INFO

Herriko bozen bigarren itzulia, zinez irekia igande honetan Senperen

Herriko Bozen bigarren itzulia iraganen da hilaren 26an Senperen. Joan zen igandean abantaila txikia eskuratu zuen Bernard Elhorgak. Aurrez aurre izanen ditu, alde batetik, berak baino 35 boto gutxiago eskuratu zituen Christophe Jaureguy, eta hirugarren heldu zen jarduneko auzapez Dominique Idiart.

Bozen kontaketa, lehen itzuliaren ostean, Gaitxiki gelan. (Patxi BELTZAIZ)

Otsailak 19an iragan zen herri hauteskundeen lehenengo itzulia Senperen, baina lehiara aurkeztu ziren hiru hautagaietatik nehork ez zuenez erabateko gehiengoa eskuratu, etzi, otsailak 26an, iraganen den bigarren itzuliaren ondotik jakinen da zein izanen den auzapez berria.

Hiru zerrenda lehiatuko dira igandean Lapurdiko herrian: Bernard Elhorga buru duen Egin Senpererentzat zerrenda, abertzale barne diren Christophe Jaureguyk gidaturiko Hats Berri zerrenda, eta Dominique Idiart jarduneko auzapeza osatu berri duen Elgarrekin Senpererentzat hautagaitza.

Eskuinaren eremutik heldu den hautagai berria, Bernard Elhorga izan zen bozkatuena joan zen igandean. 1.115 boto jaso zituen.

1.080 boto lortuta, Christophe Jaureguy bigarren heldu zen. 35 boto aldea baizik ez zen zenbatu bi hautagairen artean. 2020an auzapez bilakatu zen Idiart 891 botoekin hirugarren izan zen.

Badira bi urte Egin Senpererentzat zerrendak bozen %42,01 bildu zuen; Idiarten zerrendak %41,27 eta Senpere Baik (abertzaleak) %16,7.

Otsailaren 16ko bozen emaitzak begiratuta, eskuinaren eremutik heldutako Egin Senpererentzat botoen %36,13 eskuratu du; Hats Berrik (abertzaleak barne) %35,00  eta Idiartek %28,87.

Krisia udal gobernuan

Joan zen udazkenean Senpereko herri kontseiluan azaleratu zen krisia atzera egiteko ezinezko egoeran sartu zen abenduaren hasieran. Agir pour Saint-Pee oposizio taldeko zazpi zinegotzik dimisioa aurkeztu ondoren, 2023ko martxora bitartean udal bozak berriro egiteko atzerako kontua martxan jarri zen.

Dimisioen katea lehenago hasi zen, ordea. Zehazki iragan urriaren 8an udal gehiengoaren partaide ziren Senpere Bai talde abertzaleko bost hautetsik aliantza bertan behera uztea deliberatu zuten. Ordurako, udal gobernuan jarduten zuten bertze bost kontseilarik tantaka beren ardurak utzita zituzten Dominique Idiart auzapezaren lan moldeekin ados ez zirelako.

Gauzak horrela, iazko urte amaieran Pirinio Atlantikoen Prefeturak heldu den otsailean Senperen «boza partzial integralak» egiteko deialdi ofiziala urtarrilaren hasieran egingo zuela jakitera eman zuen.