INFO

Produktuak bere balioekin bat datozela bermatuko duen identifikatzailea aurkeztu du Errigorak

Errigora Balioak identifikatzailea aurkeztu du Errigorak, eskaintzen dituen produktuek lau balio dituztela bermatuko duten ziurtagiria: bertakotasuna, euskara, auzolana eta nekazariekiko harremana.

Errigora Balioak identifikatzailearen aurkezpena Iruñean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Euskara, elikadura-burujabetza eta auzolana bultzatzeko sortu zen Errigora ekimena Nafarroan, eta bide horretan pausu bat gehiago eman du asteazken honetan: Errigora Balioak zigilua aurkeztu du Iruñean, eskaintzen dituen produktuek proiektuaren balioak betetzen dituztela bermatuko duen ziurtagiria.

Identifikatzaile hau izango dute, beraz, Errigoraren balioak betetzen dituzten produktuak. Lau ardatzetan bereizten ditu ekimenak balio horiek: bertakotasuna, euskara, auzolana eta nekazariekiko harremana.

Hala, ziurtatuko da saltzen den produktuaren osagai nagusiak Nafarroako Ager zonaldean ekoiztuak direla, produktuaren ekoiztetxean euskara normalizatzeko plana garatzen ari direla, ekoizlea Errigorak antolatzen dituen auzolanetako partaide dela eta nekazariekiko harremana bidezkoa dela.

Errigorako kideek aurkezpenean azaldu dutenez, produktu batek Errigora Balioak betetzen ote dituen ziurtatzeko, salgai bakoitzaren Autoebaluazio Adierazpen Arduratsua –43 galderaz osatutako ebaluazioa– beteko du ekoizle bakoitzak urtero. Jarraian, Ebaluazio Mahaiak horien irakurketa egin eta balioak betetzen direla ziurtatuko du eta, hala bada, identifikatzailea etiketaratuko da.

Etiketetan euskara agertzea, lehengaia bertakoa izatea eta ekoiztetxeak txikiak edo familiarrak izatea dira Errigoraren taldea osatzen duten ekoizleen ezaugarriak. 2013an apenas bost ziren taldera batu ziren ekoizleak. Hamarkada baten ostean, 23 izatera iritsi dira.