«Xehetasun txikien derbia» jokatuko dute Kutxabank Araskik eta IDK Euskotrenek
Bi garaipenen aldea dute gasteiztarrek, abenduaren 30ean elkarren kontra jokatu zuten euskal derbian garaipen estua lortu zutelako donostiarren aurka, eta baita joan den ostegunean arabarrak puntu batez nagusi izan ziren bitartean, gipuzkoarrek Barçaren aurka puntu bakarragatik galdu zutelako ere.
Emakumeen Endesa Ligako hiru euskal taldeak bi garaipenek bananduta daude. Sailkapeneko zazpigarrena de Kutxabank Araski 11-10 balantzearekin; Lointek Gernika Bizkaia, berriz, 10-11 balantzea aldean, zortzigarrena da; beste hiru talderekin berdinduta, 9-12 balantzea dauka, berriz, IDK Euskotrenek. Hargatik, igande arratsaldeko 18.00etan Mendizorrotzan jokatuko den euskal derbia Kutxabankl Araski eta IDK Euskotrenen artean garrantzitsua bezain erakargarria izango da.
«Partida xehetasunek erabakiko dute», esan ohi dute sarritan saskibaloi entrenatzaileek, eta Araski zein Ibaeta Basketen nondik norakoa aztertuta, egun 11-10 doan taldea 9-12 joan zitekeen, eta baita batekoz bestera ere, asteon jokatu den jardunaldia eta joan den abenduaren 30ean talde hauek biek Josean Gascan jokatu zuten derbia aintzat hartuz gero. Bietan ala bietan, Kutxabank Araskik galtzeko zorian zituen neurketak aurrera atera ditu, eta Azu Muguruzak zuzentzen duen taldeak, berriz, ihes egiten ikusi ditu bi garaipen ia seguru.
Atkinsonen eguna
Aurreneko itzuliko euskal derbia ia dramatikoa izan zen, gasteiztarren garaipenak Made Urietaren taldea Kopa jokatzeko zortzi onenen artean kokatu zuelako eta talde donostiarra, berriz, Top 8 hartatik kanpo. Baina are eta dramatikoagoa izan zen partidaren azken zatia. Azken minutuan hiruzpalau jokaldi bikain gertatu ziren eta arabarrek atera zieten etekina maila handiko jokaldi horiei, batez ere Tanaya Atkinsonen bitartez.
Mariam Coulibalyren lan bikainari esker, aurrez IDK Euskotrenek partida irauli zuen eta 69-63 aurretik jarri Azu Muguruzaren taldea. Araskik ordurako 10 jaurtiketa libre huts egin zituen eta hankasartze horiei zukua gipuzkoarrek aterako zietela zitudien, baina Van den Adel eta Tanaya Atkinson ez zeuden barkatzeko. Herbehereetako hegal-pibotak 18 puntu sartu zituen eta hegaleko estatubatuarrak, berriz, 23, tartean gasteiztarren azken bost puntuak.
Neurketa 71-70 zihoala, atkinsonek gidatu zuen arabarren kontraerasoa, eta beldurrik gabe uztaipera sartu zen aurrean Mariam Coulibaly zain eduki arren. Estatubatuarrak «bi gehi bateko« jokaldia osatu zuen eta markagailua 71-73 irauli hamar segunduz behetik falta zela amaitzeko.
Coulibaly berak nolabaiteko «mendekua» segidan hartu zuen, 73na berdindu baitzuen derbia ia amaitzear zela. Hutsartea eskatu zuen Made Urietak eta Atkinsonentzat prestatu zuen jokaldia. Honek defentsa aldaketa baliatu zuen bera baino txikiagoa den Nicole Cardaño antolatzaileari eraso egiteko, baina jokalari madrildarrak ondo eutsi zion hegalekoaren ahaleginari. Hala ere, Cardaño itsatsita eduki bazuen ere, Atkinson kapaz izan zen lau metrotik jaurtiketa egin eta garaipena Gasteiza ekartzeko.
Zabor artetik garaipena
Dramatikoa izan bazen IDK Euskotrenen aurka abenduan lortu zuen garaipena, are eta dramatikoagoa izan da asteon Kanaria Handiaren etxean lortu duena. Azken minutuetan 72-62 atzetik ziren Made Urietarenak eta azken jokaldira partida 75-74 zela iristea lortu zuten, Txell Alarcon eta Flor Chagas gazteen ekimenari esker, batik bat.
«Azken errebote hori bikain borrokatu du Natek –Van den Adelek– eta Chatricei –Whitei– aukera eman dio saskiratzea lortzeko», onartu zuen partida amaitu berritan Made Urietak berak. Izan ere azken jaurtiketa Flor Chagasek egin zuen, baina argentinarraren hirukoa ez zen sartu. Are gehiago, Hollivay Kanaria Handiko pibotak hartu zuen errebotea, partida amaitzeko azken lauzpabost segunduak baino falta ez zirela.
Baina Natalie Van den Adel inguruan zen, aurkariei traba eginez. Hollivayk baloia jeitsi zuen eta Herbehereetako jokalariak baloiz ikutu zuen. Chatrice White ere handik zebilen, badaezpada, eta bere taldekidearen oparia bikain baliatu zuen, eta denbora agortu aurretik sartu zuen 75-76koa. Horra Kutxabank Araskiren ezusteko hamaikagarren garaipena.
Zorterik ez Donostian
Bestalde, Kutxabank Araski Kanaria handiaren kantxan jokatzen ari zelarik, IDK euskotren Barçaren aurka ari zen jokatzen Josean Gascan. Malosten erakutsi zuen kanpoko jaurtiketa bikain hori ez zen tarteka baino azaldu eta erreboteetan ere ezin izan zuen nagusitu Azu Muguruzaren taldeak. Nolanahi, Coulibaly eta ukalondoan kin hartu zuen Maria Españaren bitartez partida berdinduta eramatea lortu zuten donostiarrek, bigarren laurdenaz geroztik ia beti markagailuan Bartzelonaren atzetik ibili arren.
Coulibalyk 25 puntu sartu zituen, baina bere azken defentsa ez zen nahi bezain ona izan. Maliko pibota baino ere handiagoa den Hamblin pibot poloniarrak uztaipean lekua irabazi zion eta 68-69koa saskiratu zuen partida amaitzear zela.
Azken segundu horietan, dena den, Joy Brownek jaurtiketa eroso xamarra izan zuen neurketa donostiarren aldera ekartzeko, baina baloiak ez zeukan Bartzelonaren uztaian sartzeko gogorik, nonbait eta, hala, beste garaipen batek azken unean ihes egin zion IDK Euskotreni etxean. Hargatik, etxetik kanpo konpondu beharko ditu etxean aldrebestu zaizkion kontuak.
Bolada txarra amaitu nahian
Bestalde, 12.15etan jokatu du Lointek Gernika Bizkaiak, Estudiantesen aurka, hain zuzen. Emakumeen Endesa Ligan eta Eurocupean ere sarritan topo egin dute talde hauek biek, baina azken aldi honetan Madrilgo taldea finago dabil Gernikakoa baino.
Sailkapenean ez dago alde handirik, 11 garaipen baititu Estudiantesek eta bat gutxiago bakarrik Anna Montañanaren taldeak. Hala ere, bizkaitarrek azken bi partidak galdu dituzte, jaurtiketan eta errebotea ixteko orduan erakusten ari diren gabezia horien erruz. Hala, IDK Euskotrenen aurka 66-98 galdu zuten eta ostegunean Zaragozara egindako bisitan ere, 67-54 galtzaile atera ziren.
Estudiantesi dagokionez, kostata sartu zen zortzi onenen tartean aurreneko itzuliaren amaieran, baina geroztik sendoago dabil. Hala, azken hiru norgehiagokak irabazi ditu –azkena ostegunean bertan, Benbibre 66-49 gainditu ostean– eta sailkapeneko bosgarren posturaino igo da.
Denboraldi honetan hiru bider neurtu dituzte indarrak talde hauek biek, etan beti etxekoak nagusitu dira: birritan Estudiantes eta behin –Europan– Lointek Gernika Bizkaia. Bereziki aipagarria izan zen gernikarren garaipen hura, atsedenaldira 26-36 galtzen iritsi eta gero, 66-54 nagusitu baitzen Anna Montañanaren taldea.
«Atsedenaldira arte hamar erasoko errebote hartu zizkiguten. Atsedenaldiaz geroztik, bakarra», azpimarratu zuen partida eta gero gernikarren entrenatzaileak.
Ikustekoa izango da, bestalde, Melisa Gretter eta Sandra Ygueravide antolatzaileen arteko buruz buruko lehia. Biak min hartuta zeuden Emakumeen Eurocupeko partida jokatu zenean, baina igandean biak ala biak prets izango dira. Asko hobetu du Madrilgo taldeak argentinarra itzuli denetik, baina egia da bestalde Maria Eraunzetamurgil hegaleko donostiarrak egin duen gorakadak ere asko lagundu diola Estudiantesi. Gernikarren artean, berriz, uztaipeko jokoa umezurtz geratuko da beste behin Julie Wojta falta den bitartean.