Avironen beste garaipen gogoangarri bat etxean, Camille Lopezen gidaritzapean
Zuberoako joko zabaltzaileak zigor kolpe erabakigarri bat eskuratu zuen azken jokaldian Stade Francais talde paristarra gainditzeko (29-26). Biarritzek ere erraz irabazi zuen (44-8). Bestalde, Ordiziak eta Gernikak galdu egin dute, baina gutxienez defentsako bonus puntua lortu dute bizkaitarrek.
Camille Lopezek sekulako erakustaldia eman zuen larunbat arratsaldean Baionako Jean Daguer zelaian. Zuberoako joko zabaltzaileak 19 puntu egin zituen jaurtiketekin eta zigor kolpe erabakigarria eskuratu zuen azken jokaldian. 29 eta 26 irabazi zuen Avironek sailkapeneko bigarren postuan dagoen Stade Francais taldearen kontra.
Etxean lortzen duen bederatzigarren garaipena. Jokatu dituen Top 14ko partida guztietan garaile atera dira lapurtarrak Baionan. Helburua maila mantentzea zen, baina seigarren tokian kokatuta daude sailkapenean.
Camille Lopez izaten ari da taldearen ikur nagusia eta bere mailarik onena berreskuratu duela esan daiteke. 34 urte egingo ditu apirilean eta Frantziako selekzioarekin nazioarteko partidak jokatutakoa da.
Gorengo mailara itzuli nahi duena Biarritz da. Azken jardunaldian nagusitasun osoz gainditu zuen Agileran Rouen taldea (44-8). Jokalari izandako Serge Betsen kanpoko taldearen entrenatzaile bezala itzuli zen Lapurdiko kostaldera. Bost entsegu egiteagatik erasoko bonus puntua ere eskuratu zuen Biarritzek eta Pro D2 txapelketako laugarren postuan dago.
Ohorezko Mailan, aldiz, euskal taldeen emaitzak ez dira batere onak izan. Ordiziak eta Gernikak galdu egin dituzte igande eguerdian jokatutako partidak. Goierrikoak txapelketako liderra den VRAC Entrepinares talde indartsuaren aurka ezer gutxi egin ahal izan dute eta 10-35 galdu dute Altamiran. Zortzigarren postuan geratu dira sailkapenean.
Gernikak ere beste porrot bat jaso du Urbietan Santboianaren aurka (31-36). Behintzat, defentsako bonus puntua lortzeko balio izan duen entsegu batekin amaitu dute partida. Bizkaitarrak azken aurrekoak dira sailkapen nagusian.
Amaiera / Final @GernikaRT 3️⃣1️⃣@UESantboiana 3️⃣6️⃣#aupaGRT pic.twitter.com/qrF1CRjJCU
— Gernika Rugby Taldea (@GernikaRT) February 19, 2023