INFO

‘Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi’ antzezlanak irabazi du Donostia Antzerki Saria

Iraia Elias, Erika Olaizola eta Amancay Gaztañagak osatutako obra izan da Donostia Antzerki Saria irabazi duena, ‘Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi’. Sorkuntza propioa eta antzezleek beraiek prozesuan zein azken emaitzan betetako papera baloratu du epaimahaiak.

Kamikaze kolektiboko Elias, Olaizola eta Gaztañaga, Donostia Antzerki Saria eskutan. (Jon URBE | FOKU)

Ez dute kortse batean saria jaso izanaren poza ezkutatu nahi izan Iraia Elias, Erika Olaizola eta Amancay Gaztañagak, astearte goizean Donostiako Victoria Eugenia antzokian egin den agerraldian. Beraiek irabazi dute XXIII. Donostia Antzerki Saria ‘Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi’ lanarekin. Epaimahaiaren iritziz «sortze lan biribila» izan da. Martxoaren 27an, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, jasoko dute Ramon Zuriarrainen artelana sari gisa, Victoria Eugenian egingo den emanaldiaren hasieran.

Eliasek abiatu ditu eskertza hitzak eta prozesua jarri du erdigunean: «Prozesu osoa euskaraz egin izana, zerotik hastea oso polita izan da; bidea oso dibertigarria eta jolastia izan da, eta hori saritzea izugarrizko aitortza da guretzat». Gaztañagaren hitzetan «kreazioa oso kolektiboa» izan da, beraiek erabaki baitzuten zer esan, nola esan, beraiek taularatu baitira… «Bakoitzak nahi zuenean ekarpena egiteko aukera izan du eta zaintza erdigunean jarri dugun sorkuntza bat izan da». Epaimahaiak ere, prozesua bera eta hiru antzezleek egindako lana azpimarratu du.

Olaizolak aitortu du, sarritan horrelako sari banaketa edota prentsaurrekoetara «baimena eskatuz bezala» joaten direla, eta gaurko saria «merezimenduz» jaso dutela, eta beraien buruaz harro sentitzeko eguna dela uste du. Beste bi kideek bezala prozesua aipatu badu ere, Kamikaz kolektiboaren ibilbidea azpimarratu du. «Kamikaz kolektiboak ‘zer kontatu nahi dugu?’ galderari umoretik erantzuten uzten digu, eta hori da gustatzen zaiguna». Sariarekin jasotako 12.000 euroko laguntzari esker sortzen jarraitzeko laguntza izango dutela adierazi dute.

«Ideia ederra genuela bagenekien, eta beti hain prekarioa izan den bidea pixka bat duintzea nahi genuenez eskatu genituen diru laguntzak, sariak ere horretan bide bat egiten lagunduko digu», azaldu du Gaztañagak. Azpeitiako Kulturaz kooperatibari eta Dinamoa espazioari eskerrak eman dizkiote, beraien «babes eta konfiantzagatik».

Norka Chiapusso Donostia Kulturako Antzerkia eta Dantza ataleko zuzendariak irakurri du epaimahaiaren balorazioa, eta nabarmendu du «sorkuntza propioa izateari» garrantzia handia eman diotela. Taula gainean, testua idaztera eraman dituzten galderek, eztabaidek eta hausnarketek indar handia hartzen dutela adierazi du. Antzezlanaren «indarra, umorea eta irudimena» izan dira saria emateko beste hiru gako, baita elkarren arteko konplizitatea ere.

Kortseak, azukrea eta brandyak

Kamikaz Kolektiboak eta Ttak Teatroak elkarlanean taularatu dute saritutako obra. «Noraino eramaten gaitu fikzioak?» galderari tiraka abiatu zuten obra Gaztañagak kontatzen duenez. Batez ere, fikzioak zer kontatzen duen, eta emakumeek zein paper hartzen duten islatzen saiatu dira, «%92a gizonezkoen baitako fikzioa bada, zein da imaginario unibertsala? Nola eragiten digu horrek emakumeoi? Nola lotzen da errealitatearekin?». Hamaika galdera eta hausnarketa «airera botatzen» dituztela gaineratu du Eliasek.

Gozamenez betetako eta sorkuntzaren jolasean oinarritutako obra da antzezleen arabera. Eta beraientzat «libreak diren tokiak» sortzen ahalegindu direla azpimarratu dute, «umore femeninoak» leku bat izan dezan taularatutako obra bat omen da.

Datu onak antzerkiaren alorrean

Jon Insausti Donostiako Kultura eta Euskara zinegotziak 2022an euskarazko antzerkiak hirian izandako bisiten berri eman du. Kontatu du euskarazko helduentzako antzerki profesionala sustatzen jarraitu zutela 2022an, 25 antzezlan eskainita. Azken urteetako eskaintza «oparoena» izan dela azpimarratu du, eta ikusleek erantzun «ezin hobea» eman diotela: 10.839 ikusle joan ziren 52 emanalditara, bataz besteko 208 ikusle emanaldi bakoitzean.

Donostia Antzerki Saria helduentzako euskarazko antzerkia sustatzeko sortua izan zen. Urtero jasotzen du saria helduentzako antzerki konpainia profesional batek, euskaraz Donostian eskainitako antzezlanik onenari ematen zaio.