INFO

Iruñeko kaleetako plakak euskaraz ere izatea eskatu dute elkarretaratze batekin

Iruñean kaleen izenak adierazten dituzten plakak euskaraz ere jarri behar direla aldarrikatzeko elkarretaratzea egin dute gaur, gaztelera hutsean idatzita dagoen Konstituzio plazan.

Konstituzio plaza delakoan egin duten elkarretaratzea. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Iruñeko Udalak azkenaldian kaleen izena adierazten duten plaketatik euskara alboratzen ari dela salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur Euskararen Defentsarako Sareak deituta, Konstituzio plaza delakoan.

«UPNk, aspaldi, ele bitan jarri zuen Iruñeko Paderborn parkeko plaka: espainieraz eta alemanez. Euskararik ez, jakina. Iruñeko mugimendu euskaltzaleak lortu zuen plaka hura euskaraz ere errotulatzea», gogoratu du talde honek.

«Azaroaren 25aren pasealekua, Iruñeko Orfeoiaren parkea, Iruñera sartzeko kartelak eta beste hainbat gaztelania hutsean errotulatu zituen UPNk, eta Iruñeko mugimendu euskaltzaleak lortu zuen euskaraz ere jartzea. Zorionez, beste kasu batzuetan ez bezala, halakoetan Nafarroako Administrazio Auzitegiak euskararen aldeko ebazpenak eman ditu gehienetan, hots, euskaraz ere errotulatzearen alde, Iruñeko Euskararen ordenantza aplikatuta», gaineratu du.

«Duela urte bat Iruñeko Udalak Konstituzioaren izena jarri zion plaza bati (konstituzio horrek espainiera hizkuntza nagusi bihurtzen du, eta euskara, menpeko). Nola ez, espainiera hutsean idatzi zuen. Nafarroako Administrazio Auzitegiak ele bitan jarri behar zela ebatzi zuen, baina gero, epaile batek, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, erabaki zuen Iruñeko Udala ez zegoela behartua euskaraz ere jartzera. Epaitegiaren asmoa argia da: Ez da nahikoa euskara zerbitzu publikoetatik desagerraraztea, hizkuntza paisaiatik ere desagertu behar da», salatu dute, justizia «euskarafobikoa» dela gaineratuz.