Ausardia eta sendotasunaren arteko orekaren bila jarraitzen du Valverdek zelai erdian
Talde zuri-gorriak asko sufritu behar izan zuen Mestallan garaipena lortzeko. Vesga, Sancet eta Muniain barrutik jokatzen hasi ziren, baina atsedenaldian Zarraga sartu eta kapitaina hegal batera mugitu zuen entrenatzaileak. Dani Garcia ere emaitza defendatzeko atera zen azken minutuetan.
Bartzelonaren eta Real Madrilen ostean, Athletic da Liga honetan gol gehien egin dituen taldea. Lehen postuan dagoen talde kataluniarrak 43 gol daramatza 21 jardunalditan eta zuriek 40 egin dituzte partida bat gutxiago jokatuta. Athleticek, aldiz, 31 gol egin ditu eta Ligako hirugarren talderik golegileena da. Sailkapenaren goiko postuetan dauden Atleticok 30 gol egin ditu eta Realak 28 lortu ditu 20 partidatan. Rayok ere gol kopuru bera darama eta Betisek 27 egin ditu. Europako lehia hortan dauden Vila-realek 22 gol bakarrik sartu ditu eta Osasunak 19.
Hala ere, kontuan izan behar da 22 gol sei partidatan lortu dituztela zuri-gorriek. Cadizen (0-4) eta Elcheren (1-4) kontra etxetik kanpo eta San Mamesen Rayo (3-2), Almeria (4-0), Valladolid (3-0) eta Cadizen aurka (4-1).
Valverdek denboraldi hasieran erasoko jokoa indartzearen alde egindako apustuak emandako fruituak dira. Vesga, Sancet eta Muniain batera zelairatzera ausartu zen eta taldearen barruko jokoa indarturik atera da. Emaitzek ere arrazoia eman diote, baina sendotasun falta ere agerian geratu da.
Mestallan hasieratik atera zen hirukoa eta taldeak asko sufritu zuen. Cadizen kontra San Mamesen gertatu zitzaion bezala, aurkariak erraz aurkitzen zuen min egiteko aukera. Castillejok lehen ordu laurdena betetzerakoan egindako gola horren adibide. Valentziak zuloa aurkitu zuen eskuin hegalean. Oihan Sancetek eta Nico Williamsek begiradarekin defendatzen dute eta Ilaix Moriba bakarrik sartu zen area barrura.
Sancet eta Nicoren hoztasuna
Oreka gehiago bilatzeko asmoarekin Oier Zarraga sartu zen atsedenaldian. Valverdek aldaketa ugari egin izan ditu zelai erdian eta inork ez du egonkortasunik lortu. Partida kontrolatzeko zailtasunak izan zituen taldeak. Azken minutuetan Dani Garcia zelairatu zen eta Zarragak eskumako hegala itxi zuen. Ezkerretik Gorka Guruzetak bukatu zuen eta Aitor Paredes defentsaren eskuin aldean kokatu zen.
Bigarren zati hasieran Berenguer aulkian geratu zen eta Muniain ezker hegalean kokatu zen. Sancetek ere gorago jokatu zuen eta Iñaki Williams sartu zen goian. Aldaketek on egin zioten Athletici eta markagailua iraultzea lortu zuen.
Nico Williamsek eta Sancetek sekulako talentua daukatela erakutsi zuten bi goletan eta jardunaldiek aurrera egiten duten heinean, gero eta garestiagoa bilakatzen ari da bien kontratuen berritzea. Are gehiago, bi jokalariak hoztasunarekin erantzuten dute galdetzen zaien bakoitzean, horren kudeaketa ordezkariaren eskuetan utziz.
Klubetik ere isiltasuna nagusi. Valentziaren kontrako norgehiagoka hasi aurretik Mikel Gonzalez kirol zuzendaria mintzatu zen Iñigo Martinezen inguruan. Laster lesioa gainditzea espero dutela esan zuen eta taldean jarraitzea nahi duela esatera mugatu zen.
Askoz argiago mintzatu izan da Unai Simon bere etorkizunaz galdetu izan diotenean. 2025erarte sinatu zuen kontratua etete klausularik gabe eta, Athleticek nahi duen bitartean behintzat, bere helburu bakarra talde zuri-gorrian jokatzea dela komentatu izan du. Murgiako mutilak badaki atezain postuan etorkizun handiko jokalariak daudela klubean. Julen Agirrezabalak, esaterako, maila bikaina daukala erakutsi du Kopan.
Unai Simonek Ligako partida guztiak jokatu ditu eta puntuak irabazteko geldiketa erabakigarriak egiteko gai dela agerian utzi zuen Mestallan. Diakhabyri azken minutuetan ateratako eskua ikusgarria izan zen. Meritu handiko beste hiru geldiketa egin zituen. Taldea ez baitzen oso fin aritu defentsa lanetan.
Cadiz eta Valentzia mendean hartu ostean, Athletic sailkapeneko zazpigarren postuan kokatu da. Europako postuak gertu ditu. Puntu bakar batetara dago Rayo eta bira Betis. Vila-real eta Osasuna atzetik dauzka, puntu bat eta bitara, hurrenez hurren.
Hurrengo jardunaldian Atletico Madril bisitatuko dute igandean. Depayk azken minutuetan egindako gol bati esker Celtaren zelaian irabazi ostean, laugarren postuan daude. Jokalari onak dituzte, baina nabaritzen da gainbeheran daudela eta Simeoneren zikloa amaitzen ari dela. Savic atzelaria zigortuta dago.
Bilbao Athletic sailkapenaren zuloan
Lehen taldeak bolada txarrari amaiera ematea lortu du, baina bigarren taldean burua altxa ezinik jarraitzen dute. Bilbao Athleticek beste porrot bat jaso zuen azken jardunaldian aurkari zuzena den Intercity taldearen kontra. 1 eta 0 galdu zuten Trespalacios atzelariak lehen minutuetan bere atean sartutako gol baten ondorioz.
Sailkapenaren zulora erori dira eta emaitzak oso kezkagarriak dira. Bederatzi puntutako aldea daukate jaitsiera postuetatik irtetzeko. Oso zaila, ezineskoa ez esatearren.
Entrenatzaile aldaketak ez du emaitzak hobetzeko balio izan. Bingen Arostegik 12 puntu lortu zituen 12 jardunalditan eta Alex Pallaresek 6 puntu bakarrik lortu ditu 11 partidatan. Neguan fitxaketak egin arren -Izeta, Quicala Bari, Iñigo Lopez eta Asier Perez-, taldeak ez du lortzen egoerari buelta ematea.
Bestalde, Julen Jon Guerrerok bere lehen gola sartu du Amorebietarekin. 18 urteko gaztea Real Madrilek utzita iritsi da talde bizkaitarrera. Amorebieta igoera fasea jokatzeko postuetan dago eta aulkitik aterata lau partida jokatu ditu Guerreroren semeak.
혋혦 혵혢혭 혱혢혭혰...
— Primera Federación (@Primera_RFEF) February 13, 2023
@julenjon8 se estrenó ayer como goleador de la @SDAmorebieta con este testarazo marca de la casa.#PrimeraFederación | #ElFútbolDePrimera pic.twitter.com/mwBqPZXbjM