INFO

Muga igarotzeko etorkinek pairatzen duten egoera salatu du Xuti Gaztek Hendaian

Xuti Gazte dinamikak Hendaian etorkinen aldeko ekimena egin du, mugako poliziaren kontrolen ondorioz hura gurutzatu nahi dutenek pairatzen duten egoera salatzeko. Azken bi urteetan hamar etorkin hil dira mugan.

Xuti Gazte dinamikak ekimena egin du etorkinen alde. Xuti Gazte dinamikak ekimena egin du etorkinen alde. (XUTI GAZTE)

Xuti Gazte dinamikak ekimena egin du Hendaian, muga igarotzeko etorkinek pairatzen duten egoera salatzeko. «Badira hainbat urte pandemia egoeraren edo terrorismoaren aitzakiapean Irun eta Hendaia arteko mugak poliziaren etengabeko kontrolpean daudela», azaldu dute.

Dinamikako kideek adierazi dutenez, mugak «Euskal Herritarron arteko harremana oztopatzen du», eta gaineratu dute Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko zatiketa indartzen duela. «Euskal Herrian ez dugu mugarik nahi», aldarrikatu dute.

Halaber, Irun eta Hendaia artean dagoen muga zeharkatu nahi duten etorkinentzako suposatzen duen oztopoa mahai gainean jarri nahi nahi izan dute: «Oinezkoen eta autoen zubietan eta trenaren irteeran polizia kontrolak aurkitzen dituzte, bidean aurrera egitea eragotziz». Horregatik, pasabide seguruen beharra azpimarratu dute.

«Etorkinek haien helmugarako bidea baldintza duinetan eta beharrezkoa duten laguntzarekin egiteko bermea behar da», adierazi dute, eta instituzioei eskatu diete erantzukizuna haien gain hartu dezatela, harrera duina eginez muga gurutzatu eta beste nonbaitera joan nahi dutenei zein bertan bizitzera geratu nahi dutenei.

Halaber, nabarmendu dute etorkin gazteengan eta, bereziki, adin txikikoetan arreta berezia jarri behar dela: «Edozein egoeratan egonik ere instituzioek adin txikikoen eskolaratze eskubidea betetzen dela bermatu behar dute, baita adin txikikoentzako integrazio baliabideak ezarri ere». Salatu dutenez, azken bi urteetan, muga gurutzatzeko saiakeran edo poliziarengandik ihesean, hamar etorkin hil dira, Bidasoa ibaian itota edo trenak harrapatuta.