INFO
Elkarrizketa
Aitor Bengoetxea Alkorta
UEUko zuzendari berria

«Euskal Herriak behar du ikuspegi nazionala duen eta euskara ardatz duen unibertsitatea»

Donostian 1967an jaioa, Aitor Bengoetxea Alkorta irakaslea da EHUn, Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbideko arloan, 1991tik. Zuzenbidean doktorea da. Kepa Sarasolaren lekukoa hartu du UEU zuzentzeko erakundearen 50. urteurrenaren ondotik.

Aitor Bengoetxea Alkortak lekukoa hartu dio Kepa Sarasolari UEUko zuzendari gisa. (UEU)

Aitor Bengoetxea Alkorta da UEUko zuzendari berria. Irakaslea da EHUn, Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbidean. Zuzenbidean doktorea ere bada. Euskadiko Kontseilu Ekonomiko eta Sozialeko aditua izana da, baita Gezki (Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutua) institutuko eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko kidea ere. Enpleguaren zuzenbidea, enplegu kooperatiboa eta gizarte ekonomiaren zuzenbidea izan ditu ikerketa lerro nagusi.

UEUko zuzendaritzako kidea zen eta orain, Kepa Sarasolari erreleboa hartuta, zuzendari izateko erronkari heldu dio Udako Ikastaroen 50. urteurrenaren ondotik.

Zer nolako UEU topatu duzu?

Azken urte honetan UEUko zuzendaritzan ikusi dudanaren arabera, bizirik eta gogotsu.

Aurretik ere ardurak hartutakoa zara UEUn, baina nola hartu duzu zuzendariaren izendapena?

Ohorea da niretzat, UEU erakunde ilusionagarria eta komunitarioa delako.

Zein ekarpen egingo diozula uste duzu erakundeari?

Gogotsu eta ilusioarekin lan egitera nator eta ekarpena baliagarria izateko, belarriprest eta ahobizi izango naiz.

UEU zergatik da beharrezkoa?

Euskal Herriak, bere existentzia bera auzian egonda, behar duelako ikuspegi nazionala duen eta bere jardunean euskarak zentralitatea duen unibertsitatea.

Zuretzat zer da UEU?

Euskal Unibertsitatearen aldeko komunitateak bizirik mantentzen duen proiektua.

50 urte eta gero, zeintzuk dira zure ustez une honetan UEUk dituen erronkak?

Euskal komunitate zientifikoa saretu eta trinkotzea, komunitate horretako kide edo pertenentzia sentsazioa indartuz, aniztasunetik abiatuta. Bide horren ortzimugan, Euskal Unibertsitatea dago. XXI. mendean egonik, online Euskal Unibertsitate proiektua garatu eta gauzatzea da beste erronka garrantzitsuenetako bat.