INFO

Bost urtean 1.300 Kultur eragileri eman die arreta K bulegoak

Martxan daramatzan bost urteetan 1.300 kultur eragilek erabili dute K bulegoa, Gipuzkoako Aldundiaren aholkularitza eta kontsulta zerbitzua. Pertsona, kolektibo eta entitateek, amateur zein profesional, erabili dezakete.

Ostegun honetan egin dute K bulegoaren balorazioa. (NAIZ)

Gipuzkoako Aldundiak 2017an martxan jarritako zerbitzua da K bulegoa, herrialdeko kultur eragileei informazioa, bitartekaritza eta aholkularitza emateko helburua duena. Aurten bost urte betetzen ditu zerbitzuak eta, urteurrenaren karira, prentsaurrekoa egin dute orain arteko ibilbidea baloratzeko.

Maria Jose Telleria Kultura diputatuak emandako datuen arabera, bost urteotan 1.300 eragilek erabili dute zerbitzua. Iaz, esaterako, 365 pertsona pasa ziren K bulegotik, horietatik 100 lehen aldiz. Guztira 350 kontsulta erantzun zitzaizkien eta proiektuetarako aholkularitzako 150 saio egin ziren.

«Zifra horrek erakusten du horrelako proiektuak oso erabilgarriak direla lurralde guztiko kultur eragileentzat. Aholkularitza horrek bidea errazten die Kultura Departamentuak eskaintzen dizkien laguntzak eskuratzeko. Horrez gain, K bulegoa lurralde guztira iristen da eta ahalbidetzen du bestela ziurrenik martxan jarriko ez liratekeen ekimenak martxan jartzea», azaldu du Telleriak.

Aurkezpenean, alboan izan ditu Oihane Pardo diseinatzailea eta Amarenak markaren sortzailea eta Andoni Mutiloa aktore, gidoilari eta zuzendaria. Biek erabili dute zerbitzua, lehenak Kaikua bezalako jantzi tradizionalak diseinu berritzailez merkaturatzeko (bere diseinuak, azaldu dutenez, hiru kontinentetako hamabost herrialdetara iritsi dira) eta bigarrenak ‘Esnatu naiz’ kabareta osatzeko: generoa, giza harremanak eta aniztasun sexuala bezalakoa gaiak landu ditu antzerkia eta dantzaren bidez.

K bulegoak Donostiako Santa Teresa komentuko egoitzan ematen ditu aurrez aurreko zerbitzuak eta baita telematikoki ere. Martxoan, saio irekiak antolatuko dituzte Beasainen eta Donostian, eta apirilean Azpeitian eta Irunen.

Bosgarren urteurrenari begira ekitaldia ere antolatu dute, ostiral honetan, otsailak 24, 18.30ean Donostiako Santa Teresa komentuan. Zerbitzuaren ibilbidea gogorarazi eta zuzeneko musika izango da, Eñaut Zubizarreta eta Ines DJaren eskutik.