INFO

Azalpen garamendiarrak

Txinako diplomaziako buruak galdetu zuen zergatik Txinak Errusia armaz hornitzea marra gorria den eta ez Europar Batasunak Ukraina hornitzea. «Diferentzia handia dago», esan zuen Borrellek


Iberdrolak aparteko irabazien gaineko zergaren aurkako helegitea aurkeztu duela jakinarazi zuen bere mozkinen berri eman zuen egunean. Beharbada Antonio Garamendi izan du aholkulari. Espainiako patronalaren presidentea, soldata gizenaren jabe eta gutxieneko soldata mehea igotzearen aurkako jarrera duena, erasota sentitu da aspaldion, «bortxaketa baten ondoren neskak gona motza zeramala esaten dutenean bezala». Ez dakit azalpen garamendiar horrek Iberdrolari balio dion; bestela, badu beste bat, aproposagoa: konpainia elektrikoei zergak igotzea nazien holokaustoaren pareko bidegabekeria da.

Nire lantokian gizon bat dago. Hemen zegoen lan honetan hasi nintzenean, duela 16 bat urte. Ez dut inoiz berarekin hitz egin. Normalean ez dit trabarik egiten, baina gaur nire ordenagailuaren aurrean topatu dut; aulkia bere neurrira egokitu eta kuxkuxean hasi da. Zutabe honen zirriborroa mahaigainean ikusi duenean, zabaldu egin du. Zuzenketa batzuk egin dizkio; are gehiago, gaia aldatu dit. Nik ez diot ezer esan; pentsatu dut lehenengo neure burua aurkeztu beharko nukeela, azalpenak eman…

Gizon horrek hemen idatzi duenez, AEBetako Estatu idazkari Antony Blinkenek Txinari kontuz ibiltzeko esan dio asteon, Errusiari armak bidaltzea burutik kentzeko, eta Europar Batasuneko diplomaziaburu Josep Borrellek, Errusia armaz hornitzea marra gorri bat zeharkatzea litzatekeela. Wang Yik, Txinako diplomaziako buruak, zergatik Txinak Errusia hornitzea eta ez Europar Batasunak Ukraina hornitzea galdetu zion. «Diferentzia handia dago», esan zuen Borrellek, eta lantokiko gizonak dio alde handi hori azaldu ziola Wangi. Hala irakurri dut zenbait hedabidetan ere, baina ez dut azalpenik topatu.

Horrek, edonola ere, zutabe honen jatorrizko gaia berreskuratzeko aukera eman dit. Izan ere, Borrellen azalpenak garamendiarra behar du izan.

Zerbait esan beharko diot nire atzean doministiku egin duen gizon honi, baina lehenago lankideei galdetuko diet ba al dakiten nor den, zertarako dagoen... azalpen bat, azalpen garamendiarra bederen.