INFO

Natura eta landa guneak industrializatzearen aurka mobilizatuko dira hainbat elkarte ekologista

Datorren maiatzaren 20an Gasteizen mobilizatzera deitu dute hainbat elkarte eta mugimendu ekologistak, natura guneak eta landa ingurunea industrializatuko dituzten azpiegitura berriak eraso bortitza direla salatzeko.

Gasteizen egingo den mobilizaziora Donostiatik egin dute dei talde hauek guztiek. (Jon Urbe | Foku)

«Guztiz kezkagarria da ikustea nola inbertitzaile handiak gure lurraldera datozen berriro ere, ingurune naturala hondatzen jarraitzeko eta orain arte kontserbatu diren baliabide natural urriak lapurtzen segitzeko», adierazi dute gaur zenbait elkarte eta mugimendu ekologistek, Donostian elkarrekin egindako agerraldian.

Araba Bizirik, Arabako eta Gipuzkoako Mendiak Aske, Ekologistak Martxan, AHT Gelditu asanblada, Enkarterrin Parke Eolikorik Ez!, Karakate Bizirik, Sañu Bizirik, Gatikan Interkonexio Elektrikorik Ez!, Aramaio Bizirik eta Arratiako Makatzak elkarteek hartu dute parte agerraldian.

Aipatutako elkarte ekologistek dei egin dute datorren maiatzaren 20an Gasteizen egitekoak diren mobilizazioan parte hartzera. Trenbide proiektu eta azpiegiturek, zentral eoliko eta fotovoltaikoek eta horiek denek dakartzaten azpiegiturek eremu komunalak eta laborantza-lurrak bereganatzen dituztela salatu dute, «gure lurraldea egituratzen duten eta bizitzari eusten dioten ekosistemen desagertzea dakartelarik».

Halaber, «diru publikoa patrika pribatuetara» daramaten proiektuak direla nabarmendu dute eta ez dela «lapurreta ekonomikoa» bakarrik, pertsonen osasunari kalte egiten diotela gaineratuz. Horrela, azaldu dute ez dutela onartuko kontsumoa nabarmen murriztea eta produkzio sistema berregituratzea aurreikusten ez duen politikarik eta natura benetan babestuko duen politika eskatu dute.

«Euskal Herriko mendiak, natura guneak eta landa ingurunea ez dira kapitalak konkistatzeko guneak!», aldarrikatu dute Donostiako Nautikoren ondoan eginiko prentsaurrekoan.