INFO

Hobi komunetan lurperatutakoen omenezko gunea sortuko du Durangoko Udalak

1937ko bonbardaketaren ondorioz hil ziren pertsonak hilerrian hobi komun batean lurperatu zituzten, dokumentuen arabera. Identifikatu gabeko pertsonen omenezko memoria-gune bat egitea erabaki du Durangoko Udalak. Jesus Jauregi artistak garatuko du proiektua.

Jesus Jauregik Durangoko memoria-gunerako pentsatu duen lana. (Durangoko Udala.)

Durangoko Udalak oroimenerako espazio bat sortuko du hilerrian, 1937ko bonbardaketan erail eta hobi komunetan sartu zituzten gizon eta emakumeen omenez. Oroimen gune hori Jesus Jauregi artista bizkaitarrak landuko du, eta martxoaren 30ean ekitaldi batean aurkeztuko da.

«Gure herriaren aurkako bonbardaketa latz horren ondorioz izen eta abizenik gabe lurperatutakoen eta isilarazitakoen omenezko gune bat sortuko dugu, 85 urteren buruan ehortzitakoen senideek oroimenerako gune bat izan dezaten», adierazi dute asteazken honetan Ima Garrastatxu alkateak eta Julian Rios alkateordeak.

Izan ere, 1937ko bonbardaketak ehunka hildako eta zauritu utzi zituen, eta horietako batzuk herriko hilerrira eraman eta hobi komunetan lurperatu zituzten, bertan ahazturik laga nahiean.

Dokumentu ezberdinen arabera, 84 gorpu lurperatu zituzten. Gorpuzkinak bertan egon zirela grafikoki jasota dagoen arren, iaz Aranzadi Zientzia Elkarteak prospekzio bat egin zuen hilerrian, baina ez zen gorpuzkirik atzeman.

Hala ere, Gerediaga eta ‘Durango 1936’ elkarteek zein herriko ikerlari ezberdinek behinola lurperatutako pertsona horiek identifikatzeko ikerketaren lehen fasea abiatu zuten 2021ean. Helburu bikoitzarekin egin zen ikerketa: lurperatu zituzten pertsonak identifikatzea, eta, ostean, haien senideak aurkitzea. Durangoko Udalarekin elkarlanean, 2021eko abenduan senideekin topaketa bat antolatu zen Durangon.

Ikerketa irekita dagoen arren, orain arte 52 pertsona identifikatu dira, baina gainontzeko kasuetan ez da posible izan, momentuz. Kasu askotan, oso erreferentzia soilak izan dira abiapuntu: «Ezin da identifikatu», «Otxandianoko miliziano bat» edo «XX zk.ko identifikazio-plaka»; beste kasu batzuetan, berriz, biktimaren sexua edo gutxi gorabeherako adina aipatzen da.

Identifikatutako pertsonen izenetatik eta bestelako informazioetatik, hurrengo pausua euren ondorengoak bilatzen hastea izan zen. Udaletik adierazi dutenez, lan hori ez da erraza izan, kontuan hartuta identifikatutako 52 pertsonetatik 26 ez zirela Durangaldekoak. Ikerketaren aurkezpenean ikertzaileek aipatu zutenez, «familia horietako batzuek ez zuten Durangoko hilerriko datua ezagutzen, beti pentsatu izan dutelako gorpuzkiak Aramaion edo Otxandion geratu zirela, esaterako».

«Ikerketa hau garatu eta oroimenerako gune hau landu arte, familiek ez dute espaziorik izan euren senideak gogoan izateko edo omentzeko. 1937ko bonbardaketa hartan erail eta lurperatu zituzten arren, pertsona horiek durangarron zein senideen oroimenean egon dira ordutik. Garaiko argazkien bitartez badakigu gorpuzkiak hilerrian egon zirela, beraz memoriarako espazio berria atonduko dugu bertan, eta senideekin geneukan zor bat kitatuko dugu. Senideek euren arbasoak omentzeko espazio bat izango dute 85 urteren ostean», gaineratu dute Garrastatxuk eta Riosek.