INFO

Nor da Lhakpa Xerpa? Everestera hamargarrenez igota, beste kristalezko sabai bat hautsi du

Lhakpa Xerpak hamar aldiz igo du Everest, azkenekoz iazko apirilean. Nepalgo emakumeak lortutakoak ez du izan harrabotsik, eta munduko mendi altuenera igo den bakoitzean ez du izan babesleen inolako laguntzarik. Aurten K2ra igotzea da haren asmoa.

Lhakpa Xerpa (Prakash MATHEMA | AFP)

Xerpak Nepalgo eskualde menditsuetan bizi dira, eta ezagunak dira Himalaiara joaten diren espedizioetan laguntzaile moduan aritzen direlako. Askotan eskalatzaile profesionalak dira oihartzuna izaten dutenak munduko gailur handienetara igotakoan; ez, ordea, xerpak. Are gehiago, askotan haien izenak ez dituzte aipatu ere egiten.

Lhakpa Xerpak –halako deitura eman diote ‘The New York Times’ egunkarian– iazko apirilean igo zuen Everest hamargarren aldiz: emakume batek inoiz egin duen igoera kopururik handiena. Lortutakoak, ordea, ez du oihartzunik izan, ezta gutxiagorik ere. Lasta bikoitza baitarama soinean Lhakpak: xerpa eta emakumea izatea.

Artzain eta etxekoandre baten 11 seme-alabetako bat zen, eta Makalu (Nepal) mendiaren magalean koskortu zen, munduko bosgarren mendirik altuenean (8.481 metro). Himalaiako izotz urdina zapaldu zuen lehen aldian oinutsik zioan. Izan ere, gurasoek ez zuten dirurik seme-alaba guztientzat zapatak erosteko, eta, beraz, anaiak soilik joaten ziren eskolara. «Ez genuen telebistarik, ez mugikorrik. Ardiak eta hegaztiak begiratzen pasatzen nuen eguna. Everest mendia ere ikus nezakeen nire herritik», adierazi du Lhakpak.

Mendira joateko etxetik irteten zen bakoitzean oinutsik eta bakarrik egiten zuen, amak hori gaitzetsi arren. Aita, aldiz, ohartu zen alabak zuen indarraz, eta udaberri batean Makaluko kanpaleku nagusitik gora bidali zuen arkumeak jasotzera. Han sokez eta pioletez jantzitako xerpekin topo egin zuen, eta geroztik haietako bat bihurtuko zela hitzeman zuen, nahiz eta emakume xerpei ez zizkieten halako lanak eskaintzen.

«Everestera igotzen naizen hurrengo aldian hogei 'alaba' eraman nahi ditut. Eskaladako teknikak irakatsi nahi dizkiet, eta erakutsi neskak gai garela mendiak eskalatzeko»

15 urterekin zamaketari moduan hasi zen zama astunak mendi malkartsuetan gora eramaten, eta bi urtetan, sukaldari bilakatu zen, —Lhakparen ibilbide profesional ezohikoaren erakusgarri—. Egun osoan mendian gora eta behera ibili ondoren, gero sukaldera joaten zen lanera. Hilean 50 dolar inguru —46,54 euro— ordaintzen zizkioten. 2000. urtean zamaketari bihurtu zenetik hamar urte pasatu gabe, Lhakpak eskatu zion Sujata Koirala Nepalgo ondorengo lehen ministroari herrialdeko emakumeen lehen espedizio bat finantza zezan, Everestera joateko. Urte hartako maiatzean, Everesteko Alabak izeneko zazpi emakumek hasi zuten munduko mendirik altuenerako igoera.

Taldea gailurrera iristeko prest zegoen egunean, espedizioko sei emakume gaixorik zeuden, altitudeak eraginda. Lhakpa izan zen tontorrera iristen bakarra, eta, hala, bigarren emakume nepaldarra izan zen gailurrera ailegatzen, eta lehena kanpaleku nagusira itzultzen. Izan ere, 1993an Pasang Lhamu Xerpa izan zen lehena mendia igotzen, baina jaitsieran hil egin zen.

Ezkontzean, bizitza aldatu zitzaion

2002an bere bizitza guztiz aldatu zen, George Dijmarescu Errumaniako eskalatzailearekin ezkondu zenean. Connecticut AEBetako estatuetako batera lekualdatu ziren, eta bertan teilatu eta pintura negozio bat hasi zuten.

Hamar urte geroago, 2010ean, haien lehen alaba jaio ondoren, Lhakparen senarra biolento jarri zen, gau batean alaba kolpatuta. Lhakpak larrialdietara eraman zuen umea, eta ospitaleko gizarte langile baten laguntzarekin, bere bi alabak hartu eta tokiko aterpe batera ihes egin zuen. Zortzi hilabete egin zituzten bertan.

Lhakpak lan egitea premiazkoa zuen, bi alaben hezkuntza ordaintzeko, eta etxeak garbitzen hasi zen. Apartamentu txiki batean bizi ziren, eta geroago, Whole Foods supermerkatuan hasi zen lanean platerak garbitzen. Bertako lankideek Lhakpa zein zen ezagutzen hasi ziren, batzuetan hiritik irteten zelako atzerritarrak Everesteko igoeran gidatzeko.

Hamargarren igoera

2022an nepaldarrak supermerkatuko lana utzi zuen hamargarren aldiz Everestera igotzeko. 34 gizonek bakarrik lortu dute hori, eta haietako 26 xerpa jatorriko nepaldarrak dira. Lhakpak Himalaiako beste kristalezko sabai bat hautsi nahi zuen.

Tamalez, ez zuen babeslerik, emakumeen eskaladan ohikoa denez. Hamargarrenez loria dastatu nahi bazuen, bere kontura egin beharko zuen. Maiatzean Everestera igotzeko hiru egun apropos egongo zirela jakinarazi zutenean, kanpamentu basean itxaroten zeuden guztiek goraka igo nahi zuten. «Denek amesten dute gailurrera iristea, baina soka bakarra dago denontzat», esan zuen Lhakpak, eta «jende pilaketa handia zegoen».

Egun horietako batean abiatu zen tontorrera, eta gaueko 22.00ak aldera, 26.000 oin baino gehiago eginda zeuzkan. Altura horretatik gora, biriketako altitude edema bat edo garunekoa pairatzeko probabilitatea handitu egiten da igarotzen den ordu bakoitzeko. Lhakpak oxigeno botilatua arnasten zuen, baina bonbona horiek denbora gutxi irauten dute.

Shiny bere alaba kanpamentu basean zegoen, eta ama gailurrera iristeko gertu zegoela jakin zuenean, Pujak indiar erritual bat egin zuen, igoera seguru batengatik otoitz egiteko. Alabak walkie-talkie bat zeraman belarrian, ama hamargarren aldiz munduaren gailurrera iristen zeneko une zehatza zein zen jakiteko –maiatzaren 12an izan zen, goizeko 6.30ean–.

Gailurrera iristea, baina, bidearen erdia besterik ez da. Lhakpak arriskuan jarraitzen zuen; ez zuen urik, erabat leher eginda zegoen, eta bere buruak esaten zion esertzeko, eta atseden hartzeko; baina ezin zuen, han geratzen bazen hiltzeko arriskua oso handia zelako. Lhakpak behin eta berriz borrokatu zuen bulkada hilgarri horren aurka, uneoro bere alabak buruan zituela.

Nepaldarra kanpamentu basera iritsi zenean, eta bere alaba ikusi zuenean, malkoak zituen masailetan. Bere lorpenak eskaladako prentsan harrabotsa izan bazuen ere, babesleek ez zioten deitu. Hortaz, Connecticutera itzuli zen berriro: lanik gabe, eta ordaindu beharreko fakturekin. Whole Foodsek ez zuen berriz kontratatu hilabetetan, nahiz eta gerora bertara itzuli lanera. Bitartean, ez zuen izan beste erremediorik etxeak garbitzen hastea baino.

Lhakpa aseezina da, eta motz geratu zaio Everestera hamar aldiz igotzea. Izan ere, aurten K2a eskalatzeko asmoa du, Everestera beste saiakera bat egiteaz gain. Oraingo honetan bere bi alabekin joan nahi du Everesteko kanpamentu basera, mundu osoko neska talde batekin: «Hogei 'alaba' eraman nahi ditut. Eskaladako teknikak irakatsi nahi dizkiet, eta erakutsi neskak gai garela mendiak eskalatzeko».