren DNA bankuari esker identifikatu ahal izan dute.

Bilbon Gogora Institutuaren egoitzan burutu den ekitaldian 80 senide inguru izan dira, identifikatutako sei gudari eta milizianoen senideak eta identifikazio prozesuan dauden familiak batuta. Gainera, Beatriz Artolazabal Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Bilbo, Gamiz-Fika eta Zumaiako udaletako ordezkariak ere izan dira.

Haiekin batera, gorpuzkien bilaketa, desobiratze eta identifikazio lanetan aritzen diren erakundeetako ordezkariak izan dira, hala nola Aranzadi Zientzia Elkartekoak, identifikazio lanetan aritzen diren EHUko Biomics taldekoak, Euskal Prospezio Taldekoak, ‘Ahaztuen Oroimena 1936’ memoria elkartekoak eta EAEko erakunde historikoetako eta memoria elkarteetako kideak.

Ekitaldian bi bideo ikusi dituzte, biktimak aurkitu, berreskuratu eta identifikatzeko prozesua kontatzen dutenak. 

Artolazabalek, sailburu gisa parte hartu duen azken ekitaldian, azpimarratu nahi izan du «herri honek memoria historiko eta demokratikoarekin duen konpromisoa». Gudari eta miliziano haien konpromisoa ere goraipatu du, baita Errepublikaren Gobernuaren alde borrokatu zuten pertsona guztiena ere, «askatasunaren, demokraziaren eta justizia sozialaren alde matxinatutako armadaren aurka, Euskadi eta Errepublika defendatzeko». 

Oraindik identifikatu ezin izan dituzten gudari eta milizianoen senideei ere zuzendu zaie, esateko ez dutela etsiko haiek topatu eta identifikatu arte.

Velaza, Paternaingo hobian

Castejonen ere errepresaliatuen senideak izan dira, Estatuko hainbat lekutatik iritsita. Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak gidatu du ekitaldia. Bertako alkate David Alvarez, Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualde, Nafarroako Memoriaren Institutuko ordezkariak, memora elkarteetakoak, Aranzadi eta Nasertic-ekoak ere izan dira.

Ollok azaldu du Francisco Velaza zenbait lagunekin atxilotu zutela Paternainen, 1936ko abuztuaren amaieran eta gogoratu du milaka pertsona gehiago atzeman zituztela beren ideiengatik, baita ideia horiek izan zitzaketelako susmo hutsagatik ere. 

Castejonen jaio zen, 34 urte zituen, Soledad Fusterekin ezkonduta zegoen eta bi seme-alaba zituen. Trenbideko behargina zen eta Iruñeko Norteko Geltokian egiten zuen lan. Zazpi lagunekin batera, 1936ko abuztuaren amaieran atxilotu zuten, Paternainera eraman, hil eta hobi komun batean lurperatu zuten.

Francisco Velazak eta errepresaliatu guztiek hamarkadetan frankismoan «baina baita demokrazia gehiegitan ere» ukatu zitzaien «aitortza instituzionala eta duintasuna» merezi dutela nabarmendu du Ollok, eta berretsi du «2015etik aurrera hedatzen hasi ginen biktimekiko konpromiso saihetsezina».

Velazarekin bost dira dagoeneko Paternaingo hobian egin dituzten identifikazioak. Beste laurak Julio Peña, Gregorio Albo, Julio Butron eta Manuel Seron dira.

Nafarroako Gobernuaren DNA bankuak 1936ko kolpe militarraren 37 biktima identifikatu ditu.