Juan Karlos Subijanari ere hirugarren gradua kendu diote eta espetxera itzularazi
Juan Karlos Subijana gasteiztarrak espetxera itzuli behar izan du, Auzitegi Nazional espainolak hirugarren gradua baliogabetu ondoren, eta dagoeneko hamahiru dira gradu erregresioa pairatu dutenak. Ia 19 urte daramatza preso.
Etxeratek berri eman duenez, Juan Karlos Subijana Izquierdo ‘Txanpi’ gasteiztarrak Basauriko kartzelara bueltatu behar izan du, Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegiak hirugarren gradua indargabetu eta bigarrenera itzuli ostean.
Juan Carlos Subijana preso gasteiztarra Basauriko espetxera bueltatu behar izan da, AN-k bigarren gradura itzuli ondoren
— Etxerat Elkartea (@EtxeratElkartea) February 28, 2023
Bada garaia, behingoz, euskal presoei legedi arrunta aplikatzeko eta etorkizuneko elkarbizitza eraikitzen joateko
Oharra https://t.co/uUR1G6XcmL
Etxeratek bere «ezinegona» adierazi nahi du, «Subijanaren eskubideak urratuak izan direlako». Ia 19 urte daramatza preso arabarrak.
Manifestazioa ostegunean
«Bada garaia, behingoz, euskal preso politikoei legedi arrunta aplikatzeko eta etorkizuneko elkarbizitza eraikitzen joateko», erantsi eta antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du. Sarek manifestazioa deitu du ostegun honetarako Gasteizen, 19.00etan Bilbo plazatik abiatuta, espetxeratzea salatzeko.
Hamahirugarrena
Juan Karlos Subijanarekin hamahiru dira dagoeneko Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzaren ekimenez hirugarren gradua baliogabetuta kartzelara bueltatu behar izan duten presoak, Sareren arabera. Joan zen ostiralean bertan Ainhoa Barbarin urretxuarra Martutenen sartu zen, eta otsailaren 10ean Asier Karrera etxarriarra. Duela hilabete, berriz, Asier Rodriguez santurtziarrak Basaurira itzuli behar izan zuen arrazoi berberagatik.
Horiek baino lehen, 2021ean Unai Fanori kendu zioten 3. gradua, eta iaz, berriz, Jon Crespo, Iñigo Gutierrez, Gorka Martinez, Iñaki Bilbao, Xabier Atristain, Mikel San Argimiro, Aitor Esnaola eta Joseba Arregiri.
Lakuako Gobernuak eman dituen 32 hirugarren graduetatik 24 errekurritu ditu Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak.