INFO

Osasungintzari buruzko kezka arazo ekonomikoek eragindako egonezaren gainetik dago EAEn

Lakuako Gobernuak egin berri duen Soziometroaren arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrentzat kezkagarriagoa da osasungintzaren egoera arazo ekonomikoak baino. Dena den, lan merkatuarekin lotutako arazoak dira gizartearen kezka nagusia.

Txagorritxun Osakidetzako langileek eta sindikatuek egindako mobilizazio baten artxiboko irudia. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) gizartearen lehen kezka lan merkatuarekin lotutako arazoetan dago berriz ere, biztanleriaren %59k aipatu baitu hiru arazo nagusien artean. Osasungintza da gehien aipatu den bigarren arazoa (%35), eta arazo ekonomikoak hirugarrena (%28).

Lakuako Gobernuak ostiral honetan argitaratu duen urteko lehen Soziometroaren datuetako batzuk dira horiek. Azterketa urtarrilaren 31tik otsailaren 6ra bitarte telefonoz egindako elkarrizketen bidez burutu da, eta herritarrek egungo egoerari, jarrerei eta balio politikoei buruz dituzten pertzepzioei buruzko informazioa biltzen du.

Horrela, euskal biztanleriak 10etik 6,9 punturekin balioetsi du bere egungo egoera pertsonala, eta zazpi punturekin urtebete barru izango duela uste duena. EAEren egungo egoeraren balorazioa sei puntukoa izan da, eta ez da espero aurten aldatuko denik, urtebete barruko balorazioak puntuazio bera jasotzen baitu.

Estatu espainolaren egoerari dagokionez, egungo egoeraren balorazioa 4,8 puntukoa da, eta aurreikuspena ez da positiboa, urtebete barru espero den egoerari buruzko balorazioa apur bat okerragoa baita, 4,7 puntukoa.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dauden arazo nagusiei dagokienez, gizartearen lehen kezka lan merkatuarekin lotutako arazoetan dago berriz ere. Hala, biztanleriaren %59k aipatu du hiru arazo nagusien artean. Osasungintza da gehien aipatu den bigarren arazoa (%35), eta, ondoren, arazo ekonomikoak (%28).

Jarraian beste arazo batzuk daude, hala nola etxebizitza eta etxegabetzeak (%14), «delinkuentzia eta herritarren segurtasunik eza» (%14) eta egoera politikoa eta politikariak (%12). Edonola ere, oro har, herritarrak baikorrak dira hiru herrialde hauen etorkizunarekiko (%72, asko edo dezente); 2016an eta 2022an erregistratutako ehunekoaren antzekoa da hori.

Bestalde, euskal biztanleriak konfiantza gehien duen erakundea unibertsitatea da (%85ek du konfiantza unibertsitatean), eta haren atzetik daude Lakuako Gobernua (%78), diputazioak (%74), Gasteizko Parlamentua (%72) eta udalak (%72).

Halaber, gehienek konfiantza dute GKEetan (%60), Europar Batasunean (%56) eta enpresetan (%55), eta zertxobait gutxiagok sindikatuetan (%45) eta justizia auzitegietan (%45). Hamarretik lauk baino gutxiagok dute konfiantza Gobernu espainolean (%37), hedabideetan (%31), eliza katolikoan (%27), Diputatuen Kongresuan (%27), bankuetan (%20), alderdi politikoetan (%20) eta, azkenik, Espainiako monarkian (%18).

Jarrera politikoak

Begikotasun politikoei dagokienez, EAJ da herritarren artean begikotasun handiena sortzen duen alderdia, 5,1 punturekin zerotik hamarrerako eskalan. Ondoren datoz PSE(4,3), EH Bildu (4), Elkarrekin Ahal Dugu (3,6), PP (1,8), eta Vox (0,6). 2022an jasotako balorazioak mantendu edo oso gutxi aldatu dira.

Buruzagi politikoei dagokienez, baloraziorik altuena Iñigo Urkullu Lakuako lehendakariari dagokio, 5,7 puntu lortu baititu zerotik hamarrerako eskalan. Bigarrenik, EH Bilduko Maddalen Iriarte ere ontzat eman dute herritarrek, 5,5 punturekin, eta ondoren datoz Elkarrekin Ahal Dugu-ko Miren Gorrotxategi (4,8), PSEko Eneko Andueza (4,4), Voxeko Amaia Martinez (2,8) eta PPko Carlos Iturgaiz (2,1). 2022koekin alderatuta, buruzagi politikoen balorazioak mantendu ala apur bat igo dira.

Azkenik, herritarren %46 «soilik euskal herritar» edo «euskal herritar, espainiar baino gehiago» sentitzen da, %41 «euskal herritar bezain espainiar», eta %8 «espainiar euskal herritar baino gehiago» edo «bakarrik espainiar». Gainera, biztanleriaren %23 independentziaren alde dago, %31 independentziaren alde edo kontra egoeraren arabera eta %41 aurka.