Ainhoa Barbarin urretxuarra espetxera itzularazi dute, hirugarren gradua kenduta
Ainhoa Barbarin urretxuarrak espetxera itzuli behar izan du, Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegiak hirugarren gradua baliogabetu ostean, Etxeratek jakinarazi duenez.
Ainhoa Barbarin Iurrebaso urretxuarrak espetxera itzuli behar izan du, Auzitegi Nazional espainiarreko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak Fiskaltzaren helegitea aintzat hartu eta hirugarren gradua atzera bota ondoren, Etxeratek ohar batean jakinarazi duenez. Martuteneko kartzelara bueltatu da.
Ainhoa Barbarin Iurrebaso preso urretxuarra Martuteneko espetxera bueltatu da, Auzitegi Nazionaleko (AN) Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak bigarren gradura itzuli ondoren#etxera #EtxerakoBideanOztoporikEz
— Etxerat Elkartea (@EtxeratElkartea) February 22, 2023
Oharra https://t.co/U7kez34ZhW
Ainhoa Barbarin hirugarren graduan zegoen 2022ko urritik, Martuteneko kartzelako tratamendu batzordeak horrela proposatu ostean, Lakuako Gobernuko Justizia Sailaren erabakiaren ondorioz.
2021eko apirilean Picassenteko espetxetik (600 kilometrora) Euskal Herrira hurbildu zuten. 21 urte daramatza espetxean urretxuarrak eta datorren urtean zigorraren hiru laurdenak beteko ditu.
Azkenaldian hirugarren graduen kontrako helegite ugari izan dira Auzitegi Nazional espainolean, Fiskaltzak sistematikoki errekurritzen baititu. Berriki Asier Karrera etxarriarrari eta Asier Rodriguez santurtziarrari indargabetu diete hirugarren gradua, eta haiek ere kartzelara itzuli behar izan dute.